Ez nau minbiziak mututuko

Ez dut inoiz egin asmoen zerrendarik urte berriaren bueltan. Ez zait inoiz bururatu. Baina asteartean, idatzitako artikulu baten ondorioz, barrutik sortu zitzaidan beharra. Berandu samar da urte berriko asmo gisa hartzeko; horregatik, betiko helburu legez hartu dut. Irmo diot: ez nau minbiziak mututuko.

Antzerkigile bat elkarrizketatu nuen astelehenean, haren azken lanaren harira. Antzezlanak AEBetako ospitaleetan mediku asegururik ez dutenen injustiziak agertzen ditu, eta, autoreak esanda, bizipen pertsonal batek bultzatuta hasi zuen proiektua. Bularreko minbizia izan zuen hark, eta, zorionez, gainditu egin zuen. Baina gorriak ikusi zituen Kaliforniako ospitale eta aseguru etxeekin.

Bada, horrela hasi nuen artikulua: “Gaixotasun grabe bati aurre egin behar zion garaian, mediku asegurua ukatu ziotela jakin zuenean, animikoki birrinduta geratu zen Crissy Jameson [izena ez da benetakoa]”. Bularreko minbizia izan zuela aitortu zidan hark, baina ez nuen ikusi zehaztasunetan sartzeko beharrik. Etxerako bidean, gero, mandeulia hasi zitzaidan belarri atzean zirika: benetan ez nuen ikusi zehaztasunetan sartzeko beharrik, ala deseroso sentiarazten ninduen minbiziak?

Demagun, minbizia izan beharrean, orkatila bihurritu izan zuela Crissyk. Hankan arazo bat izan zuela esango nuke, ala orkatila okertu zitzaiola? Galderak ez du erantzunik behar.

Egia da oso gai pribatua dela, eta, ezer argitaratu aurretik, dagokionari galdetu beharreko kontua dela. Baina nago ez nintzela pribatutasunaren izenean isildu. Zerbaitek tapatzen dit ahoa “minbizia” esateko orduan, eta atzamarrak endredatzen zaizkit berba idatzi behar dudanean.

Zergatik errealitatea ezkutatu? Zergatik gaixotasuna ostendu? Minbizia ez dugunok saihestu ohi dugu gaia, gaixo gajoen intimitatea errespetatzearren. Eta hori da tabuak sortzeko lehen urratsa: isiltasunaren araua. Eta tabuek ezjakintasuna dakarte, eta horrek, topikoak eta beldurrak. Eta naturaltasun falta. Eta gaitza eta gaixoak ezkutatzea, alfonbra azpian uzten den hautsa bezala.

Hitzematen dut hurrengoan, gaia saihestu beharrean, berriro deituko dudala elkarrizketatua eta, naturaltasunez eta errespetuz, zelan idaztea nahi duen galdetuko diodala. Eta espero dut etorkizun hurbilean paparrean lazo arrosarik eraman behar ez izatea, eguneroko hitzek arrosa kolorean ehunduko dituztelako elkarrizketak. Naturaltasunez. Horrela irabaziko diogu borroka minbiziari, denon artean.