Iaz baino baliabide gutxiago baina arrakasta handiagoa izan du Durangoko Azokak

135.000 bisitari —iaz baino 20.000 gehiago—, 238 stand —hamabost gutxiago—, eta 122 parte hartzaile —bost gutxiago—. Zenbaki horiek utzi ditu aurten Durangoko Azokak. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka zena Durangoko Azoka bihurtu da, eta dagoeneko 48. edizioa bete du urteroko kultur topaketak.

Marka horretara iristeko bidea ez zuen erraza izan. Hain zuzen, Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak azaldu duenez, “zaila izan da aurrekontua %10 murriztu beharra”. 60.000 euro gutxiago izan dituzte aurten. Erakunde publikoetatik jasotako diru laguntzek sufritu dute halako beherakada.

Hala ere, “zailtasunak zailtasun, herritarren babesa” dutelako lortu dutela dio. Mujikaren esanetan, “jendeak inoiz baino hobeto erantzun du”. Durangora ez direla soilik erakusmahaiak ikustera joan esan du, gainera. “Gehiago eskatzen dute”. Bisitariak “aktibo” joan zirela dio.

Landako guneko mugak ere gainditu ditu aurten azokak. Durango osora zabaltzeko hautua egin dute, Azoka Hiria izeneko egitasmoarekin: San Agustin kulturguneraino zabaldu dute, bidean Zugaza zinema aretotik igarota.

Eskozia eta Douglass

Aurten Eskozia izan da herrialde gonbidatua. Bestalde, William A. Douglass antropologo amerikarrak jaso zuen Argizaiola saria, euskal diasporari buruz egindako ikerketak direla eta.