Kepa Junkeraren trikiti doinuek beteko dute gaur Elorrioko Tola jauregia

Elorrioko arte eszenikoen topaketa, aurtengo ibilbidea amaitu aurretik, azken-aurreko asteburuan sartuko da gaur. Indar handiz sartuko da, gainera. Kepa Junkeraren trikiti doinuek hartuko dute Tola jauregia.

Galiza Junkeraren azken laneko kantek lekua izango dute, zalantzarik gabe, bilbotarraren kontzertuan. Proiektu horregaz, Musika Independentearen Sarietarako izendapena eskuratu zuen Junkerak. Hogei disko inguru egin ditu 35 urteko bidean.

Azken proiektua sortzea lan erraza izan dela aitortu du Junkerak, “musika tradizionalek antzeko erritmo eta harmoniak dituztelako”. Berrehun musikariren laguntza izan du disko hori osatzeko: besteak beste, Luar Na Lubre, Budiño eta Cristina Pato.

Manel taldearen kontzertua

Bihar Herrialde Katalanetako Manel taldeak hartuko dio lekukoa bilbotarrari. 2007an txikitako lau lagunek Bartzelonan osatutako taldearen indie eta folk doinuak eta katalanez abestutako hitzak entzun ahalko dira agertoki berean. Kontzertu hori, gaurkoa bezala, 22:30ean hasiko da.

Batzuetan, soinu akustikoak landuko dituzte; beste batzuetan, berriz, sinfonikoak. Guillem Gisbert, Roger Padilla, Marti Maymo eta Arnau Vallveren saiorako sarrera, gainerako guztietarakoa bezala, doakoa izango da.

Domekan, bestalde, Elkano Browning Cream hirukoteak erritmo hipnotiko eta kutsakorrak aurkeztuko ditu Tola jauregian, kulturen arteko elkarreragina nabari izango den saioan. 20:00etan emango diote hasiera kontzertuari.