“Etxeko lanak eta zaintza denei dagozkie, baita administrazioari ere”

Hainbat elkartek etxeko beharginentzako gutxieneko baldintzak adosteko hitzarmena zehaztu dute. Isabel Quintana (Barakaldo, 1966) Argitan Barakaldoko emakumeentzako aholku etxeko abokatua da. Urte asko egin ditu Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartean ere. Bi elkarte horiek sinatu dute, besteak beste, akordioa.

Zertan lagunduko die akordio horrek beharginei?

Bidezkotzat jo ditugun lan baldintzak kontsultatzeko arau bat izango da. Beharginek tresna bat izango dute kontratatzaileagaz negoziatu ahal izateko. Kontratatzaileentzako ere erabilgarria izango da, askok elkarteetara deitzen baitute kontratazioetarako baldintzei buruz galdetzeko. Bestalde, legeak soldata oso txikiak aurreikusten ditu: 40 orduko lan asteagatik 645 euro gordin. Diru horri Gizarte Segurantzarako kuota kendu behar zaio. Hori onartezina da. Elkarte guztion artean adostu dugu zer den gutxienez bermatu behar dena, langileok bizi-baldintza duinak izateko.

Zelako baldintzak dituzte gaur egun?

Duela bizpahiru urtetik lan baldintzak asko kaskartu dira. Krisiak eragin handia izan du horretan. Hala ere, etxeko langileen baldintzak arautzen dituen legeak baimentzen duenak ere eragina du. 2012ko legeak hobekuntza txiki batzuk ekarri bazituen ere, oraindik hutsune ugari ditu. Tranpa asko ahalbidetzen ditu, gainera. Kontratatzaileak tranpa horiek baliatu gura baditu, modua du ordu askoko kontratuak egiteko soldata oso txikien truke. Barruko beharginen kasuan, zerbitzua ematen duten etxeetan lo ere egiten dute. Legearen arabera, 645 euroko gutxieneko soldata jaso behar dute eta, etxean dauden ordu bakoitzeko, beste 5,05 euro, 60 ordura arteko mugagaz. Guztira, 1.100 euro inguru jaso ditzakete, beraz. Hala ere, legeak aurreikusten du ostatu eta jana emateagatik soldataren %30era arte deskonta diezaieketela. Beraz, 800 eurogaz geratzen dira etxe barruko langile asko. Agentzia bitartekariek egoera hori are gehiago larritzen dute eta lan ikuskaritzak ere ez du kontrolatzen zein baldintzatan ari diren lanean beharginok. Nahiz eta egoera zehatzak salatzen ditugun, ez dute behar bezala jarduten, etxebizitzaren bortxaezintasuna arrazoituta. Beharrizana dela eta, langileek baldintza oso txarrak onartzen dituzte, eta kontratatzaileek, fede onez jokatzen ez badute, egoera horiek aprobetxatzen dituzte.

Zenbat pertsona ari dira etxeetan lanean?

Zaila da zehaztea. Sektore horretan ezkutuko ekonomia handia dago. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 20.000 inguru daude Gizarte Segurantzan izena emanda. 2011n Jaurlaritzak egin zuen azken azterketa sakonaren arabera, ostera, 90.000 etxebizitzatan aitortu zuten etxeko behargin bat zutela.

Behargin guztiak andreak dira?

Kopurua %95era iristen dela esango nuke. Oso gizon gutxi ari dira sektore horretan eta, daudenek, oso lan zehatzetan jarduten dute. Normalean, senar-emazteak kontratatzen dira barruko langile modura jarduteko. Horietan ere sexu bazterkeria nabarmena da. Emakumeak garbiketa lanetan, janaria prestatzen edota zaintzan egiten du beharra. Gizonak, lorategiko zein etxeko mantentze lanetan. Gizon batzuek mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzen ere jarduten dute. Batez ere, pertsona horiek gizonezkoak direnean. Oso anekdotikoa da, dena den, haien presentzia.

Astean bizpahiru orduz lan egiten dutenengatik, Gizarte Segurantzan kotizatu ohi da?

2012ra arte, ordu gutxi lan egiten zutenentzat orduko 10 euro ordaintzen zen, batez beste. Orduka eta etxe batean baino gehiagotan lan egiten zutenek eurek kotizatu behar zuten Gizarte Segurantzan. 2012an, egoera hori aldatu egin zen. Legeak dio kontratatzaileak eman behar diola izena beharginari. Kontratatzaile askok alta emateko ardura hartu dute, baina ordura arte ordaintzen zietena baino gehiago ordaindu gabe. Beraz, kotizazioa beharginaren gain utzi dute. Orduko 10 euro kobratu ordez, sei edo zortzi euro kobratzen hasi dira. Eta hori orokortu egin da. Legez kanpokoa da, baina hori edo lanik gabe geratzea aukeratu behar dute beharginek.

Etorkinekin larriagoa al da egoera hori?

Bai, barruko beharginen artean, ia denak etorkinak dira. Atzerritartasun Legea dela eta, hiru urtez erroldatuta egon eta kontratua ez duten bitartean, ezin dute beren egoera arautu. Agiririk eduki ez arren, barruko behargin moduan jardun dezakete. Demagun, 900 euro irabazten dituela hilean andreotako batek. Hiru urteren ostean, kontratatzaileak egoera arautu eta kontratua egin gura dionean, tramitea egin eta agiriak eskuratzeko aukera eman diezaioke. Fede txarrez jokatuz gero, ordura arteko soldata soilik ordainduko diola esan diezaioke. Beraz, Gizarte Segurantzarako ia 200 euroak bere soldatatik ordaindu beharko lituzke.

Zer-nolako begirunea dute administrazioek etxeko beharginekiko?

Emakumeen lan bat da hau, eta ez zaio balio sozial zein politikorik ematen. Legeak ikusita ere, nabari da hori. Estatuaren interesa ere badago. Zaintza lanak ez dituzte zerbitzu publikoek euren gain hartzen, eta hori oso larria da. Behar horiek gero eta handiagoak dira, eta hori konpontzeko modu erraza etxeko beharginak kontratatzea da. Erraz, eta kontratatzaileentzat merke bideratzen da arazoa. Holako gai larri bat, baina, ezin dezakete emakumeek konpondu baldintza bidegabeetan eta inolako kontrolik egin gabe. Mentalitatea aldatu beharra dago. Etxeko lanak eta zaintza ez dira emakumearen lana soilik, ez da guk bakarrik bideratu behar dugun gai bat. Gizarte osoari dagokio, baita erakunde publikoei ere.