Inoizko Korrikarik handiena izan da

Inoizko Korrikarik handiena izan da

Natalia Salazar Orbe

Inoizko Korrikarik handiena izan da”. Hala laburbildu zuen Asier Amondo Korrikako arduradunak euskararen aldeko 19. martxa, hura bukatu eta hurrengo egunean. Pozik azaldu ziren antolatzaileak euskaldunen eta euskal herritarren parte hartzearekin. Urepelen (Nafarroa Beherea) martxoaren 19an abiatu zen, eta 11 egun geroago iritsi zen Bilbora, 2.500 kilometroko ibilbidea egin eta gero.

Bizkaiko hiriburuan bertan egin zuen bukaera ekitaldia; jendez gainezka zegoen Bilbo. Irribarreak eta malkoak; biak tartekatzen ziren bildutakoen artean. Leloari dagokionez, argia: Euskahaldun. Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak irakurri zuen milaka euskaltzaleren aurrean, eskuz esku, Euskal Herriko iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera ibilitako lekukoak gordetako mezua. Hala, Korrikaren leloari erabateko zentzua eman zion: “Nor gara? Bagara nor. Ez gara menpeko perpausa. Menpeko izateari utzi, eta ahalduntzea da kontua”.

Bilbora iritsi orduko bide luzea egina zuen Korrikak Bizkaian, eskualdez eskualde: denera, 458 kilometro. Martxoaren 23an sartu zen lehenengoz herrialdean. Gipuzkoa Elgetatik utzita, Elorrion egin zioten lehen harrera bizkaitarrek. Lau ordu eskaseko ibilaldia egin ostean, Ermutik atera zen Gipuzkoarantz, berriz ere. Gau horretan bertan, Lea-Artibain jaso zuten lekukoa; ondarroarrek eskuz esku ibili zuten, eta, eskualdean itzulia egin ostean, goizaldean Busturialdera iritsi zen. Ibarrangeluko euskaltzaleak zituen zain Korrikak, gau ilunean euskararen alde azaltzeko prest. Forutik 06:00etan igaro zen. Hango barnetegian zeuden dozena bat ikasle lapurtar zalapartan esnatu ziren, lasterketan irtetzeko gogoz. Hamar kilometro egin zituzten, eta Mundakaraino iritsi.

Kostaldera helduta, Bermeon Sollubetik gora egin zuten Mungiara arteko ibilbidea. Lehenago, Larraurin, txokolate beroa zuten zain korrikalariek.

Une hunkigarriak

Uribe Kostakoek Urdulizen zuten lehen geralekua. Bereziki jendetsuak izan ziren Plentziako eta Getxoko kilometroak. Algortan, furgonetara igo, eta bertsorik bota zuenik ere izan zen, ALBE bertso eskolari zegokion txandan.

Korrikak berezko duen emozioak gainditzen dituzten hainbat pasarte izan zituen. Besteak beste, Itzulbatzetan, AEKn urte luzez aritutako Lurdes Goikoetxea eta Korrikaren sustatzaile izandako Joseba Kanpo omendu zituzten. Haien seme-alabek azaldu zuten zendutako biek sortu zuten lekukoa zerabiltela eskuz esku. 1.267. kilometroa zen.

Milaka lagunen artean horrenbeste kilometro egin ostean, bitxikerientzako tarterik ere izaten da. Erandiotik Barakaldora bitartean, esaterako, traineruan egin zuen ibilbidea lekukoak, arraunlarien esku. Ezkondu aurreko agur festa korrika ospatzeko ere erosi zuten kilometro bat, baita ezkondu behar zuen bikote batek ere 19. Korrika hartan. Ohikoak dira horrelako bitxikeriak, AEKren arabera.

Meatzaldea eta Enkarterri igaro ostean, asteazken goizaldean atera zen Gordexolatik Arabara bidean. Urduñan sartu-irten bat egin zuen, baina larunbatera arte ez zen berriz itzuli Bizkaira. Arratia, Hego Uribe, Zornotza eta Txorierri pasatuta iritsi zen Bilbora, goizean goiz.

Milaka lagunen babesean egin zituen lekukoak azken kilometroak. Lekukoa Areatzako San Nikolas atarian jarri zuten oholtzara iritsi bitartean; hainbat eragileren eskuetatik igaro zen, eta, ondoren, Agirrek zabaldu zuen lekukoaren barruan zegoen mezua. Orduan Bilboko alkate zen Ibon Aresok udaletxe parean hartu zuen. Haren atzetik, besteak beste, Gure Esku Dago mugimenduak, Udalbiltzak, Etxerat elkarteak, BERRIAk, alderdi politikoek, Euskaltzaindiak, Ikastolen Elkarteak eta Kontseiluak eman zituzten azken pausoak.

Azkena, 2.501.ena, AEKri berari egokitu zitzaion. Oinez murgildu ziren jendetzaren artean, lekukoa oholtzara eraman zuten arte. Orduan hartu zuen hitza Lorea Agirrek. “Auzia ez da izan ala ez izan. Kontua ekitea da. Eta nor izatea, euskahaldunduz guztiok ahaldunduko gaituen herri bat sortzeko. Izatea ekitea da. Egiten duguna gara”.

Hamar urte igaro arte Korrika ez da berriz Bilbon bukatuko. Hala ere, bi urteren buruan itzuliko da Euskal Herrira, euskararen aldeko apustuari eusteko.