Irudimena askatzeko atea, zabalik

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Gazteenei begira jarri da Bizkaiko Foru Liburutegia aurtengo egitarau kulturala osatzerakoan. Haur eta gazteak kulturara hurbildu nahi ditu, eta haientzako erakusketa eta tailerrak antolatu ditu horretarako. Hain zuzen, gazteek osatutako erakusketa batekin hasiko du egitarau kulturala, asteartean. Guztira, 37 ekintza jaso ditu 2016rako egitarauan: erakusketak, solasaldiak, topaketak eta ikastaroak egingo dituzte hilero.

Udara begira, umeak eta gazteak ez eze, familia osoak hartu dituzte gogoan, eta haientzako jarduerak antolatu dituzte. Irakurketa izango dute oinarri topaketok.

Foru liburutegia barrutik ezagutzeko aukera ere balia daiteke aurten. Urrian zabalduko dute eraikinaren barreneko txokoak bertatik bertara ezagutzeko aukera hori.

Berritasunak dakartza aurtengo egitarauak. Etxeko gazteenak kulturara gerturatzeko helburu horretan, irakurzaletasuna ere jarri dute jomugan. Hala, liburuen nazioarteko egunean foru liburutegiak antolatzen duen bookcrossing-ean haurrentzako liburuak ere banatuko dituzte. Liburuak eskuz esku zabalduta, kultura txoko guztietara hedatzeko baliabideak jarri nahi dituzte martxan datozen hiletan.

Jardueretan parte hartu gura duenak izena eman behar du aurretik. Horretarako, bi bide dauzka: foru liburutegian bertan, edo webgunean. Informazioa eskatu edo zalantzak argitzeko ere bi bide zabaldu dituzte: 94-308 24 87 telefono zenbakia eta kulturjarduerak@bizkaia.eus webgunea jarri dituzte erabiltzaileen esku.

ERAKUSKETAK

Erakusketa batek emango dio hasiera foru liburutegiaren urteko programazioari. Marta Perez Elosuak zuzendu duen Oihal artean lana aukeratu dute horretarako. Euskal Herriko gazte sortzaileen hogei irudik osatzen dute proiektua, eta jantzien diseinua eta Euskal Herriko paisaiak elkartzen dira argazkietan. Hain zuzen, helburu bikoitza du: diseinuen edertasuna ezagutaraztea batetik, eta diseinu horiek sortzen ikusi dituzten bertako lekuak erakustea bestetik. Areto nagusiko bigarren solairuan jarriko dute erakusketa. Asteartean hasiko da, eta apirila bitarte izango da ikusgai.

Baina urte osoan bestelako lanak izango ditu aretoak. Ekainetik abuztura, 1936ko gerrako argazkiak jasotzen dituen Euskadiko Gerra Zibileko berregite historikoa izango da ikusgai. 36ko gerran euskaldunek izan zuten parte hartzea jaso du Jesus Valbuenak. Gernika, Gueñes, Laudio, Maroño (Araba) eta Areces (Asturias) herrietan egindako argazkien bitartez islatuko ditu orduan bizitakoak. 2011 eta 2014 artean ateratako irudiak diren arren, beste sasoi bateko sentsazioak gogora ekartzeko baliagarri bihurtu ditu egileak. Jesus Valbuenak lan horretarako erabilitako jantziekin eta materialekin egindako ekarpen kulturala nabarmendu du foru liburutegiak.

Urtea bukatzeko, euskal mitologiaren inguruko erakusketa izango da azaro eta abenduan. Haur eta gazteentzat bereziki antolatutako lana izango da.

HITZALDIAK

Erakusketen gaiekin lotutako hitzaldiak ere egingo dituzte martxotik aurrera. Zazpi solasaldi antolatu dituzte guztira, eta horietako bost izango dira euskaraz. Moda eta argazkigintzan sormena nola landu, Francisco de Iturribarriaren ipuinak nola aztertu, ilustrazio digitalaren erronka berriak, 36ko gerrak Euskal Herrian zer eragin izan zuen, txiste bat nola egin, genero bortizkeria, eta Lea Artibaiko ipuinak. Horiexek dira hitzaldietan landuko dituztenak.

Aurten 80 urte beteko dira armada Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zela. Eta aldundiak tokia egin dio gertakariari, jardunaldiak antolatu baititu uztailerako. Valbuenaren erakusketaren aldi berean, 1936ko gerrak Euskal Herrian izan zituen gorabeherei buruzko eta Bilbo defendatzeko eraikitako burdin hesiari buruzko hiru solasaldi egingo dituzte Sancho de Beurko elkarteko kideek. Gaztelaniaz izango dira hirurak, uztailean.

TOPAKETAK

Bederatzi topaketa literario ere egingo dituzte aurten, eta horietako bost izango dira euskaraz. Lourdes Oñederra idazlearekin hasiko da topaketen bira, apirilean. Herritarrekin beraien lanaz arituko da foru liburutegian. Ibilbide luzea eta oparoa du Gasteizen bizi den donostiar horrek. Oñederrari testigua hartuko diote Mikel Peruarena, Alaine Agirre, Katixa Agirre eta Ramon Saizarbitoria idazleek. Profil, adin eta ibilbide ezberdineko sortzaileekin bertatik bertara eztabaidatu eta hausnartzeko tartea izango dute, horrela, herritarrek.

Gaztelaniaz egingo dute saioa Martin Olmos, Nere Basabe, Juan Carlos Marquez eta Marisol Ortiz de Zarate idazleek.

IKASTAROAK

Zazpi ikastaro jasoko ditu liburutegiak 2016an, eta horietatik hiru izango dira euskaraz. Ikastaroek hogei lagunentzako lekua izango dute. Bi datorren hilabetean hasiko dira. Belen Lucasek ilustrazioari buruzko solasaldiak egingo ditu. Autoedizioaren proiektu sinpleak landuko ditu, aurrez eremu horretan ezagutzarik ez dutenentzat. Ilustrazioa sortzeko prozesua istorioak kontatzeko baliabide gisa irakatsiko du.

Euskal Herriko komikigintzan emakumeek izandako rola aztertuko du Josune Muñoz ikerlariak, martxoaren 29tik maiatzaren 10a bitarte, asteartero. Ikuspegi bikoitzetik aztertuko du komikigintzan emakumeek duten rol hori: pertsonaia gisa eta egile gisa. Gaur egungo egoera ulertzeko, emakumeek arlo horretan iraganean izan duten egitekoa ere aztertuko du adituak.

Sormen prozesua bultzatzeko tailerra, ilustrazio mundurako sarrera, autobiografia femeninoa, jendaurrean nola hitz egin eta musika terapia dira tailerretan landuko dituzten gainontzeko gaiak.

JARDUNALDIAK

Hiru dira aurtengo kultur egitarauan jaso dituzten jardunaldiak. Apirilean, haur eta gazte literaturan balio ez-sexistak lantzeko saio bi egingo dituzte. Azaroan, letren eta futbolaren arteko harremanaren inguruan ariko dira. Topaketak, mahai inguruak eta hitzaldiak baliatuta aztertuko dute harreman hori. Eta hilabete berean egingo dira Liburutekia jardunaldiak, seigarren aldiz. Literatura eta joera berrien inguruan hausnartuko dute saio horietan. Profesionalentzat zein bestelako parte hartzaileentzat dago zabalik: denentzat.

BIZKAIDATZ

Aurten ere Bizkaidatz eta Bizkaidatz Txikia sariak banatuko ditu aldundiak. Sorkuntza literarioa sustatzea dute helburu antolatzaileek. Bukatuta dago lanak bidaltzeko epea. Apirilaren 23an banatuko dituzte VIII. Bizkaidatz lehiaketaren sariak, Liburuaren Nazioarteko Eguna horretarako baliatuta.

Bestalde, azaroan III. Bizkaidatz Txikiaren lehiaketari emango diote hasiera. 8 eta 16 urte arteko eskola ikasleek parte har dezakete. Euskaraz parte hartzen dutenek Xabier Olasok proposatutako kontakizunari eman beharko diote jarraipena. Gaztelerazko hautua egiten dutenentzako istorioaren hasiera, berriz, Laida Martinezek idatziko du.

IRAKURLE KLUBAK

Irakurketei buruzko iritziak emateko, euskarazko eta gaztelaniazko irakurle klubak antolatu dituzte foru liburutegian. Txanda bi antolatuko dituzte aurten; martxotik ekainera egingo dute lehen taldea, eta irailetik abendura bigarrena. Txanda bakoitzean hogei laguneko bi talde osatuko dituzte.

Martxoaren 2an egingo dute irakurle taldeko lehen txandakoek lehen saioa. Asteazken edo ostegunetan izango dira euskarazko taldeak, 18:00etatik 20:00ak arte, eta Txani Rodriguez izango dute koordinatzaile. Bigarren txandakoak irailaren 1ean hasi eta abenduaren 29a bitarte elkartuko dira. Julen Gabiria idazlea izango dute koordinatzaile azken horiek.

UDAKO LIBURUTEGIA

Haurrentzako ekintzen artean dago udako liburutegia ere. Ekainaren 27tik uztailaren 29ra, haur eta familientzako espazioa egokituko du astelehenetik ostiralera, Abierto kaleko karpan. Jolaserako espazioa da jarriko dutena, baina irakurketa oinarri duten ekintzak egingo dituzte, euskaraz zein gaztelaniaz.

Irudimena lantzeko haurtzaroan erein daitekeen zaletasun horrek fruitu emankorrak emango dizkie haurroi helduaroan, sustatzaileen esanetan.