Elkartasuna, zigortuta

Elkartasuna, zigortuta

Kukutza III gaztetxearen hustuketak eta egun hartako atxiloketek soka luzea ekarri zuten. 2011ko irailean izandako gertakariekin lotutako epaiketetako bi 2015ean egin zituzten; bata, urtarrilean, eta, bestea, irailean.

Hustuketari lotutakoa izan zen lehenengoa. Kukutzaren alde agertu direnen artean, zapore gazi-gozoa utzi zuen. Epaitutako 23 gazteak absolbitu egin zituen epaileak, usurpazio deliturik ez zutela egin ebatzita. Are gehiago: epaiak nabarmendu egin zuen Kukutzan antolatzen zen “kultur jardunbidea”. Horrez gain, eraikinaren jabe Cabisa enpresari aurpegiratu zion ez zuela izan inolako asmorik hura saltzeko edo errentan jartzeko. Hala ere, gazteetako bati hiru urteko kartzela zigorra ezarri zion, “agintearen kontrako atentatua” egitea leporatuta.

Bestalde, eraisketa egunean istiluak eragitea egotzita epaitu zituztenen auzian, hemeretzi lagun epaitu zituzten, irailean. Denei zigor bera ezarri zieten: bederatzi hileko espetxealdia eta 84.000 euroko kalte-ordaina. Isuna denen artean ordaindu beharrekoa da. Urrian iritsi zen epaia.

Bi zigorrok kritikatu egin zituzten Kukutzaren aldekoek. Urtarrileko epaiketan ertzainen lekukotasunetan oinarritu zen epailea erabakia hartzeko orduan. Ertzainen arabera, gaztetxean zeudenek “denetarik” bota zieten , baina ezin izan zuten inor identifikatu. Hala ere, ustez betoizko mokor bat bota nahian zebilen gazte baten kontra gomazko pilota bat jaurti zuten. Atxilotuetako bat izan zen zauritu zuten gazte hura. Identifikatu egin zuten, eta salaketa jarri haren aurka. Gazte hura bera izan zen zigortu zutena.

Gazteek ertzainen bertsioa ukatu zuten epaiketan. Are gehiago, poliziaren aurrean jarrera pasiboari eutsi ziotela azaldu zuten. Defentsarako abokatuek ertzainen bertsioaren kontraesanak ere nabarmendu zituzten, eta prozedura akatsak salatu. Hain zuzen, atxilotu zutenean, gazteari ez zioten atentatua leporatu; auzibidea abian zegoela iritsi zen akusazio hori.

Kukutzarekiko elkartasun taldeak gertatutakoa salatu zuen. Bilboko Udala eta Cabisa enpresa egin zituen gaztetxean egiten zuten lana deuseztearen erantzule. Horrez gain, gogora ekarri zuen hustuketaren ingurumarian izandako “polizia okupazioa” ere: soilik lehen egunean ehundik gora lagun zauritu ziren “poliziaren indarkeriaren” ondorioz. Haien ustez, salaketa eta epaiketak “astakeria hori guztia estaltzeko” abiatu zituzten, “Kukutza barruan zein kanpoan elkartasuna adierazten zutenak kriminalizatuz”.

Iñaki Carro defentsarako abokatuak epaiaren kontrako helegitea aurkeztuko zutela iragarri zuen. Larritzat jo zuen gazte bat espetxera bidaltzea “inolako frogarik gabe eta Ertzaintzaren testigantzan oinarrituta”. Hala ere, epaiaren garrantzia nabarmendu zuen, usurpazio deliturik ez zela egon frogatu zuelako. Hori izan zen-eta Kukutza eraisteko erabili zuten argudioa.

Oinarri juridikorik gabe

Iraileko epaiketako epaiari buruz ere antzeko salaketak egin zituen abokatuak. Atxiloketak istilu nabarmenenak baino lehenago izan baziren ere, kalte guztiak ordaintzeko isuna ezarri zieten. “Oinarri juridikorik gabeko” epaiaren kontrako helegitea iragarri zuen. Denetariko akatsak salatu zituen. Haren esanetan, konpondu dituzten edukiontziak gau hartan hondatu zirenik ez zuten esan. Horrez gain, kalte-ordaina Bilboko Udalak eskatu bazuen ere, bertako abokatua ez zen agertu epaiketara. Fiskalak egin zuen eskaera, haren lekua hartuta. Helegiteen ebazpenen zain geratu ziren zigortutako gazte guztiak.