Portu eta hondartzek izango dute lehentasuna

Neguan Kantauri itsasoan izandako ekaitzek Bizkaiko kostaldean 14 milioi eurotik gorako kalteak sortu dituzte. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta udalek zenbatu dituzte eurek ordaindu beharreko txikizioak, eta kopuru hori atera zaie guztia batuta. Martxoaren 3ko olatuek eragindakoak neurtu gabe dituzte oraindik. Zenbateko hori beste %10 hazteko bestekoak izan direla uste dute. Eta Espainiako Gobernuak ere ez du bukatu bere kontaketa. Dena den, dagoeneko 500.000 eurotik gorako inbertsioa egin du Nekazaritza, Arrantza eta Ingurumen Ministerioak, martxan dauden konponketa lanak ordaintzeko —Sopelako hondartzan, Gorlizkoan eta Bakioko pasealekuan eta itsasadarrean—.

14 milioi horietatik, erdiak inguru Bermeon zenbatu dituzte. Otsailaren 2ko eta martxoaren 3ko ekaitzetan bertako portuak jaso ditu kolperik latzenak. Pantalanak, portu zaharreko azpiegiturak, dikea, kai muturra, Frantxuako arrantzaleen lonjak… Sartzea lortu duen lekuetan, dena apurtu zuen itsasoak. Lekeition ere milioi bat eurotik gorako gastuak izango dituzte. Estoldetako kutxa txikiak, itsas hesia eta beste hainbat azpiegitura apurtu zituen urak portuan.

Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuaren esanetan, lehentasuna portuek eta hondartzek izango dute. “Herri hauen ekonomiarako ezinbesteko azpiegiturak dira, arrantzarako, merkataritzako eta turismorako”, nabarmendu du. Horregatik, “ahalik eta arinen” konponduta egotea da erakunde publikoen asmoa.

Bi hilabete barru berriro elkartuko dira. Ordurako lan guztiak hasita egongo dira, eta hainbat bukatuta. Hartara, kostu guztiak zehatzago zenbatuta edukiko dituzte. Sailburuaren esanetan, udarako guztia konponduta egotea “ezinbestekoa” da.

Ohiz kanpoko kalteak direla nabarmendu dute guztiek. “Unai Rementeria, Bizkaiko Lehendakaritza ahalduna: “Ditudan 40 urteetan ez dut halakorik ezagutu. Eta aurten zazpi denborale izan ditugu, bata bestearen atzetik. Ikusteko eta argazkiak ateratzeko oso politak izan dira, baina eragin dituzten ondorioak beldurgarriak ere bai. Otsailaren 2koa, bereziki, izugarria izan zen”.

Itsasertzean sortutako kalteak Espainiako Gobernuak ordainduko ditu, harena baita itsasbazterra mantendu eta kudeatzeko eskumena. Honela azaldu du Rementeriak: “Gure esku daude hondartzak; udalek egin behar dute hiri altzarien mantentzea, eta Jaurlaritzak portuena”. Bilboko portua da salbuespena, Espainiako Sustapen Ministerioarena baita. Herri administrazioei gogoratu die foru aldundiak baduela larrialdietarako funts bat: “Eurek ordaindu beharreko gastuei aurre egiteko, hiri altzariak eta bestelako kalteak konpontzeko, berbarako, ezustekoetarako funts horretara jo dezakete udalek”.

Europari laguntza eskatzea ere ez dute baztertu. Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, Kantabriako Gobernuaren egitekoa izango litzateke eskaera egitea, hura baita une honetan Ardatz Atlantikoaren Batzordeko burua. Hala ere, laguntza horiek iritsi bitartean zain egon beharrean, beharrean hastea erabaki dute.