Edukiontzi marroia hedatzen ari da Bizkaian

Landareetan jatorria duten hondakinak, animalietan dutenak —haragia, arrautzak eta horien oskolak, arraina, gazta, maskoten ileak…—, ogia, kafe hondarrak zein kortxozko tapoiak. Besteak beste, halakoak bota daitezke edukiontzi marroira, hondakin organikoak biltzen dituen edukiontzira. 2016an Bizkaian sortzen diren hondakin organikoen %4 konpost bihurtzea da asmoa. Iaz, Bizkaiak 5. edukiontziaren aldeko apustua egin zuen. Eta aurten eskualdez eskualde zabaltzen hasi dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak proba bat egin gura izan zuten, eta Deustua aukeratu zuten horretarako. Esperientziak utzitako emaitzarekin pozik, herrialde osora zabaltzea erabaki zen. Oraingoz, izena eman duten familiak ari dira erabiltzen.

Enkarterrira udaberrian iritsi zen. Maiatzean jarri zituzten edukiontziok Artzentales, Galdames, Gueñes, Gordexola, Karrantza, Lanestosa, Sopuerta, Turtzioz eta Zallan. Barakaldo eta Zierbenara, berriz, geroago iritsi da. Proba saio bat egin gura dute, bosgarren edukiontziak dituen emaitzak ikusi eta erabakiak hartzeko. 10.000 familiaren parte hartzea aurreikusi dute esperientzia horretarako. 50 edukiontzi jarriko dira Urban-Galindo eta San Bizenteko dorreen artean, Barakaldon, eta Abantoko Gallarta barrutian.

Dena den, Arratia izan da eskualdeko herri guzti-guztietan edukiontzi hori jarri duen lehenen mankomunitatea. Bi hilabeteko epean, 1.500 familiak baino gehiagok egin zuten bat egitasmoarekin. 10 litroko edukiera duen ontzia, 150 poltsa biodegradagarri eta edukiontziak zabaltzeko giltza bana banatu zuten sendi horien artean. Lehen hilabetean 11.000 kilo hondakin organiko jaso zituzten.

Durangaldean, oraingoz, Zornotzan eta Ermuan daukate edukiontzi marroia. Hona Zornotzako bilketa datuak: 300 familiak 500 kilo zabor organiko birziklatu zituen astebetean. Urri bukaeran ezarri zuten bosgarren edukiontzia Larrea landa auzoan eta ondoko zenbait kaletan. Arrakasta ikusita, beste auzo batzuetara ere hedatzen hasi dira proiektua. Ermuan, haratago joan dira eta edukiontzi hori erabiltzen duten familiak saritze aldera, zabor zergan %10eko murrizketa ezarriko dietela iragarri dute.

Basaurin Pozokoetxen ekin diote birziklatze metodo hori erabiltzeari. Urtebeteren buruan emaitzen ebaluazioa egingo dute, proiektua zabaltzen duten erabakitzeko. Horrez gain, 49 etxe eta baserritan autokonposta egiteko programa abiatu dute. Uribe Kostan herri guztietan ipiniko du mankomunitateak. Oraingoz, Berangon eta Urdulizen hasi dira. Urdulizen, hamar edukiontzi jarri dituzte.

Lekeition, txipa

Lekeition, pertsonalizatutako txartel elektroniko baten bidez zabalduko diren edukiontziak jarriko dituzte 2014an. Hondakin organikoz betetako plastikozko poltsa kodetuak jaurti ahal izango dituzte erabiltzaileek barrura, edukiontzion erabilera aztertu eta jarraipena egin ahal izateko. Birziklatze tasa gaur egungo %29tik %70era handitzea dute helburu. Ondarroan, atez ateko bilketaren sistema aztertzeko prozesua abiatu dute, herrian bideragarria izan litekeen ebazteko. Zaborren kudeaketa herritarrekin zehaztu nahi du udalak. Ostegunean batzarra egingo dute Kofradia Zaharrean, 19:00etan.