“Jendeak jakin behar du euskaldunek ere pairatu zituztela nazien gaiztakeriak”

“Jendeak jakin behar du euskaldunek ere pairatu zituztela nazien gaiztakeriak”

N. S. O.

Amak urteetan gau mahaiko tiradera batean gordeta izan zuen gutun batek piztu zion Anton Gandariasi (Gernika-Lumo) osaba Angel Lekuonari gertatutakoa ikertzeko grina. Urruñako (Lapurdi) Gregorio Urangak idatzitakoa zen. Busturiarra “1945eko apirilaren 10ean naziek Flossenburgeko kontzentrazio esparruan (Alemania) fusilatu zutela” zioen karta hark. Handik hamar egun pasatxora askatu zuten aliatuen tropek kontzentrazio esparrua. Lekuonarentzat, beranduegi.

Busturiko Aprese baserriko 11 neba-arrebetan nagusia zen Angel Lekuona. 1915ean jaioa, oso gazte abiatu zen itsasora, beharrean. 14 urte zituen. Itsasotik bueltan, soldaduska egin zuen Ferrolen (Galizia). Han zegoela hasi zen gerra, eta frontera joan zen, borrokara.

Busturitik alde egin behar

Gernikako bonbardaketaren ostean, Busturia bere jaioterrian izandako fusilatzeek agerian utzi zioten egoera latza zela. Beraz, alde egin zuen. Amak kontatuta dakizki Gandariasek horiek.

Bartzelonara joan zen Eusko Jaurlaritzak egoitza Bilbotik hara aldatu zuenean. Hiria erori artean han izan zen. “1939an, Bartzelonatik Frantziara pasatu zen. Errefuxiatuen esparru batean egon zen; Argeles-Sur-Merren”. Gursetik igaro zen, eta, ostean, Frantziara abiatu zen. “Basoan ibili zen beharrean, denbora batez. Halako batean, ez dakit non, Gestapok [Alemania naziaren polizia sekretu ofizialak] preso hartu zuen”. 1942 ingurua zen.

Bordeleko kartzela batean izan eta gero, Parisera bidali zuten Lekuona, eta “Paris iparraldean zegoen kontzentrazio esparru batean izan zen”. 1944ko urtarrilean Buchenwaldera (Alemania) bidali zuten, eta, handik, Flossenburgera.

Harekin izan ziren preso asko ihes egiten hasiak ziren. “Baina gure osaba gaixorik zegoen, eta atzetik zihoan”. Naziak kontzentrazio esparru guztiak husten ari ziren. Jakin bazekiten aliatuak laster iritsiko zirela, “eta ez zuten gura ikusterik zer egin zuten eremu haietan. Auschwitzera sartu ziren lehenengo aliatuak, eta zur eta lur geratu ziren han aurkitutakoarekin”.

Ikerketa lan handia egin du Gandariasek. Bateko eta besteko artxibategiak kontsultatu ditu, eta ahal izan duen guztiarekin elkarrizketatu da. Bere kabuz egin du lan hori guztia, helburu argiarekin: “Jendeak jakin dezan euskal herritarrek ere sufritu zituztela Bigarren Mundu Gerra eta nazien gaiztakeriak”.

Hego Euskal Herriko jendeaz ari da Gandarias, jakina baita Iparraldean nazismoak eta okupazioak izandako eragina: Auschwitzeko eta Buchenwaldeko kontzentrazio eremuetara, esaterako, 1.500 herritar baino gehiago eraman zituzten Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoatik. Hego Euskal Herrikoak ere, ordea, ugari izan ziren, ehundik gora: “Kontzentrazio esparruetan preso egondako 182 zenbatu ditut nik. Jendeak ez daki hori guzti hori”. Gertatutakoa ikertzera animatu du norbanako zein talde oro.

Aita ere preso izan zuen Gandarisek, diziplina batailoietan, Erronkarin (Nafarroa). Eurenean ere, Busturiko beste hainbat familiatan bezala, sufrimendua errepikatu da. Angel Lekuonak gorriak eta bi ikusi zituela jakin badaki. Haren gorpua berreskuratzerik ez dute izan, Pragako krematorioan erre baitzuten. Baina gertatutakoa jakiteari beharrezko deritzo; beste horrenbeste, mundura zabaltzeari.