EH Bilduk dio atea itxi diotela Ezkerralde osorako aterpetxe bat jartzeko asmoari

EH Bilduk salatu du eskualdeko udalek ateak itxi dizkiotela Ezkerralde osorako aterpetxe iraunkorra martxan jartzeko koalizioak egindako proposamenari. Hain zuzen, Santurtzi, Portugalete, Sestao eta Barakaldoko udalen arteko akordioa proposatzen zuten, “egoera ekonomikoa dela-eta” herriek, bakarka, proiektu horri eusteko izan ditzaketen “zailtasunen” jakitun zirelako.

Bizkai osoan mila lagunetik gora “kale gorrian” bizi direla ekarri dute gogora. Hala ere, adierazi dutenez, “Portugalete, Sestao eta Barakaldoko EAJk eta PSE-EEk, PPren babesarekin, uko egin diote eztabaidari”.

Santurtziko Udalari dagokionez, egindako planteamendua “pauso positibotzat” jo arren, ez dela nahikoa uste dute. Bertako udalak hitzarmen bat adostu du Caritas eta Goiztiri erakundeekin batera. Hiru neurri aurreikusi ditu akordioak. Batetik, Ezkerraldean ostatu bat martxan jarri gura dute. Ostatu horretan, hezkuntzarako laguntza zerbitzua eta arreta psiko-sozialerakoa ere jarri nahi dituzte.

Bigarren neurriari dagokionez, elkarte biek inguru hartan daukaten eguneko zentroa egunez eta gauez zabaltzeko konpromisoa adostu dute. Azkenik, udaleko etxebizitza bat jarriko dute etxerik ez dutenen esku. “Zubi-lana egiteko etxe bat” izango dela azaldu du Ricardo Ituarte alkateak. 40.000 euro aurreikusi dituzte neurri horiek gauzatzeko. EAJ, PSE eta PPren babesarekin onartu dute egitasmoa; Bildu abstenitu egin da.

Hogei lagunentzako lekua besterik ez duela izango kritikatzeaz gain, “ardurei uko egitea” leporatu dio koalizioak udalari. “Pertsona guztiei bizi-baldintza duina bermatzea erakunde publikoen ardura delako”, eta ardura hori “Goiztiri eta Caritasen esku” utzi duelako.

Gainerako udaletako egoera

Sestaon, bestalde, udalak mozio bat onartu du esku hartze integral batetik abiatuta beharrezko lanak egiteko pertsonen gizarteratzea bermatuko duten zuzeneko eta zeharkako zerbitzuak emateko. Ezkerraldean mankomunitatearen aterpetxe bat zabaltzeko Bilduk egindako proposamenaren alternatiba gisa aurkeztu zuen EAJk, eta PSE-EEren eta PPren babesa izan zuen. Koalizio independentistak salatu du “egoeraren diagnosia egiteko konpromisoa baino ez” dutela hartu.

Portugaleteri dagokionez, EH Bilduren mozioa eztabaidatu baino lehen “hainbat azterketa tekniko” egin behar dituztela argudiatuta, mozioaren eztabaida atzeratu egin dutela kritikatu dute. Barakaldon, azkenik, mozioa ezin izan zela bozkatu salatu du koalizioak, alkateari eginiko erregu modura aurkeztu behar izan zutelako.