“Emaitza onekin ilusio gabe egotea seinale bat izan da erabakia hartzeko”

Motibazio eta ilusio falta argudiatuta, ziklo-krosa uzteko erabakiaren berri eman du Egoitz Murgoitiok (Abadiño, 1983).

Duela bi urte, oraindik ziklo-krosean ibiltzeko urte batzuk bazenituela esan zenuen. Zer gertatu da orain motibazio falta hori izateko?

Ez da ezer jakinik gertatu. Denboraldia hasi zenetik nabaritzen nuen nire burua ez zegoela aurreko urteetan legez. Bidaietan ateratzea asko kostatu zait. Gogorra egin zait egunero entrenatzea eta sakrifizioak egitea ahalik eta mailarik onenean egoteko.

Denboraldia ondo hasi nuen, emaitza onak izan bainituen kanpoan; lehiaketa bat ere irabazi nuen Eslovakian. Emaitza horiek izanik, ilusio eta motibazio gabe egotea seinale bat izan da.

Beraz, azaroan erori baino lehen, jada hartuta zeneukan erabakia?

Bai, denboraldia hasi zenetik nahiko argi neukan azkena izango zela. Saihets hezurreko lesioak azkartu egin du erabakia. Entrenatu ezinik egon naiz, eta lasterketa garrantzitsuenak galdu ditut. Bi hilabetetik gora lehiatu gabe nengoela, erretiratzeko unerik onena zela iruditu zait.

Lehiaketak dituen alderdi batzuekin gustura ez zaudela esan izan duzu. Zeintzuk dira?

Azken urteetan, egutegi indartsua izan dugu: bertoko lasterketarik garrantzitsuenetan lehiatu gara, batetik, eta atzerrira bidaia asko egin ditugu, bestetik. Munduko Kopako lasterketa guztietan parte hartu dugu, baita nazioarteko lehiaketa askotan ere. Aurten, ilusio falta hori nabaritzen hasi naizen heinean, gehiago kostatu zait kanpora ateratzea gertukoak etxean utzita.

Taldea hankamotz geratu da orain.

Bai. Ni erretiratuta, haiek zer gertatuko zain geratzen dira orain. Egoera honetara iritsita, baina, norberak bere buruarentzat onena dela uste duena egin behar du. Espero dut haiek aurrera jarraitu ahal izatea. Haien babes osoa izan dut, gainera, eta hori eskertzekoa da.

Eta, orain, zer egingo duzu?

Ez dakit. Denbora gutxi igaro da erabakia hartu dudanetik. Hala ere, gauza normalak egin gura ditut; bizimodu normal bat egin, etxean denbora gehiago egon eta bizikletarekin loturarik izango ez duen lan normal bat aurkitu.