Entelgy Ibaik behargin bat zigortu du lankide baten kaleratzea salatzeagatik

Azaroaren 13az geroztik, etxean dago Gorka Naveira Velasco (Bilbo, 1978), Bilboko Entelgy Ibai enpresako behargina. Bi hilabetez enplegu eta soldatarik gabe zigortu du informatika alorrean aritzen den 110 langile inguruko enpresa horretako zuzendaritzak. Horretarako arrazoia zein den azaldu du kaltetuak berak: zortzi urtean lanean aritu den lankide baten kaleratze bidegabea salatzea.

Joan den urriaren 23an izan zuten lankidearen kaleratzearen berri. Azken urtean auto istripu bat izan zuen, eta ia urtebete egin du gaixoaldian. Bekadun bat jarri zuten haren ordez. “Lanpostura itzuli zenean, enpresaburuak pentsatuko zuen oraindik egun batzuk gaixoaldian eman beharko dituen langile bat izango duela, ez da-eta erabat osatu”.

Gainera, itzulitakoan, ezkontzeko asmoa jakinarazi zion lankideak zuzendaritzari. “Argi eta garbi iruditu zaigu enpresaburuak kontuak egin ostean hartu duela kaleratzeko erabakia: bekadunari gutxiago ordaindu behar dio, eta besteak izan dezakeen gaixoaldi arazorik ez du izango. Kaleratua, gainera, ezkondu egingo da, eta ama izan gurako duela ere pentsatuko zuten”.

Hori ikusirik, enpresa batzordeak ezinegona agertu zuen. Naveirak berak hitz gogorrak izan zituen zuzendariarekin. “Hala ere, ez zen irain pertsonalik egon. Ez nion berari pertsonalki esan. Berak hori badaki. Baina bere aurkako erasotzat hartu du”.

Hala, nagusiaren aurkako irain faltatzat jo du gertatutakoa, eta kaleratzeaz bestalde ezar ziezaioketen zigorrik gogorrena aplikatu diote. “Betiko kanporatu nintzaketen. Baina badakite horri buelta emango geniokeela, eta ez zuten halako egoerarik sortu nahi”.

Argi dauka zein den enpresaren helburua: “Inork ezer ez esatea, eta eurak nahi dutena egitea”. Hala, urduritasuna eta langileak beldurrarazteko nahia sumatu dituzte ezarritako neurrian.

Naveirak zigorra bete egingo badu ere, haren aurkako helegitea jarriko du. “Abokatuek esan didate erraza izango dela irabaztea, zigorra ezartzeko prozedura kontuan hartuta, bistakoa delako ez dela irainik egon”. Izan ere, bi lekukok baino ez dute esan eztabaidako pasarteren bat entzun zutela. Eta bakoitzak gauza desberdin bat kontatu du.

Enpresaren jarrera aldaraztea lortu nahiko lukete berak eta enpresa batzordea eratzen duten ELAko kide guztiek. Duela lau urte sortu zuten batzordea. Eta orain artean ez dute lortu negoziaziorik zuzendaritzarekin. Beharginek auziak irabazi ahala, goragoko instantzietara jo du zuzendaritzak. “Auzitegi Gorenak lan ituna betearazteko agindu du. Hala ere, ez dute kasurik egin. Uste dute langileei haizea ematea dela enpresa batzordearekin eztabaidatzea”. Egoera horrek giro txarra besterik ez duela sortzen argitu du, eta eurek elkarrizketarako prest jarraitzen dutela.