Ekialdetik hariari tiraka

Erakusketa

Bilbo

Haritik. Ekialdeko txotxongiloak erakusketa bisitatzeko aukera dago Ondare erakusketa aretoan, Bilboko Maria Diaz de Haro kalean. Panpina horiek manipulatzeko era eta estilo desberdinak ezagutzeko modua izango dute bisitariek, hilaren 16ra arte.

Zazpi herrialdetako txotxongiloak jarri dituzte ikusgai erakusketan: Sri Lanka, India, Indonesia, Birmania, Txina, Japon eta Vietnamen antzerki eredu hori zelan lantzen duten ezagut daiteke.

Horretarako, 130 txotxongilok osatutako lagina eraman dute Ondare aretora. Denak ala denak Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentrokoak dira.

Bertan, txotxongiloak manipulatzeko Asian erabiltzen dituzten sei teknika nagusiak daude ikusgai: hain zuzen, itzalak, haria, eskularrua, ura, hagatxoa eta bunraku izeneko teknikak ezagut daitezke. Teknika horietako batzuetan maisuak dira ekialdeko zenbait herrialde. Indian eta Txinan, esaterako, munduko beste edozein txokotan lortu ez duten teknika aberastasuna eskuratu dute.

Bertaratzen diren heldu zein gaztetxoek aukera izango dute teknika desberdin horiei dagozkien hainbat adibide bertatik bertara ezagutzeko. Izan ere, besteak beste, itzal pantaila baten barruan dauden itzal txinatarrak ikus daitezke erakusketan.

Horrez gain, 1960ko hamarkadako hagaxka txotxongilo txinatarrak ere erakusgai daude, baita XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako hari txotxongiloak ere. Horrez gain, Taiwan eta Txinako eskularru txotxongiloak ekarri dituzte.

Abenduaz geroztik dago zabalik erakusketa. Astelehenetik domekara bisita daiteke. Astelehenetik barikura, 10:00etatik 13:00era dago zabalik, goizez. Arratsaldez, bestalde, 17:00etatik 21:00etara bitartean irekiko ditu ateak. Zapatuetan, goizeko ordutegian besterik ezin da bisitatu: 10:00etan irekiko dute, eta 14:00etan itxi.

TXOTXONGILOAK

Zer. Munduko txotxongilo eta teknika ezberdinen inguruko erakusketa.

Non. Bilboko Ondare aretoan, urtarrilaren 16ra bitartean.