“Baliteke euskaldunak Kolon baino lehenago iritsi izana Amerikara”

Itsasoan hamabi urte egin ostean, “bizitza osoa itsasoari lotuta” egin duela aitortu du Sabino Lauzirikak (Plentzia, 1948). Merkataritza ontzietako kapitaina izan zen urte haietan. “Geroago, lurrean geratu naiz itsasontziekin lotutako alorretan lanean”, azaldu du: “Ontziak konpondu eta margotzeko beharretan ibili naiz estatuko iparralde osoan, ikuskatzaile gisa”. Santurtziko Zamakona ontzioletan ere kapitain moduan ibili zen zazpi urtetan. “Nire bokazio profesionala ase nuen, beraz”.

Oraintsu hil den Nelson Mandela iritsi orduko Hego Afrikako apartheid-aren lekuko izan zen gaur egun Leioan bizi den Lauzirika, itsasoan zebilela. “Arrantza faktoria ontzietan nenbilen garai hartan, Hego Afrikan. Alanbre hesiz inguratutako herrixketan bizi ziren beltzak. Etxeratzeko agindua zegoen gauetan. Beltzentzako eta zurientzako autobusak zeuden. Oso ondo ezagutu nuen errealitate hura”, gogoratu du.

Venezuela, Europa iparraldea, Ingalaterra, Eskozia, Libia, Tripoli, Beirut eta Mediterraneo osoan ibili zen. Petroliontziak, arrantza faktoria ontziak eta merkataritza ontziak ezagutu ditu.

Itsasoko bizimodua, berez, ez dela “hain gogorra” iruditzen zaio. “Urruntasunari”, ordea, ezin izan zion aurre egin. “Horrek bultzatu ninduen hura uztera. Izan ere, zaila da familia bat izan eta kanpoan egotea”. Garai hartako “bizi-baldintzak oso gogorrak” zirela ekarri du gogora. “11 hilabetera arte egiten genituen itsasoan, eta bakar bat etxean. Halako lana eta familia izatea guztiz bateraezinak dira. Gogorrena horixe da”. Urruntasun horrek bultzatu zuen, beraz, lurrean gelditzera. “Bizimodu hark ez zuen inongo zentzurik. Diruaren truke egiten duzunean, gainera, are zentzu gutxiago dauka”, iritzi dio.

Harremana Ternuarekin

Lan horiez guztiez gain, ikerketarako grina ere badauka. Ternuako Placentia (Kanada) eta Bizkaiko Plentzia herrien arteko harremanari buruzko ikerketa egin du, besteak beste. “Hara iritsitako arrantzale bizkaitarrek jarri zioten izen hori, gure Plentziarekin antz handia zuelako”, adierazi du. “Kanadako ikerlariek eta hango entziklopediak ere hala diote: ‘euren Placentia dela-eta eman zioten izen hori, gaur egun Plentzia deritzon Euskal Herriko portuaren omenez, hain zuzen'”. Gogora ekarri duenez, “Placentia Ternuako hiriburua izan zen 1662 eta 1713 artean”.

Bi herriak senidetzeko prozesua ere bultzatu zuen. “2011. urtean, Unai Basurkok gure bandera eraman zuen Pakea Bizkaia belaontzian, eta eurei eman zien bertakoa jasotzeko. Gaur egun, bandera biak daude hango eta bertoko udaletxeetan”, azaldu du.

Ikerketa gehiagoren inguruko interesa ere badu, ordea, Lauzirikak. Guztietan itsasoa du presente beti, edo itsasoa tarteko dagoela bilatu ditu gaiak. Pena handiz kontatzen du sinesgaitza iruditzen zaiola gaur egun zeinen gutxi ezagutzen diren Euskal Herriko arrantzaleek Ternuara, arrantzatzera, egiten zituzten bidaiak.

“1524 aldera hasi ziren balea arrantzaleak Ternuara joaten. Lehenagoko daturik ez daukagu, behintzat”, hasi du kontakizuna. “2.000 eta 3.000 euskal arrantzale artean joaten ziren, bertoko portuetatik ateratzen ziren 30 ontzitan”. Arrantzale gehienak gipuzkoarrak eta Iparraldekoak zirela esan du. “Euskal herritarrek ez dute hori baino itsasoko balentria kolektibo gogoangarriagorik. 30 belaontzi urtero ateratzea zerbait gogoangarria da”.

Bestalde, Red Bay (Kanada) gizateriaren ondare izendatu zuten joan den ekainean, euskal arrantzaleek han utzitako aztarna dela-eta. “Kanadako nazioaren hasiera izan zen hura”, Lauzirikaren arabera. San Juan ontziaren hondarrak daude han, eta 140 arrantzaleren gorpuzkiak aurkitu zituzten bertan ehortzita. “Harriak zeuden hilobien gainean. Arkeologoak ikertzen hasi zirenean aurkitu zituzten 140 eskeletoak”. Haiek aztertuta ateratako ondorioen arabera, arrantzaleok “gaixotasunen batek jota hil ziren, ez istripuren batean”. Hilobi komun bakar bat aurkitu zuten; “beraz, uste dute kasu horretan balearen batek txaluparen bat suntsituko zuela”. Arrantzaleok zeramatzaten arropak “liho eta artilez egindakoak” zirela ebatzi zuten. Bildotsen larruak zeramatzaten, gainera. Maniki batzuk prestatu, eta Red Bayn jarri dituzte ezaugarri horiekin. “Baleak harrapatzeko zentro nagusia izan zen hura”, ondorioztatu du.

Bestalde, Lauzirikak Kanadako agintariekin dituen harremanei esker, XVI. mendean arrantzaleek Ternuara eramandako teilen lagin bat erakusgai jarriko dute Plentziako Plasentia de Butron museoan. “Baleak hartzera zihoazenean, enborrez eta teilaz etxola antzekoak egiten zituzten. Behean labeak zeuden; harriz egindako biribilak ziren. Eta, gainean, kobrezko lapikoak jartzen zituzten”.

Bitxia iruditu zaio Sebastian Caboto kartografoaren pasadizoa ere. “1544. urtean Ipar Atlantikoaren mapa osoa irudikatu zuen. Genevakoa izan arren, Ingalaterran bizitakoa zen; beraz, ingelesez idazten zuen”. Mapan Ternua kokatzean, ordea, Bakailaoen Lurra jarri zuen; gazteleraz idatzita zegoen: Tierra de los bacalaos. “Horrek esan nahi du euskal arrantzaleak aurkituko zituela bertan eta, hura zer zen galdetuta, bakailaoa zela esango ziotela”.

Lauzirikak ez daki euskal herritarrak Kristobal Kolon baino lehenago iritsi ote ziren Amerikara. “Hala ere, jakina da Cabotok 1497an egin zuela espedizioa aitarekin Ternuara. Ez dakigu euskal arrantzaleak noiztik egongo ziren han. Baliteke Kolon baino lehenago izatea. Hori baieztatzeko daturik ez daukagun arren, oso posible da hala izatea”.