Santurtzin herritarrek aukeratuko dituzte kale izen frankisten ordezkoak

Kapitain Mendizabal; Jose Maria Larrea; Eskolamaisu Calles. Santurtziko kale izenak dira. Frankistak. Mendizabal, esaterako, abiazio kapitain izan zen Francoren armadan, eta biztanle zibilen aurka airez egindako operazioetan parte hartu zuen. Larrea Santurtziko alkate izan zen; 1945ean, indarrez hartu zuen alkatetza, Francoren izenean. Calles, berriz, frankismoak herrian jarri zuen maisu gogor eta garrantzitsua izan zen, erregimenaren aginduak betearazten zituena. Halako pertsonak goratzen dituzten izenak kale izendegitik kentzeko garaia dela erabaki, eta, bide horretan, elkarlanean ari dira udaleko talde guztiak.

Memoria Historikoaren Legea onartu zenean hasi zen udala bere izendegia errepasatzen. Eta, Joseba Ramos zinegotzi jeltzalearen esanetan, sorpresa hartu zuten. Uste baino erreferentzia gehiago aurkitu zituzten frankismoarekin lotuta. Legea betetzeko helburuarekin gaiari heldu, eta lantalde bat osatu zuten. Zein izen ezabatu behar diren erabakitzeko lanean ari dira orain. Aurrez, udaleko idazkariak eta alkatetzako zuzendariak txostena egin dute, eta azterketa horren gainean ari da taldea lanean. Talde horretako kide da Ramos, eta dozena erdi kale inguru aldatuko direla uste du. Izendapenak “arrazoi antidemokratikoengatik” egin ziren kasuetan aldatuko dituzte izenak. Esate baterako, erregimenarekiko leialtasunaren omenez egin ziren izendapenak. Hala jasotzen dute udaleko izkribuek.

Alderdi guztiek adostuta

Idazkariaren txostena udaleko talde politiko guztien eskuetan dago. Alderdi guztietako zinegotzi bana dago lantaldean, eta denen artean osatuko dute aldatu beharreko kale izenen zerrenda. Ondoren, ordezko izen bat proposatuko du bakoitzak, eta proposamen guztien artean hiru aukera adostuko dituzte kale bakoitzerako.

Alderdi guztiek hitzartu beharreko izenak izanik, liskarra sortu litekeela pentsa liteke, baina Ramosek ez du “arazorik” aurreikusten. Azaldu du zergatia: “Zehaztu dugu izen berriek ez dutela izan behar ez politikoak, ez erlijiosoak; herrian egin duten lanagatik ezagunak diren pertsonak aukeratzea pentsatu dugu”. Eta horretan bat etorriko direla uste du.

Herritarrek ere proposamenak egiteko aukera izango dutela azaldu du zinegotziak. Hori bai: bozketara igarotzeko, lantaldeko zinegotziren batek bere egin beharko du proposamena.

Hiruna aukera zehaztuta daudenean, herritarrek aukeratuko dituzte izen berriak, botoa emateko aukera emango baitzaie. Irabazle suertatzen diren izenak udalbatzara eramango dira ondoren, eta bertan onartuko dira. “Herritarren botoak ez dira berez bete beharrekoak izango, baina alderdi guztiak bat gatoz herritarren nahia errespetatu behar dela”, adierazi du Ramosek. Hartara, udalbatzak herritarrek aukeratutakoa berretsiko duela dio, eta horrela izaera ofiziala emango zaiola erabakiari.

Beste neurri bat ere hartuko du udalak: Santurtzik, aitortza gisa, urrezko domina bana eman zien Franco diktadoreari eta haren ministro Jorge Vigoni, eta, orain, aitortza horiek erretiratzeaz gain, dominak herriari itzultzeko eskatuko die udalak familiei.