“Itsasgarri bakoitza berezia da: denek dute istorio bat atzean”

Markina-Xemeingo Uhagon kulturguneko kafetegiko hormak itsasgarri, txapa eta orratzez beteta daude egunotan. 400 itsasgarri ezberdin eta ehundik gora txapa ikus daitezke. Ez dira asko. Boni Elkoro markinarraren bildumako erakusgai bat besterik ez dira.

Zenbat itsasgarri, txapa eta orratz dituzu jadanik?

35.000 itsasgarri eta 1.200 bat txapa eta orratz bildu ditut momentuz, baina badira gehiago dituztenak ere. 50.000 itsasgarri dituen bat ezagutzen dut.

Noiz hasi zinen bilduma egiten?

1976an hasi nintzen itsasgarriak batzen, orratzena berriagoa da.

Zelan hasi zinen?

Itsasgarrien bilduma egiten zuen ondarrutar bat ezagutu nuen eta hark Bilboko lagun bati deitu zion, hark beste bat aurkeztu zidan, eta horrela apurka-apurka jendea ezagutu eta bilduma osatzen hasi nintzen itsasgarriak trukatuz eta lortuz.

Zure lehenengo bilduma zen?

Aurretik azukre koxkorren bilduma egiten nuen, baina hezetasunagaz hondatu egiten dira. Gero jakin nuen, kanpoko papera gordetzen dela bakarrik, barruko azukre barik.

Zelan egiten duzu itsasgarriak lortzeko?

Kaletik ikusten dudan bateren batek itsasgarria badarama galdetu egiten diot non lortu duen edo badaukan besteren bat. Asmoa atzeko paper eta guzti lortzea da, baina batzuetan hormakoak ere hartu behar izan ditut. Ezin bada besterik aurkitu horrek ere balio du.

Nora joaten zara bilatzera?

Alderdi politikoen kanpainak badira, euren egoitzetara joaten naiz eskatzera. Bestela herrietako jaietara joaten naiz eta txosna, herriko taberna edo elkarteetan galdetzen dut. Otsailaren 3an, esate baterako, San Blas azoka ospatuko da Abadiñon eta bertara joango naiz txosnetan itsasgarri edo orratzik daukaten ikustera. Beti lortzen dira bi edo hiru. Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñeko jaiak oso onak dira itsasgarriak lortzeko. Txosnetan eta elkarteen postuetan nahikoa egoten dira. Iaz, Bilboko jaietan hogei itsasgarri ezberdin baino gehiago lortu nituen.

Zelako itsasgarriak dituzu?

Era eta tamaina guztietakoak: emakumeenak, presoenak, ekologiari lotutakoak, politikoak, sindikalak, gazteenak, irrati libreetakoak, komunikabide alternatiboak, gaztetxeak… Eredua berdina izan daiteke baina hizkuntza ezberdinetan egon daitezke, edo kolore ezberdina eduki; modelo guztiak biltzen ditut, bai eta akats txikiak dituztenak ere.

Bitxikeriarik badaukazu?

Itsasgarri bakoitza berezia da, itsasgarriak dituen ezaugarriengatik edo lortzeko egindako lanagatik. Denek dute istorio bat atzean. Esate baterako, Kukutza gaztetxea itxi zutenean hainbat itsasgarri lortu nituen beste gaztetxe batzuetakoak Kukutzari bere babesa emanez eta itxieraren kontra; momentu berezi bat irudikatzen dute. Ondarroako Alleriko paduraren kasua salatzeko itsasgarriak ere egon dira.

Horrenbeste itsasgarri, non gordetzen dituzu?

Gaika sailkatu eta albumetan gordetzen ditut nire logelan.

Erraza izaten da itsasgarriak aurkitzea?

Lehen baino itsasgarri gutxiago ateratzen dira lehen baino erakunde gutxiago dagoelako, baina, ateratzen dira batzuk. Greba batean, esate baterako, hamabost bat itsasgarri ezberdin lor ditzakezu, baina, mugitu egin behar zara. Maiatzaren Lehena ere, egun ona izaten da itsasgarriak lortzeko, sindikatu guztiek ateratzen dute bateren bat.

Jendea prest egoten da bere itsasgarriak emateko?

Inork ez du jartzen aitzakiarik; beti egoten dira prest laguntzeko. Aldean dutena ere emateko prest egoten dira asko. Hala ere, batzuk lortzea oso zaila izaten da.

Zergatik?

Non edo non gordeta dituztelako atera barik. Esate baterako, EH-Bilduren itsasgarri luze bat ikusi nuen horma batean itsatsita eta galdezka ibili naizen arren inork ez daki ezer. Bakarra lortu dut.

Zein da itsasgarriak lortzeko zure sekretua?

Mugitzea eta kontaktuak edukitzea. Bilduma egiten horrenbeste denbora daramadanez, jadanik elkarteetako arduradunak ezagutzen ditut eta haiengana jotzen dut. Zenbat eta jende gehiago ezagutu, hobeto, leku guztietara ezin zara joan-eta.

Atzerriko itsasgarriak ere biltzen dituzu?

Ez, Euskal Herrikoak eta Espainiako Estatukoak ditut. Atzerrikoak ezberdinak dira.

Beste bildumazale batzuekin harremanik badaukazu?

Itsasgarrien bildumak egiten dituzten lagun askorekin ditut harremanak; elkarri laguntzen diogu. Esate baterako, Lekeitiora joaten banaiz eta itsasgarriren bat ikusten badut bost edo sei hartzen ditut beste lagunekin trukatzeko. Mungian urtean behin bildumen jardunaldi bat egoten da eta bertara ere joaten gara. Han ere trukaketak egiteko aukera egoten da. Era guztietako bildumak egoten dira: zerbeza botilen bildumak, ontziak, argazki makinak, josteko makinak… Polita da, bitxikeria asko egoten dira.

Zuek ere postua jartzen duzue Mungian?

Bai. Alde bi egoten dira, bata komertzialagoa, bildumak egiteko gauzak saltzen direna, eta bestea trukaketak egiten direna. Azken horretan jartzen ditugu gure itsasgarri eta txapak.

Beste non edo non batzen zarete?

Euskadi mailan, itsasgarrien bildumak egiten ditugunok urtero-urtero gaztetxe batean biltzen gara eta itsasgarriak trukatzen ditugu, batzuetan orratzak ere bai. Inoiz Herrialde Katalanetako lagun bat eta asturiar bat ere etorri dira bilerara. Hamalau bat batzen gara.

Non batuko zarete aurten?

Iaz Laudion egon ginen eta aurten Villabonako gaztetxean [Gipuzkoa] batuko gara urrian, eta erakusketa bat ere jarriko dugu.

Urtean behingo saio horretaz gain, batzen zarete gehiagotan?

Deitu egiten gara eta ekitaldiren batera edo herriren batera joateko geratzen gara.

Eta Euskal Herritik kanpo?

Monzon [Huesca, Espainia] hirira ere joaten gara. Urtean behin bildumen erakusketa bat antolatzen dute. Asturiasen ere topaketak egiten dituzte, eta asteburu osoa pasatzen dugu bertan. Cangas de Onis herritik sei kilometrotara dagoen hotel batean egiten da. Itsasgarriak trukatzeko aukera paregabea da Galizia eta Herrialde Katalanetako jendea joaten da-eta. Iaz Huelvako [Andaluzia, Espainia] emakume bat ere egon zen. Euskal Herrian ez da bildumazaleen topaketa askorik egiten, baina Katalunian bai. Poltsikoko egutegiak eta liburu markagailuak biltzen dituen jende asko dago, itsasgarriak biltzen ditugunok gutxiengoa gara.