Trenbideak kentzeko eskatu du Santurtzik

Herria zeharkatzen duten trenbideak kentzeko lanak abiaraztea galdegin dio Santurtziko alkate den Ricardo Ituartek Espainiako Sustapen Ministerioari. Udalaren arabera, ministerioko hainbat arduradunekin bilerak egin dituzte, baina ez dute adostutakoa bete zenbait esparrutan.

Santurtziko Udalak Olatuen parkea handitu eta itsas bazterreraino zabaldu gura du. Baina trenbideak daude parkearen eta kaiaren artean, eta etengabea da Bilboko Porturantz doazen merkantzia trenen joan-etorria. Eta behin eta berriro oztopatzen du horrek oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa. Udalaren xedea, hortaz, trenbidearen ibilbidea moldatzea eta 5.000 metro koadroko azalera izango duen parke berria sortzea da.

1997an sinatu zuten lehen akordioa Renfek, Bilboko Portuko agintaritzak eta Santurtziko Udalak. Hitzarmen horren arabera, Santurtziko parkearen bigarren zabalpen bat egingo zen. Zenbait berrikuspen egin ostean, 2007an, ADIFek eta Udalak okupatze eta ordaintze akta sinatu zuten. Hala, Udalak trenbideak hartzen duen eremuan lanak hasiko lituzke Sustapen Ministerioak Bilboko Porturako beste sarrera baten obrak bukatu ostean. Ibilbide berria Ortuellatik igaro eta Serantes mendian zabaldutako tunel batetik pasako litzateke.

“Trenbide hauek ez kentzea oso larria da”, dio Ituartek. Izan ere, Bilbao Ria 2000ak 2007an 145.434,35 euroko balio justua ordaindu zuen lurren desjabetzea burutu ahal izateko. “Bilera bat egiteko proposamena luzatu diogu ministerioari, baina oraindik ez digute erantzun zehatzik eman”.