Ugaon AP-68ko zaratak gutxitzeko lanak egin dituzte

AP-68 autobidea ondo-ondoan dutela-eta, Ugaoko bizilagunek ibilgailuek egiten duten zarata handia pairatu behar izan dute urteetan. Orain, zarata hori gutxitu egin da, horretarako propio errepide parean jarri dituzten panelei esker.

Hain zuzen, San Bartolome kalearen gainean dagoen zubian jarri dituzte pantaila akustikoak. Horrez gain, Leitoki eta eskolen aurrean ere beste era bateko pantaila batzuk ipini dituzte. Azkenik, zubian dilatazio juntura berriak jarri dituzte, ibilgailuak gainetik igarotzean egiten duten zarata arintze aldera.

Espainiako Diputatuen Kongresuko EAJren talde parlamentarioko kide guztiek herrira bisita egin zuten joan den ostiralean, obren emaitzak bertatik bertara ikusteko asmoz. Isabel Sanchez Robles EAJko bozeramaileak bisita horretan gogora ekarri zuenez, “bi urteren ostean eta behin eta berriz eskatuta” lortu dute “2003ko Zarataren Legeak jasotzen duena bete dadin”. Horregatik, “oso pozik” agertu zen.

Bestalde, herrian beste arazo bat konpontzeko dutela ekarri zuten gogora. Hain zuzen, Renferen geltokira iristeko bidea “ezin okerragoa” dela gogorarazi zuten. Arazo hori hainbat eta azkarren bideratzea espero dute.

Espaloi bat, Gorlizen

Bestetik, Gorlizko Udalak, Mungia Bidea kaleko segurtasuna hobetze aldera, 2,5 metroko zabalera izango duen espaloi bat eraikiko du. 400.000 eurotik gora inbertituko ditu auzo horretako urbanizazio proiektuan. Farolak jarriko dituzte, beharrezko hormak eraiki, eta espaloi eta galtzadetan zoladurak jarri.

Herritarrek urteetan eutsi diote Mungia Bideko segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko aldarrikapenari. Azken osoko bilkuran onartu du proiektua Gorlizko udalbatzak, EAJren eta Bilduren babesarekin. Talde Independentea, berriz, abstenitu egin da. Proiektua hogei egunez egongo da ikusgai. Ados ez dauden herritarrek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte.