Ekiari deitzeko egunak

Ekiari deitzeko egunak

Natalia Salazar Orbe

Kaleak kolore, musika, dantza eta alaitasunez janzteko egunak iritsi dira; egunerokoa alde batera uzteko garaia da. Ordu batzuez norbere izaera mozorro baten atzean ezkutatzeko unea heldu da: inauteriak iritsi dira. Edo aratusteak. Herri bakoitzak bere erara izendatu eta ospatzen ditu, baina, finean, helburu bera dute. Eta arbaso zaharren sinesmenetara itzulia egingo dute Bizkaiko herri gehienek, ospakizun horien zergatia jai giroak eta urteek estali badute ere. Neguko solztizioa ospatzea izan dute xede hastapenetan inauteriek, baina, geroago, beste ospakizun askorekin gertatu den legez, erlijio kristauak bereganatu eta sinesmen horren ohituretara gerturatu ditu. Kolorez jantzita, ahaleginak egingo dituzte bateko eta besteko herritarrek ama lurra esnarazteko. Udaberriaren argiari lekua egingo diote, ekiari dei eginez.

Herri batzuetako aratusteak besteetakoak baino ezagunagoak dira. Batzuetan ohitura zaharragoa dute, eta usadio bereziei eutsi diete. Hala ere, denetan ospatuko dituzte festarako grina handiarekin. Jai girorik ez da faltako batean eta bestean. Aukera egitea norbere esku dago.

INAUTERIEN HIRIBURUA

Jardueraz betetako jai programan bete-betean sartuta dago jada Bilbo. Konpartsek eta udalak, biek, elkarlanean antolatu dituzte hainbat kontzertu, dantza, ikuskizun, dastatze, lehiaketa eta txikientzako jarduera. Farolin eta Zarambolasen atxiloketa eta epaiketa izango dira gaurko ekitaldirik berezienak. Ane Zabala kazetaria eta Galder Perez aktore eta gidoilaria aukeratu dituzte aurten rol horietarako. 19:30ean egingo dute epaiketa, Plaza Barrian. Lehenago, baina, umeek hartuko dute protagonismoa: Bilboko ikastetxeetako ikasleek desfilea egingo dute.

Bihar, berriz, Gargantua, puzgarriak eta tailerrak aurkituko dituzte Zabalguneko eraikinean, goizez eta arratsaldez. Leku hartan bertan egingo dute Munstro kabaret familientzako ikuskizunaren estreinaldia.

Mozorro lehiaketa ere bihar egingo dute Bilbon. Ikusmin handia sortzen duen ekitaldia izan ohi da. 17:00etatik aurrera, mozorrotuta ibiliko da hirigune osoa. Dultzaina doinuak, erraldoiak eta buruhandiak ere ez dira faltako egunero.

Domekan, indaba lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute bilbotarrek eta ingurukoek. Inauterietako unerik tristeena iritsiko da asteartearekin: sardinaren gorpua Plaza Barritik Arriaga antzokiko plazaraino eramango dute. Ikusleek segizioarekin batera egin ahalko dute ibilbidea Zazpikaleetatik Arriagaraino, lutoz jantzita eta kandelak eskuetan daramatzatela. Arriaga plazan 20:00etan egingo duten antzezlan batek emango die bukaera Bilboko aratusteei.

MUNDAKA ZURI-BELTZA

Eskusoinuak eta gitarrak lagun, kantuz beteko dute herria igande goizean Mundakako atorrek: “Aratuste, aratuste, mundakarrentzat egun hoberik ez...“. Burko azala buruan jarrita, gona bana sorbaldan eta gerrian dutela, zuriz jantzita doazela kantuan ariko dira herriko gizonak.

Elezaharren arabera, Anton Erreka kondeak zabaldu zuen janzkera hori. Etxera mozkortuta iritsi zen, eta emaztearen haserrealdiari izkin egiteko, haren azpikogona jantzita atera zen kalera. Herritarrek Errekaren jeniotasuntzat jo zuten pasadizoa, eta erromeria ospatu zuten. Orduz geroztik ekin diote herrian ospakizunari.

Gizonen kalejirari lamiek hartuko diote lekukoa, arratsaldean. Haiek ere dantzan eta kantuan ariko dira kalerik kale, herriko plazan erakustaldi nagusia bukatu arte. Kolore zuria nagusituko da goizeko agerraldian, eta lamien arropa beltzek eta aurpegi zuriek jantziko dute herria iluntzean.

HARTZAREN EGUNA ERMUAN

Usadio handiko ospakizuna dute gaur Ermuan ere. Hartzaren Egunarekin, 1934ko gertakizun batzuk ekarriko dituzte gogora. Tuberkulosiarekin gaixotu zen herriko gazte bat. Garai hartan oso zaila zen sendatzen, eta baliabide ekonomiko handiak behar ziren. Gillermo Bengoetxea Txindurri-k osatutako bertsoak ikasita atera ziren gaztearen lagunak kalez kale abestera. Inauteri sasoia zenez, mozorrotuta atera ziren, ardi larruak jantzita. Mila pezeta inguru batu zituzten, eta diru hari esker sendatu zen gaztea. 50 urtean galduta zegoen ohitura Euskal Birusa elkarteak berreskuratu zuen, 1989an. Goseak hilik aurkitzen duten hartz bati buruzkoak ziren Txindurri-ren bertsoak. Hala, hartz hori elikatzeko dirua eskatzen zuten.

Kuadrillak 18:00etan aterako dira, pasadizo hura gogoan, Orbe Kardinalaren plazatik. Bihar egun osorako jarduerak izango dira: kalejira, txokolate jana, erromeria eta mozorro lehiaketa.

KOLORE FESTA ZORNOTZAN

Kontzertuak izango dira Zornotzan inauteriei ongietorria emateko plater nagusia. Enkore eta Itziarren Semeak taldeak ariko dira gaur, Zelaieta parkeko karpan, 21:00etan. Bihar umeak izango dira, bereziki, protagonistak. Zo Zoom antzezlana taularatuko du Markeliñek, 18:00etan. Txaranga batek zabalduko dio geroago bidea 10 eta 17 urte arteko neska-mutilen mozorro lehiaketari. Las Tea Partyk gidatutako disko festak emango die bukaera ekitaldiei. Egun osoan, Luis Urrengoetxea kaleko ostalariek antolatutako mozorro lehiaketan parte hartzeko aukera ere izango da. Aurten Guk pelikulak aukeratu ditugu, eta zuk? gaia aukeratu dute.

Martitzenera arte iraungo dute ospakizunek. Orduan erreko dute pertsona gaiztotzat jotzen duten Perubele, Zelaieta parkean hasitako kalejira bu atu ostean.

MUSIKAZ BLAI MUNGIAN

San Antontxu azoka igaro berritan hartuko dituzte mungiarrek inauteriak. Gaurtik datorren asterarte izango dituzte ospakizunak. Euskal inauterien dantzen kalejira prestatu du Amilotx dantza taldeak. Kalejira egin ostean, Foruen plazan egingo dute dantza erakustaldia. Euria eginez gero, Andra Marira lekualdatuko dute saioa.

Bihar musika eta lehiaketak izango dira nagusi. Disko festak egingo dituzte arratsaldean, Matxin plazan. Oihan Vega eta Iker Gurrutxaga ariko dira han. Marrazki bizidunak gaitzat hartuta antolatutako mozorro lehiaketan nagusitzen denak 250 euro irabaziko ditu. Gaur da parte hartu ahal izateko izena emateko azken eguna.

Domekan, txitxi-burruntzi eguna ospatuko dute. Herri gehienetan inauterien aurreko astean egiten den jarduera aratuste asteburuan egin ohi dute Mungian. Zazpi kilometroko ibilaldiaren ostean, mokadua izango da Andra Marin. Gure Ametsa txistulari taldearen musikak lagunduta egingo dute ostera. Mozorroa eramateko deia egin dute. Bestalde, arratsaldean dantzatzekoak izango dira, eta, gauean, Tortharry eta Ferosz taldeen kontzertuak, Mungirock aretoan.

KALEZ KALE BERRIZEN

Herriko txikienak izango dira Berrizen kaleak kolorez beteko dituzten lehenak: haur eskolakoek abiatuko dituzte kalejirak, gaur goizean goiz. Txaranga batek girotutako mozorro kalejiran aterako dira. Eta eskolako ikasleek ekitaldia egingo dute Berrizburu kiroldegian.

Arratsaldean, erromeria eskainiko du Punto Com taldeak. Txokolate dastatzea izango da gero.

Bihar arratsaldean musikak, dantzak eta koloreek hartuko dituzte herriko kaleak. Akelarre txaranga Olakueta plazatik aterako da, 18:30ean. Handik gutxira elkartuko dira kuadrilla guztiak Elizondo plazan. 250 eurora arteko sariak aurreikusi dituzte. Kuadrillen jaitsierak giroa alaitu ostean, herri afariari emango diote hasiera. Erromeria eta sari banaketa bukatuta, agur esango diete inauteriei.

JANA ETA EDANA LEMOAN

Gaurkoa ikastetxeko haur eta gazteentzako ospakizun eguna izango da. Bihar izango dute herritar guztiek inauteriez gozatzeko aukera. Arratsaldeko lehen orduetan, umeak bihurtuko dira protagonista, berriz ere. Puzgarriak, musika eta txokolate jana ez dira faltako. Gero, poteoa hasiko dute, Mailukin. Orkestra Elektro Txarangak jarriko dio musika egunari. 21:30ean mokadua hartzeko aukera izango da, Kodigoan.

LEHIAKETA PORTUGALETEN

Mozorro desfilea eta lehiaketa egingo dituzte bihar Portugaleten. 17:30ean batuko dira parte hartuko duten taldeak, San Inazio eta San Pedro kaleetan. 18:00etan abiatuko dute ibilbidea. Aurten, 1.100 eurora arteko sariak daude.

LEKEITION, GIROA KALEAN

Lekeitioko kaleak aratusteetako abesti zaharrez beteko ditu bihar Aratuste Alai Estudiantinak. Kalejirak eta dantza erakustaldiak prestatu dituzte, bestalde, Etorkizuna taldeak eta Lekittoko joaldunek.

Asteartean turuturu eguna ospatuko dute. Eskolako eta ikastolako ikasleen kantuez eta antzezlanez gain, disko festa, txokolate jana eta zezen suzkoa izango dira. Egun horretan bertan aterako dira lekeitiarrak mozorrotuta kalera. Festak goizaldera arte iraungo du.

FESTA ARRIGORRIAGAN

Umeak izango dira protagonista Arrigorriagan. Mozorroak jantzita aterako dira kalejiran gaur. Dantza erakustaldia, jaialdia eta txokolate janarekin emango diete bukaera ospakizunei. DJ Ugarik girotuko du festa.

Aurten udaberriko eguzkiari dei egin beharrik ez dagoela dirudi, neguak, orain artean, euri, elur eta hotz gutxi ekarri baitu. Hala ere, mozorroa soinean jantzita, askok izango dute gogoan antzina eguraldiari begira jartzen ziren arbasoen egunerokoa.