Downtown LA

Martxoko astegun batean, goizeko bederatzien bueltan, Los Angelesko Downtownen tenperatura atsegina izaten da. Euskal kostaldeko edozein herritan uda partean senti daitekeen haize gozoa sentitu ahal da. Airea, halere, inoiz baino garbiago sumatzen da aste honetan. Izango da, seguruenik, lau egun jarraian bota duelako euria. Alarma gorrian zeuden, kasik, angelenoak, Noeren arkari hautsa kentzen ia.

Ipar, hego, eki zein mendebaldetik autorik datorren begiratu ostean (puntu kardinalak maite dituzte amerikarrek), Hill eta Zazpigarren kaleak batzen dituen bidegurutzeko zebrabidea zeharkatu ohi dut goizero, lanerako bidean. Urtean ehun bat lagun harrapatzen dituzte autoek hiriko erdigunean, eta adi ibili behar.

Kale luzea da 7th Street, hiriko gehienak bezala, baina badu horrek termometrotik asko. Aingeruen Hirian zer gertatzen den jakiteko leku aproposa da Zazpigarrena. Mexikarren denda asko daude bertan, eta, atarietan, mexikarrak berriketan. Mexikarrez. Horregatik, hiriko jentilizioaren inguruko eztabaida sortzen saiatu ziren bere garaian: erro ingelesa duen angeleno-ren ordez ez ote zen zuzenago angeleño erabiltzea. Saiatu ziren.

Kale horrek Downtownen erdigunea zeharkatzen du, bihotzaren bihotza. Eta jendearen janzkeran nabaritzen da zentrotik gertuago ala urrunago zauden. Arloteak, gaixo mentalak, eskaleak eta mozkorrak nonahi daude, baina gorbatak eta takoidun zapata garestiak ugaritu egiten dira eraikin altuetara hurbildu ahala. Eta kontrakoa eman dezakeen arren, hiri hau ez da batere dorre zalea. Horrelako bat eraikitzeko proiektu baten berri dutenean, “Manhatanera eraman egizue hori!”, bota ohi dute askok.

South Grand Avenueko semaforoaren parean malabarismotan ari da emakume gazte bat. Dotore jantzita, jaka zuri eta minigona beltz batekin, sorbaldaren kontra masaila estuturik eskuko telefonoa mantentzen du, berbaldia eten gabe. Bitartean, zorroari eusteko eskumako belauna altxatua duela, ezkerreko eskuarekin zerbaiten bila dabil hor, begiak beste eskuan duen paperezko edalontzian iltzatuak dituela, kafea eror ez dakion.

Gorpuzkera polita du neskak. Agian hori pentsatu zuen aurreko astean, inguruko kale batean, 43 urteko emakume bat bortxatu zuen gizonak ere. Arazo larria du Downtownek gauez.

Gure malabaristaren gainetik, ziztu bizian, hegan igaro da harrapari bat, eta kale perpendikular batean desagertu da. Goseti, ehizakiarekiko begirune minimorik barik. Txoriaren artaziekin liluratuta bezala geratu da neskaren alboan dagoen zoro zapaztoa, “Jesucristo es la Salvación” dioen kartela lepotik eskegita daukala.