2017. urte hasieran estreinatuko dute Getxoko itsas estazio berria

2017. urte hasieran estreinatuko dute Getxoko itsas estazio berria

Ander Gartzia Badiola

Hasi da atzerako kontua. Getxoko transatlantikoen itsas terminal berria 2017. urte hasieran estreinatuko dute. Hala, ate berri bat irekiko zaie Bizkaira itsasoz etorriko diren etorkizuneko bidaiari eta turistei. Proiektua aurrera eramateko, itsas estazioaren obren kontratuak adjudikatu ditu Bilboko Portu Agintaritzak, 6,7 milioi euroko aurrekontuarekin.

Terminal berria hamabost metro garai izango da, eta 3.200 metro karratu erabilgarri izango ditu. Bilboko Portu Agintaritzak nabarmendu du eraikina “modernoa, dinamikoa eta argitsua” izango dela. Beiraz hornitutako kontainer handi baten itxura izango du, zinkezko estalki arin batez estalia. Dinamismo hori lortze aldera, itxiera okerra izango du estalkiak. Era berean, estazioan eraikiko dituzten sei argi zuloei esker, argitasunik ez da faltako. 4,6 milioi euroko kostua izango du —BEZik gabe—, eta Excavaciones Viuda de Sainz SA enpresa arduratuko da lanez. Obrak 11 hilabete igarotzerako amaitzea aurreikusi dute.

Bidaiarien ontziratze eta lehorreratze beharrei erantzuteko, eraikinaren diseinuan bereizi egin dira bidaiarien eta bagajeen fluxua. Gainera, bidaiarien joan-etorria errazteko, aparteko eskailerak egongo dira sartzen eta ateratzen ari diren erabiltzaileentzat. Orotara, bi solairu eta solairu bitarte bat izango ditu eraikinak. Ataria beheko solairuan egongo da, turismo informazioko erakusmahaiarekin batera. Bertan egingo diete harrera bidaiariei, eta bertan erregistratu beharko dituzte bagajeak. Lehen solairuan, itxarongelaz gain, ontziratuko diren bidaiarien kontrol eremua eta lehorreratzeko gunea egongo dira. Solairuartean, berriz, OPI aretoa eta bulegoak eraikiko dituzte.

Pasabide mugikorra

Getxoko itsas estazio berria Europako terminalen abangoardian egongo dela adierazi du Portu Agintaritzak: “Bisitariek izango duten lehen pertzepzioa eraikin moderno, dinamiko, bero eta atsegin batena izango da, hartzen dituen gizartearena bezalakoa”.

Terminal berria diseinatzeko garaian kontuan hartu dituzte ontzi enpresek emandako datuak. Alde batetik, itsasontzien nazioarteko segurtasun arauak aintzat hartzeko eta nazioarteko puntako terminalen erreferentziak izateko. Portu Agintaritzak jakinarazi duenez, materialak aukeratzean “funtzionaltasuna, iraunkortasuna, mantentze erraztasuna eta segurtasuna” lehenetsi dituzte.

Itsas estazioaz gain, terminala osatuko duen beste pieza garrantzitsu bat eraikiko dute: plataforma mugikor bat, finger edo gang-way estilokoa, aireportuetan erabiltzen direnak bezalakoa. Plataforma horri esker, bidaiariak zuzenean sartuko dira terminalera edo itsasontzira, kaia zapaldu beharrik gabe. Pasabide mugikorrak erosotasuna eta segurtasuna eskainiko die bidaiariei. Obraren kontratua Prosertek enpresari adjudikatu dio Portu Agintaritzak, 966.000 euroko aurrekontuarekin —BEZik gabe—, eta lanak amaitzeko hamar hileko epearekin.

Datuei erreparatuz gero, Bilboko Portuaren izena gero eta gehiago ari da hedatzen Europan barrena. Iaz, inoiz baino ontzi handiagoak porturatu ziren. Gainera, munduan barrena nabigatzen duten transatlantiko handienen artean daude haietako asko. Esaterako, nabarmentzekoa da Anthem of the Seas, munduko handienen artean bigarrena. 348 metro luze da, eta 4.200 pertsonak bidaiatu dezakete. Anthem of the Seas ontziak Bilbora egin zuen inaugurazio bidaia. Beste zenbait transatlantiko aipagarri ere ailegatu dira Getxora. Tartean, Britannia, 330 metro luze eta 4.000 bidaiarirentzako lekuarekin, eta Celebrity Eclipse, 317 metro luze eta 2.645 lagunek bidaiatzeko aukerarekin.