Bai, nor da?

Nire inguruko lagun eta ezagun guztiek sakelako telefonoa dute. XXI. mende hasiera honetan, pertsona gutxi ezagutzen dut sakelako telefonorik gabe. Badaude, noski: gure amak eta aitak, esaterako, ez dute horren beharrik izan oraindik. Haientzat telefonoa errekaduak emateko da, eta etxera deitzearekin nahikoa zaie. Etxean ez bazaude, erraza da; ez zaude, eta kito. Baina, egun, telefonoa ez da bakarrik deiak jasotzeko. Smartphone edo telefono adimentsuak ditugu, ehunka aplikaziorekin: jolasak, metroko bidaia aspergarriak arintzeko, eta argazkiak koloreztatzeko programak. Itsasora hurbildu, eta olatu erraldoiak ahalik eta lasterren eta ikusgarrien zintzilikatu nahi ditugu sare sozialetan, gu ere bertan izan ginela erakusteko. Watxap-ean, lagun kuadrillan amaigabeko elkarrizketak ditugu. Elkarri begiratzen diogu zein telefono dugun ikusteko, azken modeloak dakartzan abantailen inbidiaz. Gure burmuina zoratu egiten da aldamenean ditugun telefonoen soinuekin, SMS, mezu elektroniko, teklatu, abisu eta abarrekoak entzutean.

Duela hamar egun, sakelako telefonoa apurtu, eta konpontzera eraman behar izan nuen. Hamar egunez sakelakorik gabe egongo nintzelako apustua egin nuen. Lehenengo egunean, lasaitasuna izan zen nagusi; hura bai bakea. Baina, bigarren egunetik aurrera, nire gorputzean izerdia, antsietatea eta ezinegona sentitzen hasi nintzen. Zer dela-eta nengoen hain urduri, ezin loak hartuta? Laster batean konturatu nintzen sakelako telefonorik ez edukitzeak eragiten zidan ezinegona. Gehiegizko erabilerak adikzioa sortzen duela dudarik ez dago. Noiz bilakatzen da, ordea, ohitura adikzio? Elkarte batera joan beharko dut nire kasua kontatzera, medikuarengana…? Droga gehiegi hartu nuen? Inkomunikatuta sentitu nintzen; ezin lagunekin geratu, eta etengabeko kontsulta memeloak ez egiteak amorrua sortzen zidan. Eta samin handiena izan nuen hori guztia sakelakorik ez edukitzeak sortzen zidala konturatzean. Konfirma nezakeen susmorik eta txarrena zen: ezin sakelako telefonorik gabe bizi. Gaitza onartuta, aspaldiko telefono tekladun zaharrean sartu nuen txartela, eta baretu zen nire antsietatea. Baina gutxi iraun zuen bakeak, laster konturatu bainintzen telefono horretan bakarrik deiak jaso ahal nituela. Baina noiz sortu da menpekotasuna? Duela hogei bat urte, Londresen ikusi genituen lehenengo gazteak kalean sakelako telefonoekin, eta barre egiten genuen; pentsaezina egiten zitzaigun sakelakoarekin horrela ibiliko ginenik. Iritsi ziren, eta sortu genuen mendekotasuna.