Kontraesan Valentin

Nerea Ibarzabal

Mirenek ikasi du San Valentin gorrotatzen. Izugarrizko nekea eragiten dio asteburu honetan La Perla nola beteko den imajinatze hutsak, eta furgonetan asteburu pasa joango diren bikoteek, eta jatetxeetako eskaintza erromantikoek. Ikasi du harreman monogamo, menpeko eta, batez ere, heterosexualak goraipatzen dituen maitasun eredua ez dela osasungarria. Dagoeneko ez ditu jasaten Women’secret-eko eskaparate gorriak, bikote arrarentzako ezin sexiago egon behar duela agintzen dioten sujetadore estuak, inozentzia eta hauskortasuna iradokitzen dituzten pijama laburrak. Ikasi du munduko hiri ezagunenetako zubietan bikoteek lotzen dituzten giltzarrapoak ezin direla izan maitasunaren sinbolo, hain itxi eta zurrun, hain betirako. Peluxezko hartzak, koloniak, bihotz erdidun lepokoak… opari denak inozoak bezain arriskutsuak iruditzen zaizkio, emakume eta gizonen rolik estereotipatuenak indartzen dituztelako.

Mirenek deseraiki ditu umetan hogeina aldiz ikusi eta buruz ikasi zituen Disneyko pelikula guztiak, aztertu ditu printzeen eta printzesen jarrerak, nork aldatzen zuen bere gorputza, etxea, bizitza noren ondoan egotearren, irakurri ditu iritzi zutabeak, idatzi ditu iritzi zutabeak, parte hartu du maitasun erromantikoaren inguruko tailerretan.

Mirenek kritikatu ditu kuadrillakoen harreman toxikoak, eta penaz eta nagusitasun puntu batekin ere begiratu izan die ingurukoei, jarrera ez-osasungarri horiek identifikatzeko gai izan ez direnetan. Egun osoa lanean pasatzen duten eta etxera iristean ere lanean jarraitzen duten bere gurasoei ere saiatu da klase langileari eta feminismoari buruzko lezioak ematen. Mirenek argi dauka berak noizbait haurrak izanez gero hasieratik transmitituko dizkiela berak hain berandu jaso dituen ideia hauek.

Mirenek ere hitz egin du, arduratuta, bat-batean pisu asko galdu duten inguruko neskez, berak ere ez jatearen jolas makabroan maiz parte hartu duen arren. Salatu du arropa marka ezagunek eta beraien neurriek sustatzen duten edertasun eredua, baina egin izan du negar Zarako aldageletan bere gorputzari begira. Atzeratu ditu lagunekin kafeak eta elkarrizketak, bere bikote harreman monogamoari are denbora gehiago eskaintzeko. Ezetza ezetza dela badaki Mirenek, baina zenbat aldiz esan duen “bai”, benetan “ez” esan nahi zuenean. Nola kritikatu dituen gainerakoen jelosiak eta nola erre dizkion barrenak bere bikotea besteren batengandik gertuegi sumatzeak. Mirenek ez du San Valentin ospatuko, eta pentsatuko du berriro egin diela ihes maitasun erromantiko eta patriarkalaren atzaparrei, berriro libratu dela mundua den bihotz formako bonboi kaxa erraldoi honetatik. Baina Disneyk oso ondo egin zuen bere lana.