Ezkerralderako emergentzia plana nahi du EH Bilduk

“Alderdien eta norbanakoen interesen gainetik, Ezkerraldean emergentzia plana martxan jartzea premiazkoa eta urgentziazkoa” dela uste du EH Bilduk. Lana sortuko duten neurriak aldarrikatu dituzte; “beharginek ia galduak dituzten lan baldintza duinak ziurtatzeko neurriak eta arazo ekonomiko larriak dituzten milaka pertsonaren egoera hobetuko duten neurriak”.

Barakaldo, Sestao, Portugalete eta Santurtziko egoeraren berri emateko, zenbait datu plazaratu dituzte, Ezkerraldearen erradiografia aurkeztuz. “21.300 pertsona langabezian. 40.000 lagun kontratu ezegonkorrekin. 3.000 lagun saltoki handietan lanean, hilero 500 euro baino gutxiagoko soldatapean. 50.000 familia baino gehiago hil bukaerara iristeko zailtasunekin. Azken bi urteetan 2.000 saltoki eta enpresa txiki itxi dira”, adierazi du Ander Vizan koalizio independentistako kideak.

Eztabaida jardunaldia

Egoera horren aurrean, eskualdeari buruzko eztabaida sakona “beharrezkotzat” jo du. Helburu horrekin, bada, EH Bildu koalizioak dituen proposamenak zabaltzeko eta herritarren ekarpenak jasotzeko eztabaidarako jardunaldi batera deitu dute datorren martxoaren 12rako. Santurtziko Dorretxean egingo dute, 19:00etan. Parte hartzeko interesa dutenentzat, gainera, harremanetarako helbide elektroniko bat ere eman dute: emergentziaplanaezkerraldea@gmail.com.

Vizanek azaldu duenez, eztabaida prozesu horretatik ateratzen diren proposamen zehatzak Ezkerraldeko udaletara helaraztea da asmoa. Izan ere, gogora ekarri duenez, “azken hilabeteetan eskualdean norabide horretan” planteatu dituzten hainbat proposamenek “EAJ, PSE-EE eta PPren hertsitasunarekin” egin dute topo. Adibideak ipini ditu. Besteak beste, “zerga politika zuzenago batek” aurrera egiterik ez duela izan salatu du. Hiru alderdiek agertutako jarrerari leporatu dio erantzukizuna.”Zeintzuk dira herritarrentzako ondorioak? EAJ eta PSE-EEren arteko akordioa egongo da, zergen eta tasen igoera emanez, lau udalerrietako herritar eta familien egoera ekonomikoa kontuan izan gabe”. Era berean, etxerik ez dutenentzat eskualdean aterpetxe bat irekitzeko proposamenari ere ezetza eman diotela ekarri du gogora.