“Ez da beharrezkoa alu bat emakume izateko edo zakil bat gizon izateko”

LGTBI komunitatearen nazioarteko eguna da bihar. Horren harira, asteon, bi hitzaldi eman ditu Medeak taldeak: bata Algortan eta bestea Ondarroan. Taldeko kide Josebe Iturriozek (Ordizia, 1978) transfeminismoa eta transgeneroa landu ditu batean zein bestean.

Zer da transfeminismoa?

Feminismo barruko korronte berezi bat da. Ez dugu uste kultura eta natura bereiz daitezkeenik. Gorputzaren teoriari lotuta, esaten dugu sexua ez dela biologikoa, ez dela naturala. Hau da, arraren eta emearen arteko desberdintasuna eratua dela, errealitatea deskribatu baino gehiago sortu egiten dutelako egungo diskurtsoek. Alu bat izateagatik emakumea zarela pentsatzen duzu, naturak aluak eta zakilak soilik sortzen dituela. Hori, ordea, ez da egia. Egun daukagun sexu binomio hori, biformismo sexual deritzona, hedatuta dago. Anatomia ikertuz gero, esaterako, Erdi Aroan, ez zeuden bi sexu. Bakarra zegoen: gizonezkoena. Emakumezkoena barnean sartutako sexutzat jotzen zen. Sexu txikiagoa, maskulinoa eta barrurantz sartutakoa. Anatomia ereduak aldatu egin dira, beraz. Eta hori guztia gizarteak sortu du.

Zein gai lantzen dituzue?

Lesbianismoa, batetik. Lesbianismoa eta heterosexualitatea ez dira esentzia gisa ulertzen. Heteroxesualitatea erregimen politiko gisa hartzen da, eta lesbianismoa, disidentzia gisa. Greziarrek beste era batera ikusten zuten: ez ziren ez heterosexualak ez homosexualak. Ezkondu egiten ziren emakumeekin, eta harreman sexualak zituzten mutilekin. Zure sexualitateak ez zaitu definitzen, ez du esaten zer zaren. Bestalde, gure erronka da feminismoan erabat sartzea transexualitate eta intersexualitate gaiak. Langile sexualen eskubideen aldeko lana ere egiten dugu. Alor horretako sexualitatea eta sexuarekin komertzializatzea ez dira ulertzen. Horrez gain, pornografia berezi bat ere egiten dugu.

Genero batetik besterako igarotzea ere lantzen duzue. Mingarria al da trantsizio hori?

Mingarria da sexua eta generoa bortizki gorputzen gainean idazten diren gizarte batean jaiotzea. Hala ere, generoa kudeatzeko modu asko daude. Niretzat, oso mingarria izan zen feminitatea eraikitzea: janzkera, izaera, nola mugitu… Gizarteak beti gogorarazten dizu zein rol izan behar duzun. Erabakitzen duzunean zure generoa zuk nahi duzun bezala eraikiko duzula, nahikoa askatzailea izaten da. Bestalde, oso bortitzak dira medikuntzak eta estatuak dituzten estrategiak edo erremintak genero aldaketa eta igarotze horretarako. Legez, trantsizio bat hastean, psikiatra batekin egin behar duzu elkarrizketa, eta diagnostikatuko dizu gaixotasun mental bat: genero disforia.

Egun, oraindik buruko gaixotasun gisa jasota al dago?

Bai. Eta medikuek ikusten dute bideak zuzena izan behar duela. Esaterako, ni Josebe naiz: Josebe-Joseba. Erdizkako zerbait naiz, leku batean ez bestean egon gura ez duena. Baina mediku batentzat edo estatuarentzat hori ezinezkoa da. Beraz, diagnostiko mentalaren ostean, tratamenduagaz jarraitzeko, hormonak eskuratzeko eta kirurgia plastikoa doan egiteko aukera izateko, bizitza errealari buruzko galdetegiekin hasten dira. Demostratu behar dut gizon bat naizela. Beraz, esan behar dut ez dudala inoiz panpinekin jolastu edo kirola egitea gustatzen zaidala. Hau da, sexuen eta generoaren inguruko estereotipoak zientzia kategoria hartzen dute, eta galdetegi horiek bide erabat estereotipatua markatzen dute. Guk horri kontra egiten diogu. Izan ere, erabat politak izan daitezke panpinekin jolasten duten edota aluak dituzten gizonezkoak. Zergatik emakume batek ezin du zakila izan? Non dago idatzita zakilari gizon generoa lotzen zaiola? Nik, nire trantsizio prozesuan, ez dut hormonarik hartzen, ez dut ebakuntza kirurgikorik egingo, eta transgenero gisa definitzen dut neure burua.

Hala ere, beste batzuek izan dezakete beharrizan hori, ez al da horrela?

Beharrizana baino gehiago, nik beste era batera kudeatu dut. Transmarikabollo ikuspuntutik, trantsizio prozesuak irekiagoak dira. Trantsizioak ez dira ulertzen hasi eta bukatzen diren zerbait gisa. Hau da, zuk, nahi baduzu, hormonak har ditzakezu, titiak kendu edo jarri. Baina, genitalen ebakuntza kirurgikoak normalean oso gogorrak izaten dira, kirurgia estetikoak direlako, ez funtzionalak. Beraz, alu bat dirudien zerbait jartzen dute, baina funtzionalki, askotan, arazoak sortzen ditu: pixa egiteko arazo kronikoak, esaterako. Era berean, jaiotzez emakume diagnostikatutako gorputzak izanik, gizon izan nahi dutenei zakil bat jartzea astakeria bat da. Prozesua oso gogorra da. Normalean, zakil txiki bat lortzen duzu, ez dena inoiz gogortuko eta zutik jarriko, sentsibilitatea galtzen du. Horregatik, guk ez dugu esaten gorputz oker batean jaio garenik, gizartea da oker ari dena generoak kudeatzean, ez norberaren gorputza. Horregatik, ebakuntza medikoekin kritikoak gara. Ez da beharrezkoa alu bat izatea emakume bat izateko eta ez da beharrezkoa zakil bat izatea gizon bat izateko.