Euskal kultura, lau haizeetara

Hego haizeak eta giro epelak astinduta ekin die ekitaldiei aurten Udagoieneko Osterak; sanmartinen garaiak agintzen duen bezala. Hasi besterik ez da egin, ordea. Izan ere, azaroaren 27ra bitartean, astero, euskarazko ikuskizun batez gozatzeko aukera eskainiko du jaialdiak, Euskaltzaleen Topaguneak eta aldundiak antolatuta. Kontraste handiko artistak jarriko ditu oholtza gainean aurtengo Udagoieneko Osterak. Orekari buruz mintzatu da Aritza Escandon Euskaltzaleen Topaguneko kidea: “Ibilbide luze eta oparoa duten artistak ditugu. Esaterako, Benito Lertxundi bera. Eta hasiberriak ere bai: Libe eta Demode Quartet, kasurako. Sorkun, Hutsa eta Oreka Tx bezalako talde kontrastatuak ahaztu gabe”.

Horrez gain, Euskal Herriko hainbat lurraldetako artistek parte hartuko dute jaialdian. Eta emakume sortzaileen presentzia ere nabarmentzekoa iruditu zaio programazio arduradunari.

Antolatu dituzten jarduera guztien artean musika gailentzen bada ere, ez dago besteen gainetik nabarmentzen den estilorik. “Era berean, esan behar dugu pozgarria dela ikustea orain dela urte batzuk hasiberriak ziren artista batzuek aurtengo aldian ere parte hartu dutela, erreferente bihurtuta”. Mursego eta Kalakan aipatu ditu horien artean. Gernika-Lumon eskaini zuten ikuskizuna biek, jaialdia hasi zenean.

Gaurkoan, Balmasedako Klaret antzokiko agertokiak hartuko ditu euskal kultura eta euskara zabaltzeko eginahalean euren harri koskorra jarriko duten ikuskizunak. Hutsa eta Demode Quartet ariko dira han, hain zuzen ere.

Talde kontrastatu eta hasiberri bana elkartuko ditu agertoki berak. “Hutsa taldekoek etxean joko dute. Laugarren diskoa prestatzen ari dira, baina formatu akustikoan gozaraziko digute”. Doinu lasaiekin, musika gozoz betetako kontzertua eskainiko dute.

Demode Quartet taldeak, bestalde, euskal musikagintzaren hainbat kanta mitikoren bertsioak eskainiko ditu. “Ez dira ohiko bertsioak izango. Oso ikuskizun bisuala taularatuko dute, eta publikoak benetan gozatuko du”. Country, jazz, sanba eta pop-modernoaren doinuak taularatuko dituzte. Bide batez, Epa! diskoa aurkeztuko dute.

Gernika-Lumon ekin zioten, azaro hasieran, XVI. Udagoieneko Osterari. Handik abiatuta, Balmaseda, Muskiz, Bilbo eta Leioa igaroko dituzte, hasierako helburuei eutsita: “Euskarazko goi mailako kultur ikuskizunak Bizkaiko eskualde guztietara eramatea; bereziki, eskualde erdaldunetara”. Izan ere, duela hamasei urte hainbat eskualdetan euskararen presentzia oso txikia zen kulturaren arloan. “Prestigioa eta ikusgarritasuna emate aldera, formatu handiko euskarazko ikuskizunen aldeko apustua egin zen”.

Benito Lertxundi izango da hurrengo hitzorduko protagonista. Hilaren 20an emango du kontzertua, Muskizko Meatzari aretoan. Udagoieneko Osteraren hainbat ediziotan parte hartu du Orioko Bardoak, “eta urtetik urtera gainditu du aurrekoan egindakoa”. Oroimenaren oraina bere azken lana aurkeztuko du, betiko abesti klasikoak ahaztu gabe.

Emakumeak protagonista

Bilbo emakumeen agertoki bihurtuko da, bestalde, azaroaren 26an. Libe eta Sorkun sortzaile eta abeslariek bertako Kafe Antzokian bat egingo dute. “Libek rock malenkoniatsua eta iluna eskainiko du. Sorkunek, berriz, disko berria ekarriko du besapean; dantzarako aproposa, hainbat musika estilo jaso dituena: besteak beste, musika beltza, soula eta funka”.

Oreka Tx taldeak itxiko du aurtengo Udagoieneko Ostera, Silex izeneko ikuskizunarekin. Harri izena daraman kontzertu horretan, taldeak azken bi ikuskizunen musika jaso du: Hostoak eta Herritmo ikuskizunetakoa, hain zuzen ere.

Solasaldiak

Ikuskizunez gain, bestelako jarduerak ere prestatu dituzte. Mikel Markez eta Eñaut Elorrietaren arteko Baga Biga Higa solasaldia egingo dute Bilbon, azaroaren 25ean. “Ikusgarritasuna eta prestigioa lantzeko bide horretan, guretzat garrantzitsua da euskarazko kultura transmititzea eta euskal sortzaileak ikus-entzuleengana hurbiltzea”.

Markezek eta Elorrietak euskal kantugintzari eginiko begiratua aurkeztuko dute, 1960ko hamarkadatik gaur egunera artekoa. Belaunaldi berriei bertako musikagintza sakonago ezagutzeko eta maitatzeko aukera emango diete. Horretarako, oso formatu ikusgarri eta erakargarria aurkeztuko dute, bideoz, audioz eta irudiz lagunduta.

Hamasei urtetan asko aldatu da euskal kulturaren zabalkundearen egoera Bizkaian. “Pozgarria da ikustea Udagoieneko Ostera zirkuituak egindako apustuak egonkortu egin direla leku batzuetan, eta euskarazko eskaintza handiagoa eta ohikoagoa dela”.