Foken arriskuaz ohartarazi dute

Hondartzetan fokak azaltzea ezohiko irudia bada ere, azkenaldian itsasoko denboraleek hainbatetan ekarri dituzte. Espezie horretako gero eta animalia gehiago iristen dira Bizkaiko kostaldera. Adituek, dena den, animalia maitagarrien irudia baztertu, eta ohartarazi dute oso arriskutsuak izan daitezkeela beren burua mehatxatuta ikusiz gero.

Ambar Itsas Faunaren Ikerketa eta Babeserako Elkarteak eman du abisua. Izan ere, azken egunetan hainbat foka agertu dira hondartzetan. Animalia horien hortzeria “otso batenaren parekoa” dela azaldu dute. Aginkada batek “urradura latzak” eta infekzioak eragin ditzakeela diote.

Fokak kostaldeko lekuren batean agertzen direnean, jakin-minez haiengana gerturatzen diren pertsonak izaten dituzte inguruan. Ambarrekoek uste dute batzuetan jendea “gehiegi” gerturatzen dela animalia horiengana, animaliok basatiak direla kontuan hartu gabe.

Hartu beharreko neurriak

Arazoak saihesteko, fokak agertzen diren eremua hesitzeko gomendioa egin dute adituek. Bestalde, animaliak atseden hartu ahal izan dezan hainbat neurri hartzeko eskatu dute. Era berean, beren burua inguratuta sentitu dutelako eraso egin ez dezaten lagunduko dute. Besteak beste, eskatu dute fokarekiko gutxienez hamar metroko distantzia gordetzeko. Ez da animalia inguratu behar, eta itsasorako bidea libre utzi behar zaio, uretara itzuli nahi izango balu horretarako aukera izan dezan. Zaratarik ere ez da egin behar, eta inguruan daudenek ez dute ozen hitz egin behar. Azkenik, haurrak eta txakurrak une oro kontrolpean izateko gomendioa egin dute.

Azken hamabost urteetan ezagutzen zen itsas-txakur kopururik handiena azaldu da egunotan kostaldean. Euskal Herrian, bost agertu dira astebetean.