Arratian “plan estrategiko orokor bat beharrezkoa” dela dio EH Bilduk

“Alarma guztiak piztuta daude Arratian, eskualde honen etorkizuna kinka larrian dago”. Alarma mezu hori zabaldu du EH Bildu koalizioak eskualdearen egoerari buruzko analisia eginez. Horren aurrean, erakundeei ezer ez egitea egotzi diete. “Arazoari aurrea hartu beharrean, egoera okertzen denean, berandu denean, irtenbide partzialak bilatzera mugatzen dira”, salatu dute.

Hori horrela, “Arratiako egoeraren irakurketa errealetik abiatu eta eskualde honen iraupena bermatuko duen plan estrategiko orokor bat” bultzatu behar dela adierazi dute EH Bilduk Arratiako udaletan dituen hainbat hautetsik.

Horretarako, “guztion esku hartzea beharrezkoa” izango dela adierazi dute, “tamalez, Arratiaren iraupena” ez dagoelako soilik arratiarren esku. Beraz, ezinbestekotzat jo dute “lehenbailehen neurriak hartzea”. Instituzio, eragile politiko, sindikal, sozial eta herritarren inplikazioa bilatuko dutela adierazi dute koalizioko ordezkariek, “egoera aztertu eta Arratiako etorkizuna bermatuko duen plana guztion artean adostu eta osatzeko”.

Gainera, bide hori egin ahal izateko zenbait eginbehar finkatu dituzte daborduko. Batetik, datozen asteetan eskualdeko eragile politiko, sindikal eta sozialekin harremanetan jarriko direla azaldu dute. Egoerari buruzko hausnarketa egin eta “irtenbideak adostea” da batzarron xedea.

Horrez gain, datorren eguenerako —otsailaren 6a— solasaldi bat antolatu dute “egoera sozio-ekonomikoa ulertzeko gakoak” azaltzeko. 19:30ean egingo dute, Lemoako erretiratuen etxean.

Azkenik, hilaren 15ean, zapatuz, martxa bat egingo dute, Bedia eta Igorre artean. “Egoeraren larritasuna irudikatu eta irtenbidea guztien artean” bilatu behar dutela aldarrikatzea izango da protesta ekintza horren helburua. 11:00etan emango diote hasiera martxari.

Arratiaren analisia

Abiatuko duten dinamikaren berri emateaz gain, eskualdeak bizi duen egoera ere deskribatu gura izan du koalizioak. Langabeziak Arratian eragindako “benetako arazoa” ekarri zuten gogora: “1.000 pertsona baino gehiago daude lanik barik”. Azken lau urteotan %20 egin du gora kopuru horrek.

Enpresa txiki eta ertainek eskualdeko ekonomian izan duten “pisu oso handia” gogora ekarri ostean, “isilpeko desindustrializazio prozesu bat” gertatzen ari dela salatu dute. Ostalaritzako negozioek eta denda txikiek ahal duten moduan irauten dutela azaldu dute. Nekazaritzari dagokionez, azkenik, “jarduera subsidiarioa” bihurtzen ari dela agertu dute, “lehen sektorea bultzatzeko politika errealen faltan”.

Bestalde, oinarrizko gizarte zerbitzuak apurka desagerrarazten ari direla esan dute, “instituzioei eskubide horiek bermatzeko ardura kenduz eta pribatizazioari ateak zabalduz”. Enplegu suntsiketa “larria” dela ohartarazi dute. Lan baldintzen prekarizazioa aipatu ostean, aurki egoera are gehiago okertuko dela iragarri dute. Bilakaera hori “krisialdiaren aitzakiaz inposatutako politika ekonomikoen zein erreformen emaitza” dela azpimarratu du EH Bildu koalizioak.