“Galzorian dago egiten duguna”

“Galzorian dago egiten duguna”

Pello A. Zuazo

Bego Isusi (Sodupe, 1979) buru-belarri arituko da asteburuan Gustokon. Azaldu duenez, asko saltzea espero du: “Baserriko lana gogorra da, eta saldu egin behar dugu bizimodua ateratzeko”.

Zer ekoizten duzue?

Familia enpresa bat gara, Isusi Anaiak deiturikoa. Aitak eta osabak euskal arrazak berreskuratzeko lan egiten dute: ardi latxa, ahuntz azpigorria, euskal txerria, pottokak, euskal artzain txakurra… Eta ni, ahizpa eta lehengusina produkzioaz arduratzen gara. Gazta da gure produktu nagusia, ardi latxarena eta ahuntz azpigorriarena. Iaz, euskal txerriaren kokospea, titia, odolosteak… egiten hasi ginen, eta pottokaren txorizoa eta saltxitxoia. Dena etxeko animalia eta lehengaiak erabilita.

Horietatik guztietatik, zein produktu eroango dituzue feriara?

Hiru stand jarriko ditugu, bat gurea propioa, eta beste biak beste ekoizle batzuekin batera. Gurean, ardi latxaren gazta eta pottoka txorizoa eta saltxitxoia salduko ditugu; Slow Food standean, ahuntz azpigorriaren gazta; eta Euskal abereak izenekoan, txerriarekin egindako produktuak.

Zer da zuretzat Gustoko?

Nekazaritza produktuen azoka bat da; ez bakarrik Euskal Herriko produktuena, baita kanpokoena ere. Ekoizle mordoa biltzen gara, eta ekoizle bizkaitarrek feriaren erdi-erdian dugu gure lekua; ez da gutxi. Azokaz gain, tailerrak, dantzak eta abar ere egongo dira.

Antzeko beste azoka bat egin da orain arte: Al Gusto.

Bai, hala da. Al Gusto izenak Turinen (Italia) egiten den beste feria bati egiten zion erreferentzia. Slow food kontzeptuak indarra dauka han. Horrela, bada, hemen ere antzeko azoka sortu zen. Halere, aurten, denetariko produktuak egongo dira, ez slow food produktuak bakarrik. Feria zabaldu egin da, eta izena aldatu du. Guk urtero parte hartu izan dugu, sortu zenetik, eta Turinera ere joan izan gara.

Zer da slow food?

Filosofia bat da. Galtzear dauden bertako arrazak eta gure aitona-amonek egiten zituzten produktuak berreskuratzea du helburu. Bestalde, kontsumitzaileekin harreman zuzena izan nahi da, bitartekaririk gabe. Horrela, gure produktuei balio erantsi bat ematen zaie, kalitatearena.

Kontsumitzaileei ez ezik, profesionalentzako azoka sortu nahi izan da.

Profesional, saltzaile eta kontsumitzaileentzako azoka integral bat antolatu nahi izan da: produktuak dastatu, erosi, harremanak bultzatu, tratuak egin…

Supermerkatuen bi marka handik ere parte hartuko dute aurten, lehen aldiz. Zer deritzozu?

Guk ez dugu horiekin zerikusirik. Gure produktuak guk geuk saltzen ditugu, eta horrelaxe jarraitu nahi dugu. Ferietan, denda txikietan, jatetxeetan… salmenta zuzena egiten dugu, Bizkai inguruan batik bat. Gainera, ez dugu supermerkatuei saltzeko bezainbeste ekoizten.

Zertarako balio dute halako azoka erraldoiek?

Garrantzitsuak dira, jendeak zer egiten dugun ezagut dezan: bertako animaliak, produktuak, baserriko lana, tradizioa… Egiten ditugun gauza asko galzorian daude, eta sustatu egin behar dira.

Baserritik bizi zarete?

Bai, gazta salmenta da gure diru iturri nagusia. Animaliak gureak dira, eta lehengai guztiak ere bai. Dena guk egiten dugu, hasieratik amaierara. Horrez gain, bisita gidatuak ere egiten ditugu Enkartur Balmasedako turismo bulegoarekin, jendeak transhumantzia, baserriko lana, gaztagintza eta abar ezagut ditzan.