Markina-Xemeingo aratusteak antzara joko barik egingo dira aurten

Markina-Xemeingo aratusteak antzara joko barik egingo dira aurten

Eider Mugartegi

Urriko kultura batzordean hartu zuten erabakia, eta urtarrilaren 12ko jai batzordeko bileran berretsi dute. 2016ko aratusteetan ez da antzara jokorik antolatuko Markina-Xemeinen. Hiru arrazoi eman dituzte nagusiki.

Udal gobernuaren ustetan, antzara jokoa animalienganako tratu txarrak sustatzen dituen jokoa da, “sufrimendua dibertsio bihurtuz eta animalien eskubideak urratuz”, eta nabarmendu dute animalien sufrimendua baztertu eta errespetuan oinarritzen den kultura eredua bultzatzea dutela helburu.

Azken urteetan, ikusle kopuruak beherantz egin duela ere aitatu du udalak. “Arrazoi hori zela eta, antzar jokoa arratsaldean izan beharrean goizean egiteko erabakia hartu zen, jende gehiago hurbiltzeko”. Helburua lortu zen arren, ikusleak berriz ere gutxitu egin direla azaldu du udalak.

Azkenik, gaur egungo antolatzaileek antzara jokoa antolatzeari uzteko erabakia hartu dutela jakitera eman du udalbatzak. Antolatzaileak ez zeuden tentsio egoera horretan lan egiteko gogoz.

“Eztabaidatu barik”

Antzara jokoa egiten den beste herri batzuetan bezala, eztabaida eragin du azken urteetan, aratuste igandean Markina-Xemeinen egin izan den zaldi gaineko jokoak. Mantentzearen aldeko eta kontrako iritziak kalean egon dira, azken bi urteetan batez ere. Erabakia, azkenean, bat-batean etorri da. Hori uste dute, behintzat, ohitura mantentzearen aldeko ahotsek: “herritarren artean eztabaidarik egon barik” hartu dela.

Animalien errespetuagaz ados daudela diote eta aldaketak onartzeko prest daudela. “Aldaketak beti egon dira; zorionez, lehengo denboretan egiten ziren torneo estiloko probak aldatu dira”, adierazi du Jabier Arratek. Baina zer egin erabaki aurretik, “400 urteko historia kolpe batez kentzea” ez zaio ondo iruditu. “Usadioa mantentzea ez zaie interesatu; bestela, beste aukera batzuk aurkituko zituzketen”.

Aurtengo antzarak bertan behera geratuko badira ere, herriko historiaren parte izanik, lanketa bat egingo dela aurreratu du udalak, “ondare hori gorde eta beste modu batera mantentzeko”. Hurrengo urteetarako aukera ezberdinak aztertuko dituztela jakitera eman du: plastikozko antzarak erabiltzea, jolas berri bat sortzea, ikuskizun berri bat egitea…

Lanketa hori, baina, horrelako erabakia hartu aurretik egin behar zela diote ohitura mantentzearen aldeko herritarrek. “Ohiturari jarraipena eman behar zaio”.

Lekeitioko adibidea jarri du aldaketarako eredu modura Arratek: “Parte hartzaileei erabakitzeko aukera ematen diete, eta, urteak joan ahala, gero eta gehiago izango dira plastikozko antzarak aukeratzen dituztenak, jendea sentsibilizatzen joango delako”. Markina-Xemeinen ere, gauza bera egin beharko litzatekeela uste du. “Aldaketak logikoak dira, baina eztabaidatuta”.

Aldaketarako garaia

Ekozain ekologia taldeak duela bi urte eraman zuen kultur batzordera antzara jokoari buruz erabaki bat hartzeko proposamena. Plastikozko antzarak erabilita jokoa aldatzea edo kentzea proposatu zuen. “Ohiturak ondo daude, baina ohitura denak ez daude zertan mantendu, kaltegarriak badira”, dio. Ohitura batzuk garai bateko kultura ereduari erantzuten diotela uste dute Ekozaingoek, baina gaur egun ez daudela ondo ikusita; esate baterako, animaliak jolas modura erabiltzea.

Lea-Artibaiko herri handi guztietan, Ondarroan, Lekeition eta Markina-Xemeinen mantendu da antzara jokoaren ohitura. Hiruretan sortu da eztabaida, eta erabaki ezberdinak hartu dira leku bakoitzean. Ondarroan plastikozko antzarak erabiltzen dituzte, eta Lekeition benetako antzara edo polimerozkoa erabiltzea aukeratu dezakete parte hartzaileek. Markina-Xemeinen erabakia hartzeko dago, baina, oraingoz, behintzat, ohitura bertan behera uztea erabaki dute, aurrerago lanketa bat egiteko.