Txakurrekin krosean

Lehiaketa

Gorliz

Txakurrak eta jabeak batera lehian jarriko dituzte domekan Gorlizko kaleetan, Bizkaiko II. Txakur Krosa jokatuko baita han. Udalak antolatu du proba, Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioaren laguntzarekin.

Sei kilometro eta erdiko ibilbidea egin beharko dute lasterketan parte hartzen dutenek. Horietatik, bost kilometro eta 700 metro lur, belar eta harea gainean izango dira; gainerakoak, asfalto gainean.

Hainbat mailatan banatuta egongo da. Federatutako probari dagokionez, emakumeak eta gizonezkoak bereizita lehiatuko dira. Lehiakideak adinaren arabera banatuko dituzte: junior —14 urtetik 16ra bitartekoak—, senior —17tik 39ra artekoak—, master 40 —40tik 49 urtera bitartekoak— eta master 50 —50 urte edo gehiagokoak—. Herri krosean, berriz, emakumeak eta gizonezkoak elkarrekin lehiatuko dira, eta ez dituzte banatuko adinaren arabera.

Sariei dagokienez, hauek jasoko dute garaikurra federatutako proban: senior, master 40 eta master 50 mailetan lehenengo, bigarren eta hirugarren sailkatzen direnek; junior mailari dagokionez, lehenengo sailkatuari baino ez diote emango saria. Berdin gertatuko da herri lasterketan: lehenengo emakumeak eta lehenengo gizonak baino ez dute jasoko garaikurra.

Txakur krosean parte hartzeko, beharrezkoa da izena ematea. Aurreko egunetan izena eman ez dutenak garaiz dabiltza oraindik; izan ere, lasterketa hasi baino ordubete lehenagora arte izango dute horretarako aukera, 10:00etara arte, hain zuzen. 25 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzeko, eta dortsalak egunean bertan banatuko dituzte, 09:00etatik 10:30era.

Hasiera, 11:00etan

11:00etan hasiko da, beraz, lehiaketa, Urezarantza kiroldegian. Hala ere, antolatzaileek argi utzi dute parte hartuko duten txakurrek osasun onean egon behar dutela; hain zuzen, albaitari batek kontrola egingo die. Animaliek nahitaezko txertoak hartuta dauzkatela justifikatu beharko dute jabeek. Horrez gain, lehiatzen diren txakurrek gutxienez urtebete izan beharko dute.