“Ezustekoa eman zuen lehen azokak”

“Ezustekoa eman zuen lehen azokak”

Durangoko Azokaren 50 urteko historia biltzeko liburua osatu du Gerediaga elkarteak. Joseba Sarrionandiak eta Jesus Mari Arruabarrenak idatzi dituzte testuak eta Txelu Angoitia argazkilariaren lanarekin osatu dute Durangoko azoka 1965-2015 liburua. Orain artekoa jaso eta datozen urteetarako historia egiteko oinarria jarri du Arruabarrenak (Garai, 1964).

Bi atal ditu liburuak. Mundutik azokara eta Azokatik mundura. Zer jasotzen du?

Joseba Sarrionandiak idatzi du Mundutik azokara izena duen atala. Oso saio mamitsua egin du liburuan Josebak; azken hamarkadetan munduan, Espainian eta Euskal Herrian hainbat arlotan egon diren aldaketak jaso ditu. Politikagintzan zein kulturgintzan izan diren gertakarien analisia eta hausnarketa sakona egin du, besteak beste. Liburuaren markoa jarri du Josebak, ikuspegi orokor bat, pixkanaka hurbilduz doana.

Zuk zeuk egin duzu bigarren atala, Azokatik mundura.

Durangoko Azokaren lehen urratsetatik hasi eta gaur egungo garaietara egin dut nik. Kontakizun historikoa osatzea egokitu zait, eta ahalik eta modurik irakurterrazenean idazten saiatu naiz. Hamar lagun elkarrizketatu ditut horretarako. Azokaren lehen urteetan izan zirenak dira gehienak; Gerediaga elkartearen eta azokaren zuzendariak, adibidez. Entzundako istorioei ahalik eta fidelen izaten saiatu naiz, eta ez pentsa erreza denik. Gaur egungo egoeraz eta norantz joko duen ere jaso dut bertan. Txelu Angoitia azokaren argazkilariak osatu du liburua.

Zaila izan da dokumentazioa biltzea?

Elkarrizketak egiteaz gain, Gerediagako artxiboa arakatu dut. Osagarri ona izan da lekukotasunak osatzeari begira. Edonola ere, oso memoria oneko jendea dago, eta hori izan da gehien lagundu didana. Azokaren historia oztopoz betea egon da, baina denek jakin dute arazoei aurre egiten, eta oso modu kementsuan egin dute guztiek.

Hori da elkarrizketetan jaso duzuna?

Guztiz ezberdina da azoka hasierako eta gaur egungo egoera. 1950eko hamarkadan oso baldintza txarretan zegoen kultura mundua Euskal Herrian. Jose Luis Lizundiak sarritan esaten du euskal kultura katakunbeetan zegoela. Oso konplexua zen egoera, eta hori ere ulertu egin behar da. Franko bera bizirik zegoen oraindik, eta edozein kultur elkarte ala ekitaldi aurrera eramatea oso zaila zen. Horregatik ezustekoa eman zuen lehen azoka hark. Sekulako arrakasta izan zuen, eta itzelezko sorpresa izan zen denentzat, baita sortu zutenentzat beraientzat ere.

Sorrera urteak aipatzen dituzu behin eta berriz.

Sorrerako urteen historiak asko deitu dit arreta. Leopoldo Zugaza azokaren sortzailea asko borrokatu zen azoka egitearen alde, eta garai hartako hainbat istorio ditu. Esate baterako, elkartea sortzeko eta azoka antolatzeko bilerak bere etxeko bulegoan egiten zituzten. Bi aulki zituen bakarrik, eta, beste guztiak sartzeko, adreiluak eta egurrak batu, eta aulkiak egiten zituzten. Gaur egungo azokaren garapenarekin alderatuta, pentsa ezina da irudi hori

Bada azpimarratuko zenukeen beste pasadizorik?

Bai, 1970eko hamarkadakoa. Azoka Andra Mari elizpean egiten zen sorreratik. 1974. urtearen inguruan Bizkaiko gobernadore zibilak azoka debekatzeko ahaleginak egin zituen. Erlijioa aitzakiatzat hartu, eta ekitaldia elizpean egitea galarazi zuen. Arduradunek begiz jota zuten Merkatu Plaza ordurako. Eta debekua iritsi bezain pronto, han egitea erabaki zuten. Debekua kalterako izango zela pentsatzen zuten, baina azkenean, gobernadorearen erabakia ala asmoa azokaren onerako izan zen. Merkatu Plazan egiten jarraitu zen azoka, txiki geratu zen arte.

Noiz baretzen da erakundeek azokarekiko duten harreman txar hori?

Erakundeen arteko harremanak ere jaso ditut atal batean. Azokako antolatzaileek kontu handiarekin aritu behar zuten baimenak eskatzerako orduan etab. Azokak martxa hartu arte, ikuspegi folklorikoagoa zuen, tradizioari gehiago begirazten zion ekimenak, nolabait. Eta hori luparekin aztertzen zuten politikariek. Durangoko azokaren historiaren lehen urratsetan oso presente izan behar da hori; frankismo betean antolatzen zela.

Franco hil ondoren, nabaritu al zen aldaketa?

Ohituta gaude Gerediaga kultura bultzatzen duen elkarte gisa ulertzen. Baina, hasieran, askoz zabalagoa zen Gerediagaren eginkizuna. Guardasolarekin alderatzen dute sorrerako kideek; gauza asko babesteko elkarte gisa, alegia. Franko hil ondorengo garaietan aldaketak egon ziren elkartean. Aurrez Gerediagari mesfidati begiratzen ziotenek, laguntza ematera jo zuten elkartera. Eta bien bitartean, mugimenduak izan ziren elkarte barruan, kide asko politika eta kulturgintza mundura sartu baitzen. Umezurtz geratu zen Gerediaga.

Gertatuko dena ere jaso duzu liburuan.

Izen aldaketarekin etorri da jauzia. Euskal Liburu eta Disko Azoka zen lehen, eta Durangoko Azoka bihurtu da orain. Nerea Mujika Gerediagako lehendakariaren ustez, izena aldatzetik aparte, ikusmoldea bera aldatu egin da. Euskal Kulturaren plaza da orain Durangoko zita. Liburu eta diskoak saltzetik aparte, bestelakoak lantzeko gune asko dago gaur egun. Handinahiagoa eta zabalagoa da azoka orain.