Euskalduna jauregian 10.593 ekitaldi egin dira 15 urtetan

Euskalduna jauregiak urteurren biribila bete du: 15 urte. Tarte horretan 10.593 ekitaldi egin dira. Horietatik 6.193, kongresuak izan dira, eta gainerakoak musika edo bestelako arte ikuskizunak. Urteotan 6,6 milioi bisitari jaso ditu. Oraintxe, 9,24 milioi euroko superabita dauka, diru laguntza publikorik jaso barik. Zenbaki horiek “harro” plazaratu dituzte Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatuak eta Jon Ortuzar jauregiaren zuzendariak.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako barne produktu gordinean 1.000 milioi eurotik gorako inpaktua eragin du Euskalduna jauregiak urteotan; eraikitzeko egindako jatorrizko inbertsioa baino 12,5 aldiz zenbateko handiagoa, hain zuzen. Izan ere, proiektua martxan jartzeko 13.500 milioi pezeta erabili zituzten.

15. urteurrena aprobetxatuta, jauregia bertatik bertara ezagutzeko aukera zabalduko dute etzi. Kultura azpiegitura osorik erakutsi gura diete bizkaitarrei: hasi agertoki nagusitik eta administrazio kontseiluaren gelara arte.

Horretarako, bisita gidatuak antolatu dituzte. Hamar minututik behin, 25 lagunek osatutako taldeek sartu ahalko dute barruko aldea ezagutzera. Ibilbide osoa egin gura ez dutenek, auditorium nagusia soilik ikusteko aukera ere izango dute. Inaugurazio ekitaldia egin zuten eguneko dokumental bat proiektatuko dute, eta 5.390 tutuk osatutako 30 tonako organoaren doinuak entzuteko aukera ere izango da.

Urte hauetan, gainera, hainbat sari jaso ditu Euskaldunak. Guztien gainetik Munduko Kongresu Zentro Onenari dagokiona dago. 2003an eman zion Kongresu Jauregien Nazioarteko Elkarteak.

Bide beretik, Ortuzarrek gogorara ekarri du jardunaldi eta emanaldiei dagokienez, “estatuko auditoriumen alorrean liderra” dela. Josune Ariztondok, bestalde, Euskalduna jauregia Bizkaiko eta Bilboko ekonomiaren “motorretako bat” dela azaldu du. Horrez gain, “kalitate eta bikaintasun mailei eusteko eta horiek hobetzeko” helburuekin jarraitzeko asmoa iragarri du. Izan ere, jende mordoa erakartzen du hiriburura. Hori horrela, jauregiak duen erreferentzialtasun hori “sendotu” gura dute.

Etorkizunera begira, baina, badago zer hobetu edo egokitu. Euskaldunako espazio txikienei bultzada emateko asmoa iragarri dute, jauregia era guztietako jardueretarako egokia dela iritzita. Hartara, tamaina txikiagoko ekitaldiek ere lekua izango lukete.