Elkartzearen indarra, agerian

Orain arte alderdien mapa nahiko zabala zen, baina datozen urteetan are gehiago zabalduko da. Horren adibide da hainbat herri eta auzotan sorturiko herritar plataformek emandako aurrerapausoa. Izan ere, koalizio bateratu bat sortu dute Bizkaian eta Araban datorren urteko foru hauteskundeetara aurkezteko asmoz. Aurrerantzean, Ikune izeneko alderdia izango da beren bilgunea.

Ez da ezerezetik sortutako proiektua. Ikunek hamar bat herritar plataforma bildu ditu dagoeneko, eta horien artean izango dira urte luzez zenbait udal gobernatzen dihardutenak. Esaterako, azken udal hauteskundeetan boto gehien bildu zuten Etxebarriko, Abadiñoko eta Plentziako herritarren zerrendak, Bizkaian, eta Zanbranako herritarren zerrendak, Araban. Orain Ikune sortzeaz arduratu dira. Erabakitzeko eskumena geroz eta murriztuago ikusten dutela eta, jauzi kualitatibo zein kuantitatiboa ematea erabaki dute denen artean. Alvaro Barrios laudioarra izendatu dute koordinatzaile, eta hark azaldu du alderdi koalizio berriaren gako nagusia: “Ikune eta beste alderdi politiko guztien arteko ezberdintasun nagusia herritarren partaidetzan datza. Guk ez daukagu inolako programa ideologikorik; horren ordez, herritarrei galdetzen diegu zein den beraiek nahi duten programa. Ordezkariak lortuz gero, jendearen erabakien alde bozkatzera konprometituko gara”.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 80 udalerrik daukate talde independenteetako ordezkaritza. 353 zinegotzi dituzte guztira, eta 39 herritan lortu dute alkatetza. Kasurik aipagarrienetarikoa Etxebarrikoa (Bizkaia) izan daiteke, hogei urte luze igaro baitira boterera heldu zirenetik.

9.000 biztanle dituen herria da Etxebarri. Lehenengoz hauteskundeak irabazi zituztenetik alkate makilari eusten diote. Azkenengo hauteskundeetan, 2011n, bozen %64,24 lortu zituzten. Alde horretatik, herri bakoitzeko errealitatea oso ezberdina dela nabarmendu du Ikunek, eta herritar elkarte horiek hainbat arrazoirengatik sortu direla. Etxebarrin, adibidez, herriko zenbait lekutan gertatzen ari zen utzikeriaren aurka borrokatzeko sortu zen La Voz del Pueblo herritarren zerrenda.

Indarrak batuz lana errazago egin daitekeela jakitun dira Ikunen. Makineria martxan jarri dute dagoeneko: “Bi hilabetean, Ikunen batzen garen taldeak bikoiztu egin gara, eta, hori gutxi balitz, talde independenteak ez dauden hainbat herritan talde berriak sortu dira. Hurbiltzen ari zaizkigun pertsonen jarioa ere etengabekoa da, eta esponentzialki hazten doa”, nabarmendu du Barriosek. Badakite herri handiagoetara zabaltzea lan zaila izango dela, baina hasi dira dinamika berriak lantzen. Badirudi fruituak ematen hasi direla.

Azaroan eman zuten izena alderdi politikoen erregistroan. Ordutik, herritarren babesa jaso duten heinean, “beste alderdi politikoen mesfidantza jasan” behar izan dute. Hala adierazi du, behintzat, Barriosek. Izan ere, beste alderdietako hainbatek maila pertsonalean laguntasuna helarazi dieten arren, alderdietako egituretatik ez zaie horrelakorik iritsi. “Nahiz eta batzeko jaio garen, badakigu Bizkaiko Batzar Nagusietara edo Arabako Biltzar Nagusietara sartuko bagina hainbat urdurituko liratekeela”.

Ikune esperantotik eratorritako hitza da. Nahita egin dute gainera. Hasierako i hori erdarazko Iniciativa hitzetik dator, eta kune hitzak elkarrekin esan nahi du esperantoan. Izan ere, hizkuntzak batzeko asmatu zen esperantoa. “Herritarren artean sustatu nahi dugun batasun hori alderdiaren izenetik has dadin gura dugu”.

Hainbat alderdi ordezkatuko dituen programa osatzeko asmoz, prozesu berritzailea jarri dute martxan. Aniztasunari aurre egiteko, hiru oinarri finkatuko dituzte. Alde batetik, Glokalizazio deituriko kontzeptua sortu dute. Partaidetza behetik gora izatea ziurtatuko du horrek, eta erabakiak hartzeko orduan herri taldeei independentzia ematea. Beste alde batetik, herritarren partaidetzak, “edo herritarrengandik hurbil izateak”, independenteek praktikan jarritako filosofiarekin jarraitzea bermatuko du. Azkenik, hirugarren oinarria giza eskubideen bermea izango da, alderdian parte hartzen duen edonork errespetatu beharko duena.

Nahiz eta euren atarian kritiko agertzen diren gaur egungo politikak hartutako bidearekin, ez dute beren burua iraultzailetzat hartzen. Haratago doaz. “Alderdi politiko bat baino gehiago, demokrazia filosofia berri bat sustatu nahi dugu, edo, hobeto esanda, antzinako filosofia demokratikoa”. Hala ere, jakitun dira egoera jakinetan euren jarrera politikoak agertu beharko dituztela, eta partaideen arteko ideologia aniztasunak lan hori erruz zailduko diela. Hala ere, Barrios baikor agertu da, eta uste du parte hartzearekiko apustua guztien iritziak batzeko gai izango dela.

Datorren urteko hauteskundeak erabakigarriak izango dira Ikuneren etorkizunerako. Lan gogorra izango dute aurrerantzean, baina koalizioak sortzeko prest agertu dira. Alde horretatik, Equo, PACMA edota PUM+J alderdiekin kontaktuan jarri direla azaldu du. Politika geroz eta lokalagoa izango den galdetuta, Ikuneko koordinatzaileak ez du ideia guztiz baztertu: “Herritarrei gehien eragiten dieten arazoak herrietan bertan gertatzen direnak izaten dira”.

Abian da Ikune; abian dira herri plataformak. Zer lortzeko gai diren 2015eko foru hauteskundeek argituko dute.