Herrikako lanak

Azken urteetan Bizkaiko hainbat herritan egin dute hiri debekatuaren mapa. Herriko eragile, norbanako eta erakundeek prozesu parte hartzaileetan adostu dituzte gehienak.

Barakaldo

Argiteria. Plana osatu berri dute Barakaldon. Eta, horri jarraipena emateko, Barakaldoko Puntu Beltzen Mahaia osatu dute udal ordezkariek, sei auzo elkartek eta hamalau emakumek. Datozen hilabeteetan esku hartzeak egingo dituzte herriko hainbat eremutan: Etxatxun, Retuerton, San Bizenten, BEC inguruetan, Gorostitza-Errekatxon, Pormetxean, Desertu plazan eta Kareagako tuneletan, besteak beste. Argiteria eta lur azpiko pasabideak hobetzea izango dira lehentasunak.

Igorre

Proposamen zehatzak. Hiru urte dira Igorrek herriko eremu arriskutsuen mapa osatu zuela. Hiria Kolektiboaren laguntzagaz genero ikuspegia eta espazioen segurtasunaren inguruko analisia egin, eta datozen urteetarako herria hobetzeko proposamenak jasotzen ditu egitasmoak. Mugikortasuna eta ekipamendu kolektiboak sortzeari begirako lanak aipatzen dira, besteak beste. Azken urteetan neurriak hartu ditu udalak, lan hori aintzat hartuta.

Ondarroa

Eguneroko bizitza. Udalak eta Hiria Kolektiboak osatu zuten Ondarroako hiri debekatuaren mapa, 2004. urtean. Talde feministetako andreek, heziketa zentroan dauden adinduek eta herriko gazteek osatu zuten plana. Emakumeen eguneroko beharrei erantzuten ez dieten lekuak identifikatu eta neurriak jarri zituzten horiek hobetzeko.

Uribe Kosta

Egitasmo dinamikoa. Uribe Kostako mankomunitateak eskualdeko zazpi herritarako egitasmoa garatu zuen: Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urdulizko errealitatea jaso zuten Hiri Kolektiboko kideen laguntzarekin. Herri bakoitzean hirigintza diagnostikoa egin zuten genero ikuspegitik, eta diagnostiko hori zabaldu egin zuten gero. Hiri debekatuaren mapa Interneten jarri dute, eta sor daitezkeen toki arriskutsuak markatzeko aukera ematen die herritarrei.