“Kostu txikiko proiektuek ez dute etorkizunik luxuen auzoan”

L. Muñagorri Garmendia

Deustuko Erribera bertatik bertara ezagutzen du Robert Alcock idazle eta diseinatzaile ekologikoak (Exeter, Ingalaterra, 1970). 1999. urtean iritsi zen Bilbora itsas ekologiari buruzko ikerketa bat egiteko, eta hogei urtez bizi izan da auzoan. Ezagutu zituen Zaha Hadidek diseinatu zuen lehen Master Planaren nondik norakoak, eta baita auzoak emandako erantzunaren ondorioz egindako aldaketa denak ere. Bizipen horiek Inoiz irla izan ez zena. Itsasoan galdutako ingeles baten oroitzapenak Zorrotzaurren liburuan bildu ditu.

Deustuko Erriberako lehen zubia zabalik da astearteaz geroztik. Inoiz irla izan ez zena uharte bihurtzeko lehen pausoa?

Bai eta ez. Baiezkoa diot, 50 urteren ondoren Zorrotzaurre penintsula izateari utzi eta uharte bihurtuko delako azkenean. Baina liburuan auzoarentzako alternatibak aipatzen ditut, besteak beste, uharte jasangarri izatearena, edo Zorrotzaurre bizitzeko atseginagoa den eredu bat bihurtzearena. Eskaera horiek egin dituzte auzotarrek, eta, zoritxarrez, horietako gehienak ez dira Master Planean agertzen. Adibide bat jartzearren, kanala irekitzearekin batera Botikazarreko pasealekua itxi egingo da, Zorrotzaurre eta Bilboren arteko lotura nagusia. Irtenbidea argia da, oinezko eta txirrinduentzako zubi bat jartzea, baina hori ez dago erakundeen aurreikuspenetan.

Orain arte geldirik egon den egitasmoa indarra hartzen ari dela dirudi. Bertako biztanle izanda, nola bizi duzu fase hori?

Betitik bizi izan denaren jarraipen bat da, hau da, ezer gutxi aldatu da denbora honetan guztian. Kutsadura, zarata edo diskoteken erabiltzaileek eragindako arazoak pil-pilean jarraitzen dute, eta badirudi ez direla sekula amaituko. Oraindik ez dira eraikinen lanekin hasi, eta ziurrenik beste buruhauste bat izango da hori ere. Horregatik, erakundeek, Master Planean hainbeste pentsatu beharrean, egungo arazoei irtenbideak bilatzen lan gehiago egin beharko lukete.

Hirigintza proiektua atzeratuz joan den bitartean, proposamen berriak sortu dira auzoan: antzokiak, zirkuak, interbentzio artistikoak… Bi egitasmoak bateragarriak dira?

Bai noski, ezin baitira alderatu erdi mailako proposamen kulturalak hirigintza proiektu erraldoi batekin. Hala ere, bistan da hiria egiteko bi ereduren arteko talka dagoela auzoan: goitik behera planifikatzekoaren eta era organiko batean haztearen artean. Nik nahiago dut bigarren aukera, gutxieneko antolaketa bat beharrezkoa dela onartzen dudan arren. Eta, berriz ere, zure galderara itzulita, ea bi ereduak bateragarriak ote diren… Beharko lukete, baina beldur naiz Zorrotzaurren ez dela horrela izango.

Bazterreko auzo bat izateari utzi, eta Bilbon gehien kotizatutako auzo bihurtuko da Deustuko Erribera. Aldaketa soziologiko handiak ekarriko ditu horrek…

Gentrifikazio hitza asko erabiltzen da, eta kasu honetan erabilera ezberdinak izan ditzake. Zorrotzaurreko bizilagunak Zaha Hadiden hasierako asmoaren kontra mobilizatu ziren, eta euren etxeak eraistetik libratu ziren. Ez hori bakarrik, etxebizitzak birgaitzeko laguntzak ere lortu baitzituzten. Mobilizazio horiei esker, hasieran egin nahi zuten garbiketa soziala saihestu dute: gentrifikazio suntsitzailea, hobe esanda. Horrez gain, azken urteetan arestian aipatutako mugimendu kulturalak sortu dira, eta bertan gentrifikazio sortzaile batez hitz egin dezakegu; positiboa, nire ustez. Hala ere, ekosistema hori hauskorra da, eta etorkizuneko gentrifikazio ekonomikoa mehatxu izan daiteke horientzat. Kostu gutxiko proiektu horiek ez dute etorkizunik izango aurreikusten den luxuzko auzo horretan.