2018an izango da martxan Bilboko lurpeko geltoki intermodala

Bilboko Termibus autobus geltokia lurpeko geltoki intermodal bihurtzeko proiektua martxan da. Udalaren Gobernu Batzordeak erabaki du nori eman lanak, eta proiektuaren ildo nagusiak jakinarazi ditu. Geltoki berria 2018ko lehen seihilekoan martxan egongo dela ziurtatu du, eta, behin betiko proiektua idatzi gabe dagoen arren, lurpeko geltokiaren gainean plaza bat egingo dutela iragarri du. Hotel bat, merkataritza gunea eta kirolgune pribatua egitea ere aurreikusten du udalak onartu duen proiektuak, besteak beste.

Construcciones Amenabar eta Excavaciones Viuda de Sainz izeneko Aldi Baterako Enpresa Taldeari eman dio adjudikazioa udalak. Juan Maria Aburto alkateak jakinarazi duenez, horiek aurkeztutakoa da udalari gehien gustatu zaion proiektua, eta lehentasuntzat jarrita zituen irizpideak hobekien bete dituena.

Lurren truke

Udalak ez duela intermodala egiteko dirurik jarri beharko nabarmendu du alkateak. Geltokiaren kudeaketaren eta 5.000 metro koadroko lurren truke egingo dituzte lanak enpresek. Horrela aseko ditu enpresa pribatuen nahiak udalak, eta, trukean, udalak ez du dirutan ordainduko geltoki berria. 22 milioi euro inguruko kostua izango duten lanak udal zorrik gabe egingo dira.

Adjudikazioa onartuta, enpresa taldeak udazkena arteko epea izango du proiektua zehaztu eta plan ekonomikoa egiteko. Aldi berean, kontzesiodun elkartea sortuko da: geltokia egin eta kudeatuko duen taldea. Antolamenduko Plan Berezia onartuko dute ondoren, eta geltokiaren proiektua idatzi eta egingo da. Kontzesiodun elkarteak 40 urtez izango du geltokia eta aparkalekua kudeatzeko ahalmena. Izan ere, autobus geltokiarekin batera, parkinga ere egingo dute lurpean.

Geltokiaren gainean geratuko den eremuan, plaza publiko bat eta gehienez 14 solairu izango dituen eraikin pribatu bat egingo dituzte. Hainbat jarduera pribatu bilduko ditu eraikinak: zehaztu gabe daude oraindik guztiak, baina, besteak beste, merkatal gunea izango duela jakinarazi dute. Eraikinak, plazara ez ezik, sarbide zuzena izango du lur azpiko geltokira ere.

Alkatearen arabera, lur azpiko lanak urte erdi aldera hasteko modua izango da. Horretarako, ordea, behin-behineko geltoki eremu bat prestatu beharko da. Izan ere, egun Termibusek hartzen dituen lurretan egingo da proiektu berria. Hortaz, lanek irauten duten bitarterako, beste eremu batera eraman beharko da autobusen geltokia.

Geltoki aldaketa, laster

2016ko bigarren seihilekorako behin-behineko geltokia prest egongo da, udalak zabaldutako informazioaren arabera. Egungoaren ondoan egongo da aldi baterako geltokia ere; Bilbao Ria 2000 sozietateak Garellanon bertan duen lur zati batean. Elkarteak datorren urteko azarora bitartean utziko du lurra, eta ordurako amaituta beharko dute lur azpiko geltokia egiteko lanek. Hori guztia oinarri hartuta, intermodal berria 2018 hasieran martxan egotea aurreikusten du udalak.

Orduan inguruak asko irabaziko duela ziurtatu du alkateak. Alde batetik, gaur egun autobusen joan-etorriek Luis Briñas kalean sortzen dituzten eragozpenak betiko amaituko direla adierazi du. Bestetik, autobusek lur azpiko geltokian sarrera eta irteera ez dituztenez alde berean izango, pilaketa eta arazoak arinduko direla azaldu du.

Plaza berriak auzokideei bizi kalitatea hobetuko diela ere nabarmendu du udalak, eta, urte gutxitan, eremua erabat aldatuta geratuko dela. Hain zuzen, 7.000 metro koadroko plazari Sabino Arana etorbidean izandako aldaketaren onurak gehitu behar zaizkiola adierazi du, autobidea kendu izanari esker 62.000 metro koadroko eremu irekia irabazi dela nabarmenduta.