Aurrekontuetan ere lehentasuna enplegua dela dio Bilboko Udalak

“Arretaz eta zorroztasunez” landutako aurrekontuen proposamena aurkeztu du Bilboko Udalak datorren urterako. Juan Mari Aburto alkatearen esanetan, orain artekoa baino egoera hobea iragartzen dute adierazleek, baina suspertzea “ahula” da oraindik. Hortaz, 2016. urtean aurten baino diru gehiago gastatzea aurreikusten duen arren, “zuhurtziarekin” aritu beharraz ohartarazi du. Ekonomia jarduna piztu eta lanpostuak sortzea lehentasun duela esanaz aurkeztu du datorren urtera begirako kontuen zirriborroa, Marta Ajuria Ekonomia eta Ogasun sailburuarekin egindako agerraldian.

509,8 milioi eurokoa da EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernuak egindako proposamena; aurtengoa baino %4,1 handiagoa. Inbertsioetan %6 inguruko hazkundea aurreikusten du, eta sail gehienek diru partida handiagoa izango dute. “Pixka bat ilusio handiagoa sortzen duten aurrekontuak dira”, adierazi du Aburtok. Gainera, sailek diru gehiago izango duten arren, urtea zorrik gabe itxiko den esperantza du alkateak.

Ekonomia suspertzeari eta lanpostuak sortzeari garrantzia berezia eman dio Udal Gobernuak, alkatearen hitzetan. Horrekin batera, auzokideen ongizatea hobetu, zerbitzu publikoen kalitateari eutsi eta auzoak hobetu nahi dituela adierazi du. Hartara, auzoak garatzeari bideratuko zaio diru gehien: 27,8 milioi euro. Hain zuzen, Auzokide Planaren bidez, Bilboko auzo bakoitzean milioi eta erdi euro inbertituko dituela jakinarazi du udalak. Proiektu zehatzez harago ere, Lan, Zerbitzu, Hirigintza Berritze eta Espazio Publikoari dagokion arloak eramango du diru gehien: 117 milioi eurotik gora, guztira.

Ekonomia eta Ogasuna alorretara bideratuko da bigarren partidarik handiena: 71 milioi euro baino gehiago. Hiritarren segurtasunerako 70,2 milioi euro izango dira; Garraioak eta Ingurumenerako 48,5 milioi; Gizarte Ekintzarako 45,3; eta Kulturarako 28,9. Ekonomiaren garapenera, komertzioetara eta enplegura 22,9 milioi euro bideratuko dira.

Zorrotzaurre

Plangintza zehatzei dagokienez, Zorrotzaurreko proiektuak xahutuko du diru gehien: 4,6 milioi euro. Gizarte Larrialdietarako laguntzetara 4,5 milioi bideratuko ditu, eta elementu mekanikoak jartzeko planera 3,8 milioi. Errekalden Feve trenbidearen lubakia urbanizatzeko 3,5 milioi euro erabiliko dira, aurkeztutako aurreikuspenaren arabera. Iturrigorri-Gardeazabal ingururako 3 milioi gordeko dira, etxebizitzetarako. Menpekotasunak dituzten pertsonak etxe komunetan sartzeko, berriz, 2,4 milioi.

Bizkaibuseko autobusak berritzeko zein udal kiroldegiak hobetzeko bina mila euro aurreikusi ditu udalak. Euskara sustatzeko 1,8 milioi, eta Euskal Museoaren proiekturako 1,2.

Auzoei dagokienez, Zazpikaleak berritzeko planerako 1,1 milioi euro gorde ditu; Bilbo Zaharrerako plan berezirako, 0,8 milioi. Fevek Iralan sortutako lubakia urbanizatzeko milioi bat euro erabiliko du, eta trenbidea lurperatzeko, 0,6 milioi.

Pobreziaren aurka egiteko 0,9 milioi euroko aurrekontua prestatu du udal gobernuak. Etxebakoei laguntzeko, 0,8koa. Suhiltzaileentzako eskailera mekaniko bat jartzeak milioi erdia eramango du aurrekontutik.

Diru sarrerak

509,8 milioi euroko aurrekontuak aurten baino 20,1 milioi gehiago izatea esan nahi du. Udalak zehaztu du nondik jasoko duen diru hori. Batetik, Foru Aldundiaren Udalkutxa funtsetik 293,6 milioi euro espero ditu; aurrekontuen %57,6. Jasoko duen diru hori zenbatzerakoan, kontuan hartua du Aldundiari itzuli beharko dion dirua. Izan ere, zergetan uste baino diru gutxiago bildu duenez Ogasun Sailak, udalek 2015erako jaso zuten diruaren zati bat itzuli beharko diote Aldundiari datorren urtean. Bilbok, 18 milioi euro eman behar dizkio.

Zergetatik eta udal tasetatik aurten baino %0,2 gehiago bilduko duen esperantza du udalak, eta ondorioz, aurrekontuen %35 ordaintzeko adina emango dutela. Kontuak biribiltzeko behar den beste %7,4a “beste sarreretatik” jasoko duela adierazi dute udal agintariek.

Horrez gain, 22 milioi euro kredituan eskatzeko asmoa dute. Baina Aburtok azaldu duenez hori ezin liteke zor gisa hartu, aldiro sortutako diruarekin kitatzea baita asmoa. Gauzak horrela, Bilboko Udala onbideratuta dagoela adierazi du alkateak, eta datorren urtea zorrik gabe amaituko duela.

Gardentasunaren aldeko apustua egin nahi duela ere adierazi du Aburtok, aurrekontuen aurkezpenean. Horretarako urrats bat gehiago egin duela: udalaren www.bilbao.net webgunean jarri du aurrekontuetarako proiektua, herritarren eskura egon dadin. Auzoetako udaltegietan ere jaso ahalko da txostena.

Kritikak

EAJren eta PSE-EEren arteko akordioari esker, ziurtzat eman daiteke Udal Gobernuak aurkeztutako proposamenak aurrera egingo duela. Oposizioa, ordea, ez dago proiektuarekin gustura.

Udalberri da bere iritzia jakinarazi duen lehena. Haren ustez, herritarren beharrei erreparatuz gero, “gabezia handiak” ditu aurrekontuen proposamenak. Enplegura eta gizartegintzara baliabide gehiago bideratu behar direla iruditzen zaio, eta, beraz, “aurrekontu bidezkoagoa” proposatuko duela iragarri du. “Bilbon 30.000 pertsona inguru daude oraindik langabezian, eta horietako %70ek ez dute inolako laguntzarik jasotzeko aukerarik. Gainera, pobreziaren buruan dago Bilbo, %10arekin. Zenbaki horiek kontuan hartu behar ziren aurrekontuak lantzean”, adierazi du Amaia Arenal Udalberriren zinegotziak.