Baratze eta landetatik, mahaira

Baratze eta landetatik, mahaira

Natalia Salazar Orbe

“Azafrai ona erosi gura badugu, ez dugu ekarriko Kuala Lumpurtik [Malaysia]. Gauza bera tipula bat nahi badugu: Zallan zein bertako beste herri batzuetan bikainak aurki ditzakegu”. Hala uste du Sergio Alert Gustoko azokako zuzendariak. Gaur hasi eta domekara bitartean egongo da BECen bertako produktuen ekoizpen artisaua bultzatzen duen egitasmoa.

Elikadura eta gastronomia azoka bat da Gustoko, nekazaritza munduan inspiratua. Bertako produktuen jatorriari eta kalitateari eustearen aldeko apustua egiten du. Ekoizpen prozesuak artisau eran gauzatzen dituzten ekoizleek baino ez dute lekua bertan. “Gurean ez dauka lekurik elikadura industrialak”.

Gustoko herria

Olioak, ardoak, likoreak, kafea, kontserbak, haragia eta hestebeteak, esnekiak, arraina, barazkiak, lekaleak eta gozogintza: denetarik aurkituko dute bisitariek hiru egunetan. Hori guztiori, gainerako azokek ez bezalako eszenografia baten barruan kokatuta: herri bihurtuko dute BEC.

Euskal Herriko edozein herriren antzera, enparantza izango du erdigunean. “Handik abiatzen diren kaleetako bakoitzean, profil jakin bateko ekoizleak kokatuko ditugu. Eta kale horiek bukatzen diren lekuan jarduera bana izango da”. Hala, bisitariak kale batean sartzen direnean, begirada azkar bat egin beharrean, kale bukaeraraino jarraitzea eta haien arreta bereganatzea dute helburu.

Kultur Etxea da jarduera horietako batzuk hartuko dituen eremua. Enparantzan bertan egongo da. “Euskal Herriko sei eskulangile hartuko ditu. Beirari putz egitea, burdin lantzea, buztingintza, saskigintza eta harriaren eta zuraren lanketa erakutsiko dituzte”.

Bestalde, sukaldaritza bizia bertatik bertara aurkituko dute bisitariek Show Cooking eremuan. Artxandako Goi Ostalaritza Eskolak gauzatuko ditu saiook. “Ekoizleek azokan ikusgai izango dituzten produktuak baliatuta, jaki bikainak prestatuko dituzte”. Baliabide tekniko anitz bideratuko dituzte saio horietara. Kamera batek plateretan jarriko du fokua, bisitariek xehetasun txikiena ere gal ez dezaten. “Ikusgai dauden produktuak sustatzeaz gain, produktu horiek baliatuta ikusleek zer-nolako jakiak presta ditzaketen erakusteko modu bat da”.

Dastalekua izeneko eremuan, ardoak eta gaztak dastatzeko aukera emango dute. “Bertako txakolina, Arabako Errioxako eta Rias Baixaseko (Galizia) ardoak eta Donejakue bideko eta Pirinioetako gaztak aurkituko dituzte bezeroek”.

Euskal Herrian dauden askotariko ibilbide gastronomikoak ezagutzera emateko eginbeharra izango du turismo gastronomikora bideratutako eremuak. “Guk geuk ere ez ditugu ibilbide horietako asko ezagutzen. Gazta, ardo eta txakolin ibilbideak daude, besteak beste”. Lekuan bertan, nekazaritza turismoen eskaintza ere ikusgai izango da.

Garagardoa eta kafea protagonista izango dira Taberna deritzon eremuan. “Jatorriko kafearen dastaketak egingo ditugu. Dauden aldaeretako batzuk erakutsiko dizkiete kontsumitzaileei, baita horiek guztiak prestatzeko modua ere”. Bestalde, Basque Beer elkarteak artisau garagardoa zelan ekoizten den erakutsiko du. Garagardoa egiteko prozesua bertatik bertara ikusi ahalko dute joaten direnek. “Lehenengo Gustoko Beer etiketatuko dugu bertan”.

Ekoizleen produktuez eta erakustaldiez gain, jai girorik ere ez da faltako. Euskal dantzek girotuko dituzte Gustoko herriko kaleak. Hankaluzeak ibiliko dira batetik bestera, eta Aiko dantza taldeak ikuskizuna emango du bihar.

Bisitari profesionalak

Azoka horrek zerbait berezi baldin badu, azken kontsumitzaileei eta bisitari profesionalei zabalik egotea du. “Gure ekoizleek azken kontsumtzaileari saldu ohi dizkiete produktuak. Baliabide gehiago dituztenek, ordea, saltoki berezituei ere saltzen dizkiete”. Hala, bi aukera horiek zabaltzen dizkie Gustokok.

Ekoizleek eta bisitariek, biek dute aukera aparta azokan: “Ekoizleek ideia, ohitura eta produktu errotuak defendatzen dituen plaza aurkituko dute. Horrez gain, ondo jatea, produktu ona, produktu horren lanketa ona, eta, bereziki, ingurumenaren errespetua estimatzen dituzten kontsumitzaileak aurkituko dituzte”. Bisitariek, ohiko banaketa sareetan aurkitzen ez diren ekoizle eta produktu ugari topatuko dituzte. “Eta hona eguna pasatzera, jatera, edatera eta pintxoak dastatzera etor daitezen ere gura dugu”. Jarduera programa zabala izango da, gainera.

Gaur eta bihar, 11:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Domekan, 19:00etan itxiko dute. Sarrerak hiru euroan eskura daitezke.

Biodibertsitatearen aldeko defentsa transmititu nahi du azokak. “Izan ere, egunero desagertzen dira munduan ehundik gora espezie, landareak zein animaliak. Kanpoko arraza edo landareak iristen dira. Baliteke azken horiek komertzialki errentagarriagoak izatea, eta neguari aurre egiteko gaitasun handiagoa izatea, edo haragi gehiago ematea. Baina munduan izan den aniztasun handia ordezkatzen ari dira”. Arazo horri aurre egiteko borrokan bere alea jarriko du Gustokok.