Hilabete pasata, “normaltasuna” iritsi da Sodupeko Eretza eskolara

Sodupeko Eretza IPI ikastetxeko atean (Gueñes) ia hilabete batez izan den kartelak honako hau dio: Osasunarekin ez da jolasten. Normaltasuna da nagusi orain, baina, duela hilabete izandako gasolio isuri baten ondorioz, zalaparta nagusitu da asteotan. Egindako azterketek benzenoa aurkitu zuten airean. Eusko Jaurlaritzak osasunerako arriskurik ikusten ez bazuen ere, gurasoek ez zituzten seme-alabak ikastetxera eraman astebetez.

Urtarrilaren 2an hasi zen dena; usain txarrak nabaritu, eta Gueñesko Udalera deitu zuen ikastetxeak. Gas jario bat zegoelakoan hori aztertzen jardun baziren ere, ez zuten ezer aurkitu. Gabon oporren ostean, urtarrilaren 7an, bueltatu ziren haur eta gazteak eskolara. Bitartean, hoditeria garbitzen hasi zen udala, usain txarra bertatik etor zitekeelakoan. Baina ez zen hala izan; zortzi egunera, irakasle eta ikasleak buruko minak, begietako azkurak eta zama narriadurak sumatzen hasi ziren. Hori ikusita, urtarrilaren 16 eta 17 bitartean ikastetxea ixtea erabaki zuten. Eskolako hainbat gunetan airearen kalitatea neurtzeko ekintzak egin zituzten: kutsaduraren 170 eragile aztertu zituzten, baina ez zuten ezer aurkitu. Egindako ikerketetan ez zuten aurkitu “osasunerako kaltegarria izan daitekeen ezer”; hortaz, urtarrilaren 17an eskola irekitzea erabaki zuten.

Iturburua: gasolio isuria

Laster agertu zitzaien arazoaren iturria; urtarrilaren 24an: gasolio isuria zegoen ikastetxeko sukaldean. Irakasleek gurasoei hots egin zieten, haurren bila joateko. “Irakasleek deitu ziguten lanera, haurren bila joateko esanez. Esan ziguten baldintza horietan ezin zela eskolarik eman”, azaldu du Jabier Mentxaka guraso elkarteko kideak. Asteburu hartan, eskola guztia egurasteko leihoak zabalik utzi zituzten, dena normaltasunera buelta zedin.

Baina airean egindako azken azterketetan benzeno kopuru txikiak identifikatu zituzten. Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen ez zuela osasunean kalterik eragiten, oso maila txikia aurkitu zelako. Ikasleak eskolara joateko deia egin zuten. Baina gurasoak ez ziren iritzi berekoak: “Guraso batek bere seme-alabak dauden tokian benzenoa dagoela entzuten baldin badu, alarma pizten da. Guk ez dakigu ezer benzenoari buruz”, adierazi du Mentxakak. Erabaki zuten azalpenak eman arte eta azterketa zehatzak egin arte haurrak etxean edukiko zituztela. Petrolioaren osagaietako bat da benzenoa, eta askok diote minbizia eragin dezakeela.

Astebetez etxean izan dira Eretza eskolako ikasle gehienak, baina aste honetan normaltasuna bueltatu da. “Oraindik beldurra dago gurasoen artean; ez da hain arin kentzen. Haurren kontuak dira, eta zure seme-alabak direnean, oso gogorra da”, aitortu du Mentxakak. Udal ordezkariekin eta Eusko Jaurlaritzarekin hainbat bilera egin dituzte egoera konpontzeko. Baina horretaz kexu da Mentxaka: “Kudeaketa salatzen dugu guk; prozesu osoan ez digute batere informaziorik eman”. Gaineratu du gurasoek egindako mobilizazioen ondorioz eman dituztela erakundeek azalpen guztiak; ordura arte, mutu.

Behin eta berriz nabarmendu nahi izan du guraso elkarteko kideek informazio falta “ikaragarria” izan dutela. Eta eurak izan dira arazoaren aurrean mobilizatu diren bakarrak: “Gurasoak gara eskolaren egoeraren inguruan aurpegia ematen dugunak. Kasu honetan ere, guk bakarrik egin ditugu salaketak”. Aitortu du eskola publiko bat izanda estamentu guztiak mugitu beharko zirela.

ELA sindikatuak, berriz, exijitu du Hezkuntza Saila egiten ari den aire neurketaz gain kanpoko enpresaren batek ere egin dezala. Eta lanerako leku egoki bat izan arte eskolak emateko beste espazio batzuk irekitzeko eskatu die Gueñesko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari. CCOO sindikatuak salatu du erakundeek ikastetxeari zein eskola kontseiluari informazioa emateko izan duten gabezia. Horien ustez, administrazioa da “erantzule bakarra”. Hezkuntza Sailaren maila “eskasa” ere salatu du, erabakiak hartzeko berandu ibiltzeaz gain ez delako azalpenak emateko gai izan.

Arazoak aldez aurretik

Gasolioarekin izan duten arazo hau ez da eskolak izan duen bakarra. Duela zortzi urte hasi ziren eskola publikoaren inguruan kexatzen guraso elkartekoak. Izan ere, barrakoi batean dago kokatua, eta horrek kalte nabariak eragin ditu eraikinean. Mentxakak azaldu du hormetan arrakalak ateratzen direla. Hortaz, gasolioarekin gertatutakoa izan duten azken arazoa baino ez da izan. “Utzikeria ikaragarria dago eskolarekiko”.

Ikastetxean sortutako zalapartarekin bestelako neurriak hartu dituztela adierazi du Mentxakak: “Ikastetxeko teilatua konpondu eta institutua egiten hasiko direla esan digute. Kasualitatea da gasolioaren arazoak hedabideetan izandako zalapartaren ondoren guztia mugitzen hasi izana”.