Ur gainean bizi den itsas gela

Ur gainean bizi den itsas gela

Sukarrietako Txatxarramendiko zubiaren eta Busturiko Itsasbegiko tren geltokiaren artean dago Txatxarramendiko itsaskitegia. Urdaibaiko biosferaren bihotzean dago, itsasadarrean kokatuta. Trenbidea igaro beharra dago hara heltzeko. Ibilaldi polit bat eginez irits daiteke, eta inguruan dituen bankuetan eserita, lasaitasun osoz, paisaia paregabeaz gozatzeko aukera eskaintzen du. Duela gutxi atondu du Busturiko Udalak aisialdirako gune hori.

1930. urtean eraiki zuten Txatxarramendiko itsaskitegia, izen bereko irlaren inguruan. Garai hartan, langosteroa edo haztegi moduan ezagunagoa zen. 1919an ateak ireki zituen Pako ostatuaren parean kokatu zuten. Busturiko udalerrian dago, nahiz eta Pako ostatuaren propagandan Sukarrietan kokatzen zuten.

Itsaskitegiaren betebeharra Pako ostatuko sukalde eta mahaietarako itsaskiaren aterpetxe izatea zen. Behin-behinean gordetzen zituzten han; ezin hobeto gorde ere, mahaikideen plateretan zerbitzatuko ziren itsaskiak, txirlak, lanpernak edo arrainak. Horietako batzuk —txirlak esaterako— barnealdea inguratzen zuen balkoi korrituaren pasagunetik zeuden eskegita, saskietan sartuta; eta besteak —otarrainak, adibidez— igerilekuan zehar aske ibiltzen ziren, salabardoarekin pasagunetik harrapatzen zituztenera arte. Bitartean, noizbehinka botatzen zitzaien ogi apurrekin elikatzen ziren.

Igerilekua barruan

Eraikina bitxia da, gainera. Konporta automatikoak eta altuera jakinean hormak zeharkatzen dituzten zenbait hodik eraikinaren barnealdera itsasaldietako ura sartzea eta irtetea ahalbidetzen dute. Baina barnealdea ez da erabat husten, itsasbeheran ura ateratzen denean itxi egiten den konporta baitago zoruaren arrasean. Horrela, itsasbeherei esker barnealdean igerileku txikia egotea lortzen zuten. Ura, itsasgora bakoitzarekin berriztatzen zen.

1968. urtean Pako ostatuak ateak itxi zituen, eta eraikin txiki berezi hori bertan gelditu zen. Urteen poderioz, haren egoera okertuz joan zen, inork ez baitzuen hartu mantentze lanik egiteko ardurarik.

Ahaztuta geratu zen; hutsik. Itsasgora eta itsasbeheren laztanen laguntasun bakanarekin. Urte askoren ondoren, iritsi zen hari zegokion garrantzia aitortzeko prest zegoen talde bat. Hozkailurik ez zegoen garai hartan horren garrantzia handia hartu zuen eraikin etnografiko eta historiko hura memoriatik desagertzeko zorian zegoela ikusita, Urdaibaiko Galtzagorriek zerbait egin beharra zegoela pentsatu zuten. 2001ean eraikina zaharberritzeari ekin zioten. Urdaibairen alde lan egiten duten boluntarioek osatzen dute talde hori.

Zaharberritze lanak egiteko, hainbat erakunderen diru laguntzak izan zituzten. Hala ere, ezinbestekoa izan zen beraien denbora eta esfortzua jarri zuten hogei bat boluntarioren lana. Prozesua luzea izan zen. Hiru hilabetetan gauzatu zuten zaharberritzea. Edertasun handiko eremuari zegokion itxura emateaz gain, garai hartako ostatu sektorearen indutria jardueraren adierazle zen eraikina zaharberritu zuten.

2003. urtean hasi ziren hausnartzen zein erabilpen eman ziezaioketen Txatxarramendiko itsaskitegiari. Esku artean zituzten zenbait proposamenen artean, erabilera didaktikora zuzentzea erabaki zuten. Hala, Txatxarramendiko Itsaskitegiaren Itsasgela bihurtu zuten. Ingurumen heziketarako ekipamenduz hornitu zuten. Bisitatu ere egin daiteke.

Tradizioaren eta modernitatearen bilgunea izateko nahiarekin osatu zuten Txatxarramendiko itsaskitegia. Tradizioa jasotzen du, itsasoko eta kostaldeko kontuez hitz egiten delako bertan, bereziki; eta modernitatea, berriz, energia berriztagarrien bidez —eguzki energiaren bidez zehatzago esateko— itsaskitegia argiztatzea lortu dutelako.

Itsaskitegiaren barruan hainbat informazio panel daude; baita kanpoaldean ere, itsaskitegira joateko bidean. Herritarrek edota bisitariek inguru horretan egin diren lanen berri izan dezakete.

Bestalde, barrualdea girotze aldera, arrantza tradizionaleko tresnez eta hainbat itsaskiren maskorrez apaindu zuten. Era berean, itsasgora eta itsasbeherekin sartzen eta irteten den urak sortzen duen barruko igerilekuan, itsas bazterreko animalien lagin txiki bat dago ikusgai.