“Autoestimua lantzen irakatsi digute”

Seme-alabak izugarri maite ditudan arren, niretzako espazioa behar dudala ikasi dut”. Anda Gromovaren adierazpenak dira (Letonia, 1984). Bi seme-alaba txiki ditu. Duela hamar urte iritsi ziren bera eta senarra Bilbora. Valentzian ere izan ostean, Getxora itzuli ziren duela urtebete. Orain, unibertsitatean ari da, Zientzia Ekonomikoak ikasten. Iaz hasi zen Emakume Etorkinentzako Topaketa eta Prestakuntza programan. “Geure buruarengan pentsatzen irakatsi digute. Eta autoestimua lantzen”.

Antzeko gauzak ikasi ditu Margot Mendozak ere (Bolivia, 1974). Topaketetan parte hartu arte, “semeak eta senarra baino ez ziren nire ardura. Zoriontsu izaten uzten ez ninduen bizkar zorroa nuen”. Aurten hasi da saioetan parte hartzen. Duela zortzi urte iritsi zen Bilbora. Lehenago Herrialde Katalanetara joan zen; bakarrik. Hiru semeak bera baino bi urte geroago iritsi ziren. “Hasieran hemen ez ziren moldatzen”. Hainbat zahar etxetan eta saltokitan egin izan du lan. Egun, mirabetzan ari da.

Elkartzen direnean, besteak beste, sexuari, hilerokoari, menopausiari eta emakumeen askatasunari buruz hitz egiten dute. Gladys del Aguilari (Peru, 1974) lagungarria egin zaizkio topaketak arlo horietan eta beste askotan: “Sexuari buruz naturalago jarduten ikasi dugu. Geure buruak ezagutzen, maitatzen eta ukitzen irakatsi digute”.

Amatasuna ere landu dute; seme-alabengandik urruti garatzea izugarri kostatu zaie. Baita gero umeekiko harremanak berreskuratzea ere, haurrak euren ondora iritsi direnean.

Iritsi eta bi urteren ondoren eraman ahal izan zuen semea berarekin Del Aguilak. “Nirekin haserretuta bezala hazi zen. 12 urte zituela gorroto egiten ninduen. Nire erruz behar bezalako haurtzarorik ez zuela izan esaten zidan”. Zergatia azaldu zion, eta Perura eraman zuen. Amak kontatu zion historia berretsi zion familiak, eta ulertu egin zuen.

Harentzat ere ez zen esperientzia samurra izan. “Zailena nire semearekin ez egotea izan zen”. Hiru urterekin utzi zuen Perun, eta 5 urte zituela elkartu zen harekin. “Bi urte horiek nire bizitzako zailenak izan ziren. Esna nengoela ametsetan bezala aritzen nintzen”. Elkartu zirenean, baina, egoera ez zen berak uste bezain erraza suertatu. Bakarrik zegoen, gainera. Gutxienez, lanean gauzak erraztu zizkioten. Ostalaritzan ari da egun.

Mendoza “gaixotu” egin zen semeekin ez zegoelako. Eta orain, euren jarreragatik kezkatuta dago: “Oso onak dira. Seme nagusia oso lasaia da. Baina nik beste helburu batzuk izan zitzan nahi nuen. Konformistegia da. Ekimen handiagoa izan zezan nahiko nuke. Ez dut nahi nik pasatutakoa pasa dezaten”.

Del Aguilak berehala bideratu du Mendozak azaldutako sentimendu hori, eskoletan ikasitakoa baliatuta: “Nik ere gaizki pasatzen nuen lehenago. Baina gertatu ez den zerbaitengatik sufritzen ari gara. Beharrizan handiagoa pairatu izan dugu guk. Gure seme-alabek ez dute horrelakorik ikusten”. Hala, euren bidea egiten ikasi behar dutela azaldu du. Eta amek, egoera horiek lasai hartzen eta ulertzen.

Dena den, emakumeok gehien estimatzen dutena lagunak egiteko eta sozializatzeko eskaini dieten aukera da. Gromovarentzako oso gogorra zen bakarrik sentitzea: “Latinoamerikako bizilagun asko dago hemen, baina oso letoniar gutxi”.

Integraziorako baliabide bat ere izan dira topaketak: “Elkar ezagutzen lagundu digute. Saioetan aritu arte ez nuen latinoamerikarrik ezagutzen. Are gehiago, beti pentsatu izan dut ez nuela eurekin inongo antzik. Hemen ezagutu ditudanean, ordea, ohartu naiz antz handia dugula”. Antzeko arazo, kezka eta itxaropenak dituztela jabetu dira.

Pozik daude urteetan itxiak izan dituzten begiak irekiarazi dizkietelako. Bereziki, patriarkatu gordinaren mende dauden herrialdeetan bizitakoak. Mendozaren jokabidea asko aldatu da: “Zein inozoa izan naizen. Bolivian geundela, senarrak ez zuen nahi nik etxetik kanpo lan egiterik. Hona iritsi zenean, gauzak erabat aldatu zirela esan nion. Arauak aldatu ditut. Orain iritzia biok eman behar dugula esaten diot. Erabakiak bion artean hartu behar ditugula”.

Aberasgarriena emakumeen artean eratu dituzten sareak dira. Elkarrizketa bukatu da, eta Getxoko Ahalduntze Eskolatik irtetean, zerbait hartzera joan dira denak. Topaketetan sortutako konplizitate harremanak sakontzen ari dira.