Arnasa hartu du itsasadarrak

Ez zen ibaia, estolda nabigagarri bat zen”. Hala adierazi du Ibon Areso Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko presidente eta Bilboko alkateordeak. 1970eko hamarkadaz ari da. Argi utzi nahi izan du itsasadarra ez dela partzuergoaren jabetza. Industria eta etxebizitzetako ur zikinak Ibaizabalera ez isurtzea bermatzeko ardura da haiena. “Ez besterik”, azpimarratu du. Lortu dela aitortu du, nahiz eta egoera beti hobetu litekeen. “Itsasadarrak ez zuen oxigenorik, eta ez zegoen ez animaliarik ezta landarerik ere”. Egun 50 espezie baino gehiago daudela dio; “hori asko da ibai batentzat”.

Baldintza bereziak ditu Ibaizabalek. Abratik La Peñara arte gazitasun maila ezberdinak izatearen ondorio sortzen da bizitza ugaritasun hori, Aresoren arabera. Partzuergoak 1970eko hamarkada bukaeran Bilboko itsasadarraren ur zikinen plana martxan jarri zeneko emaitzen balorazio oso ona egin du: “Ingurumen obra gisa, EAEn egindako garrantzitsuena da”. 900 milioi euro jarri dituzte osotara eraberritze plana aurrera eramateko.

Hogeita hamar urteko lanen ondorioz, bestelako itxura du itsasadarrak. Sestaon dagoen Galindoko araztegiaren eraikuntza izan zen plan horren harribitxietako bat. 1990ean eraiki zuten. Bizkaitarrek sortutako ur zikinen %80 inguru jasotzen du araztegiak. “Lehen zuzenean itsasadarrera zihoan kutsadura guztia hara bideratzen da”, dio Aresok. Urtean, 85.000 tona inguru. “Baina hobetzeko gauzak ere badaude”. Izan ere, eurite handietan, sistemak topea jotzen du, eta “arintzeko” ibaira botatzen dute hondakin uraren kantitate bat. “Hori ekiditeko sistema bat eraiki nahi dugu orain”, azaldu du Aresok. Baina itsasadarreko urak “askoz garbiago” dauden arren, hondakin guztiak ez dira desagertzen. 1970eko hamarkada bitartean Ibaizabalera botatako metalengatik galdetzean, horietako batzuek itsasadarrean jarraitzen dutela aitortu du: “Horiek ateraz gero, gehiago kutsatuko litzateke bertan utzita baino; hori diote adituek, behintzat”.

Atzera begira

Bilboko itsasadarra asko aldatu da; ibaia, eta inguruan duen paisaia. Biak aldatu dira batera, funtzio sozioekonomiko zein kulturalen arabera. Hasierako Bilbo zena ibaiaren inguruko historiari oso lotuta dago. Industriari eta merkataritzari erabat lotuta hazi izan da hiria. Erdi Aroan berebiziko garrantzia izan zuen portuak, Europarako ate nagusia baitzen.

XIX. mendean erabateko garapena lortu zuen. Baina aberastasun ekonomikoak ondorio ekologikoak ekarri zituen berarekin batera. Industrialdeek sortutako kutsadura gehienek helmuga berbera zuten: Ibaizabalen urak. Industriek eragindako zaborrak ez ezik, industrializazioak eragindako populazioaren gorakadak ere hondamena ekarri zion ibaiari. Herritarrek ere uretara bota izan dute luzaroan zaborra.

Itsasadarrari esker garatu da Bilbo, baina hiriak ez du hura zaintzen asmatu. Labe garaiek kalte handia ekarri zioten itsasadarrari, mea aktibitateak uraren azidotasunean duen eragina izugarria baita. Egoera larriena 1980ko hamarkadan ezagutu zuen. Oxigenorik gabe geratu zen, bertako bizitza arnasa hartu ezinik utzi arte. Eta, horren ondorioz, erabat hil eta desagertu zen flora eta fauna osoa. Izan ere, oxigeno kontzentrazioak %20koa izan behar du, gutxienez, bizia egon dadin.

Orduko argazkiei erreparatuz gero, uraren koloreak salatzen du nolako egoera larrian zegoen itsasadarra. Egoera hain izan zen jasanezina, ur garbiketa planak abiatu behar izan zituzten. Oraindik ere horien uzta jasotzen ari da Bilboko ura. Begi kolpe batean, nabarmen hobetu da haren egoera. Atzean utzi du kolore horixka. Inguruetan kokatuta zeuden fabrikak ere desagertu egin dira. Lehen industria ingurua gaur egun turismo gune edo eraikin modernoz jositako eremua da. Ura ez ezik, inguru guztia aldatu da egoera sozioekonomiko guztia aldatu ahala. Eta, egun, kirolerako eta astialdirako gune ere bada.

Garbigailuaren zikintasuna

Itsasadarra eraberritzeko planean, Galindoko araztegia izan da protagonista nagusietako bat. Baina uren araztegia hainbat kritikaren jomugan dago egun. Isurtzen duen karbono dioxido eta metano kopuruak oso handiak dira. Uretara artsenikoa, fosforoa, kromoa, kobrea, merkurioa, nikela, zinka eta bestelako substantzia batzuk isurtzen ditu. Hortaz, ur hondakinak arazteko instalazioa kutsatzailea da.

Aurten Galindoko araztegian hirugarren eraikina martxan ipiniko dutela iragarri du Aresok. Haren zeregin nagusia orain arte airera botatzen zen usain txarra gutxitzea izango da.