‘Je suis’ ETB1

Ez da, Pariseko ezbeharraz ari garela, gauzarik inportanteena; ados. Baina, jada egun batzuk igarota, kazetaria eta euskara irakaslea naizen heinean, ez nuke oharkabean pasatzen utzi gura: Pariseko atentatuak izan ziren ostiral gauean, ETB1en pilota eman zuten, eta ETB2n dopinari buruzko erreportajea. Ez zuten programazioa aldatu, eta, atentatuaren gaineko berriak jasotzeko, derrigorrean erdal kate batera jo behar izan genuen.

Euskal Herriko telebista publikoak ez zuen, beraz, barikuan saio berezirik eskaini. Eta ETBren jarrerak, edo jarrera ezak, atoan sortu zuen eztabaida Twitterren zenbait kazetariren artean. Gehienek kritika egiten zioten, baina egon zen bestelakorik ere. Zera zioen batek: ulertzen zuela ETBk ez egitea emankizun berezirik, zerbitzu publikoa Espainiako kate publikoarekin ziurtatuta zegoelako; eta ETBren zerbitzua haren osagarri izan behar duelako. Alegia, ETBk euskaldunon gauzetarako (sic) izan behar duela, batez ere. Eta galdera egiten zuen: atentatuei buruzko bat-bateko saioa egitekotan, zein hizkuntzatan?, euskaraz, ETB1en; ala gazteleraz, ETB2n?

Bada, nire ustez, tamainako jazoera baten aurrean, telebista publiko batek modu egokian erantzuteko baliabideak eta gaitasuna eduki behar ditu. Nola ez, komunikabidea Euskal Herriko telebista publikoa izanik (edo hori izanik bere bokazioa), delako jazoera Euskal Herri zati bat bere baitan duen Estatu bateko hiriburuan gertatu bada. Are gehiago, gerora konfirmatu zen bezala, erasotuen artean euskaldunak egon zitezkeenean. Eta zein hizkuntzatan? Hauteskundeetan-eta ez dute zalantzarik egiten, ba; euskaraz zein gazteleraz egiten dituzte bereziak. Kasu honetan, aukeratu behar izatekotan, nire uste apalean, euskaraz egin beharko zuketen, zeren eta, kazetari hark idatzi zuen bezala, gazteleradunek eta, zer esanik ez, frantsesdunek bermatuta baitzeukaten zerbitzua egun hartan.

Edozelan, Pariseko atentatuena adibide bat da. Leire Narbaizak azaroaren 12an Info7 irratirako egin zuen kolaborazioan (eibar.org blogean ikusgai), galdera hau egiten zuen: Zertarako nahi dugu ETB1 hau? Astebururo mariatxiak, trikitrixa, jota txapelketak, pastorala, dantza soltea eta gisakoak, gurpil-zoro katodiko baten moduan, emititzen dituen telebista ixtea ez ote litzatekeen zentzudunagoa izango galdetzen zuen.

Hauxe ere bazioen (eta guztiz ados nago): “Kontua ez litzateke larria izango euskaraz dugun telebista bakarra ez balitz, eta euskara sustatzea helburu izango ez balu”.

Telebista hizkuntza bat batzeko eta normalizatzeko ezinbesteko tresna da, eskola den heinekoa, kasik. Hori horrela izanik, zergatik ez egin telebistan eskolan egin den apustua? Zergatik ez egin, inoren hizkuntz eskubideak urratu barik —gaur egungo telebista guztiek onartzen dituzte jatorrizko bertsioak eta azpidatziak eduki guztietan— gaztelerari, frantsesari zein ingelesari leku egingo dien baina nagusiki euskaraz izango den telebista kate on-on bat (edo bi)? Hori horrela, agian, sobera dagoena ez da ETB1, ETB2 baizik.