Zauria berriz zabaltzeko ikara

Zauria berriz zabaltzeko ikara

Ander Gartzia Badiola

Maratoi korrikalaria da Luciano Gomez. “Luky, lankide guztientzat”. Ohituta dago ibilbide luzeak egitera, eta pentsamolde horrekin egin nahi dio aurre datorkionari. “Luzerako joango da gatazka hau”. Arcelor Mittal enpresak aldi baterako baina epe jakinik barik zarratu du Sestaoko ACB altzairutegia, eta ataka estuan utzi ditu 335 behargin. Tartean, Luky.

Itxieraren alarmak duela hogei urteko mamuak ekarri ditu bueltan Sestaora. Orduko hartan, krisiak gogor jo zuen Bilbo Handiko ekonomia, eta 1996. urtean giltzarrapoa jarri zioten Bizkaiko Labe Garaietako azken fabrikako ateari. Bazuen ordurako oinordekoa: Aceros Compactos de Bizkaiak hartu zuen haren lekua, orube berean, Ibaizabaleko itsasadar ondoan.

1970eko hamarkadan 13.000 langile ere enplegatu zituen Labe Garaiak enpresak. Hogei urte geroago, ordea, arriskua dago zauria berriz zabaltzeko. Gomez beldur da, oraindik fresko gordetzen baititu duela hogei urteko oroitzapenak. “21 urterekin hasi nintzen lanean Labe Garaietan [61 egingo ditu apirilean]. Lan egiten ez zuenak bazeukan fabrikan jarduten zuen lagunen bat edo senideren bat. Ezkerraldeko gizarteak harreman estua zuen Labe Garaiekin. Kolpe latza izan zen; ez bakarrik langileentzat, baizik eta gizarte osoarentzat. Zarratu zutenean 5.000 behargin geunden. Egoera larriak tristura eta ezintasuna eragin zituen. Zauri hura ez zen guztiz zarratu, eta orain berriz zabaltzeko arriskua dago”.

Aitortu du ezkortasunak langileak kutsatu dituela. Enpresak kaleratutako oharrak arduratuta utzi ditu. “Zehaztu gabeko denbora baterako itxiko dutela esan dute. Hitz horiek, hain zuzen ere, zehaztasun gabekoak dira. Hiztegi hori erabili dute, eta ez dakigu zer gertatuko den aurrerantzean”. Halere, esperientziak erakutsi dionagatik, argi gutxi ikusten du Lukyk. “2012an ere zazpi hilabetez egon zen geldituta fabrika, baina protokoloa guztiz ezberdina izan zen. Enpresa beharginekin bildu zen, eta egoera azaldu ziguten. Oraingoan, dena gertatu da bat-batean. Beharginoi komunikatu, eta segidan eman die berria administrazioei eta hedabideei”.

Balizko itxiera bat Sestao osoarentzat oso gogorra izango litzatekeela nabarmendu du Gomezek. “Arazoa ez litzateke bakarrik langileontzat eta gure familientzat. Herri osoak igarriko luke itxiera. Baita komertzio txikietako dendariek ere. Zure bizilagunaren egoera zein den ikusita, badaezpada jendeak diru gehiago aurrezten du, nahiz eta lanik ez galdu. Inork gutxik uste zuen Bizkaiko Labe Garaiak ere itxi behar zituztenik, eta begira! Gainera, industria jarduerarik ez badago, Sestaoko Udalaren diru kutxan nabaritu egingo da. Baita Foru Aldundikoan ere. Zenbaiten ustez, galera ez litzateke ikaragarria izango; baina, bai, bada. Altzairua oso elementu estrategikoa da lurralde batentzat, eta Euskadirentzat ere oinarrizkoa da”.

Altzairugintzaren garrantzia azpimarratuta, Lukyk erakundeen laguntza eskatu du arazoari irtenbide bat aurkitzeko. “Ezin gara lehiatu atzerriko enpresekin, hemen Euskadin energiaren prezioa askoz garestiagoa delako. Alemanek baino %35 garestiago ordaintzen ari gara. Espainiako Gobernuari ere esan zitzaion neurriak hartzeko, kostu energetikoa lehiakorra izan dadin. Baina ez dute ezer egin. Bada beste arazo bat: Txinaren dumping-a. Tonak eta tonak altzairu du sobran, eta merkatua estaltzen ari da”.

Herenegun, Bizkaiko Batzar Nagusiek elkartasuna adierazi zien ACB plantako beharginei, eta dei egin zion Eusko Jaurlaritzari, planta berriz martxan jartzeko asmoz, neurriak bultza ditzan Europako Batasunaren aurrean.

Mobilizazioak

Langileek mobilizazioak iragarri dituzte. Aurreneko ekitaldia bihar izango dute, eguerdiko 12:30ean. Manifestazioa Sestaoko kaskoko plazatik aterako da, Lanpostuen defentsan lelopean. Mobilizazioan herritarrek eta ordezkari politikoek parte hartzea espero du langile batzordeak. “Behargin gazte asko dago. Azpikontratatutakoak ere bai. Eurekin alderatuz, zorteko nago, langileen murrizketak gertatuz gero, beste baldintza batzuk ditudalako. Langile azpikontratatuak bigarren mailako langileak dira; Rajoyren gobernuak martxan jarritako lan erreformaren baldintzen menpe leudeke”, dio Lukyk. Arazoa guztiena dela deritzo. “Erretiro aurreratua har dezaket aurten. Baina arazoa denoi dagokigu. Nire lankideek alboan izango naute aurrerantzean ere”.