Industria oparotasuna, hondakinetan galduta

Bizkaia industrializazioaren aitzindarietako bat izan da. Bilboko itsasadarraren bi ertzetan merkataritza, portu eta industria jarduera handiak izan dira XIX eta XX. mendeetan. Oparotasun horren isla gutxi geratzen da, ordea. Izaera gal ez dadin eta belaunaldi gazteek euren jatorriaren nondik norakoak jakiteko aukera izan dezaten lanean ari da Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartea (IOHLEE).

“XXI. mendean sartuta gaude. Ez al da sasoia orduko oinarrizko elementuak babestu eta zaintzen hasteko?”, galdetu du elkarteko kide Joaquin Carcamok. Izan ere, aberastasun eta handitasun haren eredu izan diren hainbat lantegi ixteaz gain, utzita daude, eta jausten eta desagerrarazten ari dira. Beste batzuk eraitsi ere egin dituzte. Sestaoko Babcockena da azken adibiderik argiena. Egunero dozenaka lagun sartzen dira barruan geratzen diren material metalikoak hartzera. Ezkerraldeko oparotasunaren ikurretako bat izan zen fabrika hura metal lapurren eta txatar biltzaileen topaleku bihurtu da azken hilabeteetan. Kalte handiak egin dituzte lantegian, 2011n itxi zutenetik. Dena den, horiek arazoaren “azken erantzuleak” baino ez direla deritzo Carcamok.

“Egun askotan, lantegi barruan lotan geratu dira batzuk. Beste batzuek eraikinaren estalkiaren %90 bota dute. Kontuan hartu behar da pabiloi horiek 1918 eta 1920 bitartean eraiki zituztenean altxatu zutela ordura arte estatuan eraikitako hormigoizko eraikinik handiena”. Barruan elementu metaliko ugari daude; besteak beste, zubi garabien erreiak eta estalkiaren euskarriak. “Estalkia 40.000 metro koadrokoa da, eta, hein handi batean, uralitaz egindakoa. Beraz, amiantoa izan dezake” .

Sor daitezkeen arriskuez ohartarazi ostean, industri ondare hori galtzeak ematen die pena handiena. “40.000 metro koadroko estalki horrek mendeurrena beteko du lauzpabost urteren buruan; horrenbestez, balio handikoa da”, gogorarazi du.

“Meatzaritza eta industrializazio goiztiarrak garrantzi izugarria izan zuen prozesu baten ondorioa da gaur garena. Siderurgia, ontzigintza eta beste industria osagarri batzuk landu ziren gurean. Nola azalduko diegu gure seme-alabei zer garen industrializazio horren hondakin material batzuk, besterik ez bada ere, babestu eta gordetzen ez baditugu?”, galdetu du. “Garrantzitsu deritzegun baserriak babestu behar ditugu; baita garrantzi historikoa, arkitektonikoa eta ondareari lotutakoa izan duten eraikuntza zibil zein erlijiosoak ere. Nolatan ez dugu horrelakorik egingo, bada?”. Beraz, bide beretik babestu beharko lirateke, haren aburuz, industriari lotutako elementuak.

Segurtasun eta osasun arriskuak ere ezin daitezke alde batera utzi, haren iritziz. “Egun batzuetan, lantegitik kanpoko 100 pertsona izan dira 15 metrotik gorako altueretan. Bat erori egin zen, eta larri zauritu. Beste batzuk lurrean bertan lanean ari dira, birrindutako 40.000 metro koadro uralitaren ondoan”. Berba egin du ingurumen arazoari erreparatu beharraz ere.

“Lapurreta baimenduak”

“Jakina da Babcocken egunero sartzen direla txatar biltzaileak, batez ere irailean sute bat gertatu zenetik eta komunikabide guztiek jasotzen dituztenetik han jazotzen direnak”. Fabrikaren gaineko erantzukizuna dutenek hura babesteko interesik ez dutela iradoki du elkarteak. “Hartzekodunen konkurtsoko administratzailea da jabea, eta hark du erantzukizun osoa”.

Lantegiaren segurtasuna bermatzea posible dela deritzo. “Zaindari bakarra dago oso zabala den esparrua zaintzeko. Eta babes hesia oso sotila da. Hala ere, ez dute berririk jarri”. Beraz, nolabait lapurreta horiek “baimendutakoak” izan daitezkeela uste dute elkarteko kideek.

“Hiru urtean ez da inor sartu. Liskar txikiren bat edo beste gertatu izan da; ez, ordea, azken hilabeteetako espoliazio masibo hori”. Alde horretatik, “susmagarri” deritzo lapurretak areagotu ziren sasoiari. “Batzar Nagusiak eta legebiltzarra nabe horiek babestearen alde azaldu ziren apirilean. Ez dakigu kasualitatea den, baina garai horretatik aurrera hasi ziren espoliazioak”.

Oraindik ondarea da

Babcock lantegia, egun dagoen bezala egonda ere, industria ondare dela dio Carcamorenak. Industri Ondarearen Elkarteak argi du zer egin beharko lukeen erantzukizuna duenak: “Jabeak berehala itxi beharko luke esparru osoa; babes ditzatela estalkian oraindik geratzen diren metalezko euskarriak; handik kendu eta gorde ditzatela. Eta eraits ditzatela ezegonkorrak izanik kalteak eragin ditzaketen elementuak soilik”. Lantegia mantentzearen aldekoa da elkartea, “eta berrerabil dezatela, industriarako beste erabilera batzuk eman dakizkioke eta”.

Tamaina horretako nabeak mantentzeak onurak dituela deritzo: “Batetik, jasangarriagoa da eraikina mantentzea, hura erauzi eta antzeko zerbait berriz eraikitzea baino. Bestetik, 6.000 langile ere izan zituen enpresak garai batzuetan. Langileak belaunaldiz belaunaldi aritu dira beharrean han: nabeak ikusi dituzte; handik pasatu dira, eta euren langile bizitzak osorik igaro dituzte bertan. Memoria kolektibo horren parte bat gorde egin beharko litzateke hori guztia berriz urbanizatzen denean. Ez dira bateraezinak eraikin horri eustea eta ondoan beste erabilera bat izango duen 30 solairuko eraikin bat egitea”.

Bestetik, elkarteak deritzo administrazio publikoek ez dutela egiten industri ondare hori babesteko behar besteko lanik. Arartekoari ere idatzi diote, indarrean dagoen legedia betearaz diezaien erantzukizuna duten administrazioei; administratzaileari, Trapagaran eta Sestaoko alkateei eta Ibar Zaharra proiektuaren arduradunei, Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuaren ordezkariari mintzatu zaizkie, baina ez dute inoren konpromisorik lortu.

Aurreko gehiago

Barakaldokoaren pareko gehiago izan dira Bizkaian. Boluetan, esaterako. Santa Ana enpresa sortu zuten han, 1841. urtean. “Enpresa siderurgiko moderno hura eraiki zuten lekuan lehenago burdinola bat egon zen, 1472az geroztik. Beraz, eremu hori burdinaren industriaren leku sakratuenetako bat da. Izan ere, 2011n Abandora lekuz aldatzeko lantegia itxi zuten arte, etenik gabe ekoitzi zuten burdina bertan”. Tximinia batek besterik ez du gogorarazten hura burdin industriaren hastapen garrantzitsua izan zela.

Dena den, Carcamok dio Boluetako eta Sestaoko kasuek desberdintasun nabariak dituztela. “Babcockekoa ez da, oraingoz, hirigintza planteamendu baten ondorioa, jabetza duenaren utzikeria edo baimendutako jarrera bat baizik”.

Barakaldoko Lutxana auzoan zegoen Sefanitro enpresa historikoaren afera ere oso entzutetsua izan zen. “Kalitate arkitektoniko izugarriko eraikin batzuek osatzen zuten. Horietako batzuk gerora aurreikusi den plangintzan integratu behar ziren; bazegoen horretarako modua”. Baina ez zen horrelakorik egin, eta eraitsi egin zituzten.

Instalazio industrial historiko bi izan ziren azken bi horiek. “Hala ere, guztia suntsitzeko erabakia hartu zuten erantzukizuna zuten administrazioek”. Industri Ondarearen Elkarteak behin eta berriro eskatu zien udalei elementu adierazgarrienak manten zitzaten. “Kasu bietan, baina, lur eremuak garbi-garbi uzteko erabakia hartu zuten urbanizazio berria eta eraikin berriak egiten hasi baino urte asko lehenago”.

Eraikinetatik harago

Industri ondarea beste era batera ulertzen duenik ere bada. Tximini kolektiboa lanean ari da Euskal Herriko paisaia industriala biltzeko, eta Lutxanako Sefanitro lantegian hasi zuten euren ikerketa, duela lau urte eta erdi. Eraikinen eta elementu fisikoen atzean dagoen aberastasuna gordetzearen aldekoak dira.

“Industria kulturagaz lotutako gaiak eta industriak Bilboko hiriarekin zein bestelako hiri industrialekin dituen harreman identitarioak, semantikoak edota loturak aztertzen ditugu”. Ibai Etxezarraga kideak azaldu du aspektu ez-materialak eta paisaiari eta pertsonei lotutako esparruak ere lantzen dituztela, paisaia fisikotasunarekin lotuta bakarrik landu beharrean.

Sefanitrora jo zuten berak eta Beñat Guarrotxenak arkitektura karrerako proiektua egitera. Fabrikaren azken hilabeteak barrutik bizitzeko gonbita egin zieten, eta onartu egin zuten. Han ikasi zuten lantegi bat eta testuinguru industrial bat zer diren. Fabrikaren eguneroko martxa ikusi ahal izatea “oso aukera ona” izan zen. Gogoan du euren lanak jakin-mina eragin zuela lantegian, eta, handik abiatuta, “harreman berezia sortu zen langileekin eta fabrikarekin berarekin”. Beraz, “alderantzizko parte hartze prozesu bat” abiatu zuten. “Helburua zaharberritze industriala egitea zen, ez geratzeko soilik esparru akademikoan”.

Baina jabetu ziren euren proiektuak ez zuela aukerarik ematen aurkitzen zituzten galdera edo ezinegon guztiei erantzuteko. “Testuinguru falta” antzeman zuten. Kontraesan ugari agertzen ziren “lengoaia arkitektonikoaren eta langileen lengoaiaren artean”. Horrez gain, fabrika eraitsi ostean horri zelan aurre egin planteatzen zuen hausnarketari ekin zioten. “Nola eman garrantzia materialtasunaren atzean agertzen diren aspektu ez-material guztiei?”, galdetzen zieten euren buruei. Eta horietatik edo haien inguruan sortzen den lengoaia edo nortasun kode guztiari garrantzia emanez, nola eraiki daitekeen forma berri bat aztertu behar zutela pentsatu zuten.

Lantegia eraitsi izana kezkagarria iruditu zitzaien, baina jabetu ziren fabrikaren eta euren artean sortutako harremana ezin zitekeela desagertu eraispenarekin. “Badago formatik harago doan hondar bat, eta sortzen diren esperientzia, irudi, ideia eta sentsazio guztietatik ere zerbait eraiki daiteke”.

Sefanitro eta beste hainbat lursail industrial edo industria osteko lursailak “ironia” bihurtu direla deritzote: “Hutsune bat dira hiriaren erdian; zentzugabeko hutsuneak, gainera”. Hain zuzen ere, Sefanitro, Burtzeña, Zorrotza, Zorrotzaurre, Deustuko Erribera, Sestaoko hainbat lursail edo Erandioko Udondo, besteak beste, “hiriaren erdian kokatuta, alferrik galdutako eremuaren espresio gorena” dira, “inork ez dielako irtenbiderik eman”.

Etxezarragak deritzo egoera oso bitxiak sortu direla lursailok ez atzera ez aurrera egon diren denboran. “Sefanitro basamortu gisa deskriba liteke, baina ironiko deritzot Deustuko Erribera edo Zorrotzaurreko penintsula 25 urtez nolabaiteko etenean egoteari. Nola utz dezake hiri batek era horretako zati bat denborak hiltzen?”.

Abandoibarra ere aztertu du Tximini kolektiboak. Bilboko metropoliaren eraldaketaren ikurra dela kontuan hartuta, zaila da haientzat hari buruz berba egitea. Zalantza ugari sortzen dizkie. Oasi bat iruditzen zaie basamortuaren erdian. Oasi horrek beste gune batzuetako errealitate krudelak ezkutatu dituela diote. Besteak beste, Deustuko Ibarra, Zorrotzaurre, Udondo, Sestao, Barakaldo, Burtzeña, Zorrotza eta Boluetako Santa Anari buruz ari da. “Ezin daiteke industrializazio osteko egoeraren arrakastaren ikurra izan, horrenbeste hutsune eta inguruan hainbeste basamortu edukita. Agerian uzten du inguruko errealitateekiko deskonexio bat”.

Bestetik, pentsatu gura lukete posible dela “horrelako espazio batean iragana, oraina eta etorkizuna lotzen dituen soka txirikordatzea”. Hala ere, Abandoibarran “sentsazio arrotz bat sortzen da sortu den paisaia berriaren inguruan”. Eta horrek kezkatzen ditu gehiago: “Nola da posible espazio horrek lehengo industria egitura eta nortasuna indartzeko zuen potentzial guztiarekin egun hain arrotza den elementu bat eraiki izana?”. Moldaketaren diseinuan hainbat huts larri ikusi dituzte. Testuinguru falta eta eskala metropolitanoaren indar falta antzeman dituzte, besteak beste.