Piedadeko artea zenbat gizendu den neurtzeko eguna

San Valentin eguna modu soil bezain bitxian ospatu ohi dute Zeanuriko Eleizondo auzoan. Hain zuzen, Piedadearen ermita aurrean dagoen artea neurtzeari ekingo diote beste urte batez.

12:30ean egingo dute neurketa. Duela 55 urte ekin zioten lan horri eleizondotarrek. Duela sei urte berreskuratu zuten ohitura hori, garai batez bertan behera itxita egon ostean.

1958an landatu zuten artea, San Valentin egunez. Handik aurrera, santuaren egunean zein berau ospatu izan dutenean egin dituzte neurketak.

Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta arduratzen zen orduan neurketa egiteaz. 1999koak dira lehenengoz tradizio hori abiatu zuteneko azken neurketak.

Ostean, 2007an ekin zioten berriro. Gregorio Lejarretak egiten du lan hori; Zeferino Lejarretaren semeak, hain zuzen. Artea neurtu eta akta jaso ostean, barauskarria egingo dute, txistulari eta bertsolariek girotuta.

EGITARAUA

12:30ean. Piedadeko artearen neurketa. Ostean, datorren urteko maiordomoari agiri liburua eta ermitako giltzak emango dizkiote.

12:45ean. Barauskarria: urdaia, ardoa eta pamitxa jana.