Artea ikuspegi berriz gauzatuz

Trebakuntza, sorkuntza eta erakusketa. Artea berritu eta gauzatzea. Esperimentatzea. Hausnartu eta frogatzea. Ikusi eta ikastea. Irakastea. Hori eta gehiago uztartuko da Getxon asteburuan, kalean eratutako gela batean: praktika garaikideen aretoan, Getxoarten.

Martxan dago ikuspegi berritzailea oinarri duen jarduna. Atzo hasita, igandera arte egongo da ibilian. Artista berrien lana bultzatu, esperimentaziorako irrika piztu, sormena sustatu eta sortze prozesu horiek artista ez direnengana ere hurbiltzea du helburu egitasmoak.

Mota askotako ekitaldiak batuko dira, horretarako, Areetako Geltokiko plazan ipini duten karpan. Zeharkakoa eta aldakorra izango da gunea, eta lau programatan antolatuko dute; edozeinetan parte hartu ahal izango du ikusleak, doan.

31 artistaren 30 proiektu

Programa nagusia 31 artistak egindako 30 proiektutan oinarrituko da. Aurretiaz aukeratu dituzten proiektu berritzaile horietako bakoitzak stand bat izango du, nork bere nondik norakoak erakuts ditzan. Euskal artistenak izango dira proiektu horietako gehien-gehienak: 30etik 24. Gainontzekoak Salamanca, Granada, Kantabria, Bartzelona eta Valentziako sortzaileek aurkeztuko dituzte.

Programa Hezigarriak hitzaldiak, eztabaidak, bisita gidatuak eta haurrentzako tailerrak bilduko ditu. Bestetik, Programa Kuratorialean, artearen mundua eta arte eszenikoak dantzarekin, musikarekin eta performanceekin uztartuko dituzte. Are lotura bitxiagoak egingo dituzte Programa Zabalduan: elkarrekiko oso desberdinak diren sormen motak eta eragileak batuko dituzte.

Ekitaldiz jositako egunak izango dira datozenak. Gaur arratsaldean zein bihar eta etzi eguerdian, esaterako, bisita gidatuak eta tailerrak izango dira. Hitzaldiak goiz eta arratsalde egongo dira, eta musika emanaldiak, performanceak, antzerkia zein bestelakoak ere bai.

Igandera arte

Getxoko Areeta auzoko Geltokiko plazan jarri duten karpan izango dira ekitaldi guztiak, goiz eta arratsaldez, doan.