Bilbaoren makulu biak

“Datorren urtean abian jarriko den zerga erreforma sakona onartu da”, iragarri zuen Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza ahaldunak joan den abenduaren 5ean, Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernika-Lumon egindako osoko bilkura bukatutakoan. “Itun ekonomikoa berreskuratu zenetik erreformarik garrantzitsuena” dela esan zuen, gainera. Aldaketa horiekin, Bizkaiko Ogasunak 153 milioi gehiago bilduko ditu.

EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoa jaso zuen foru gobernuak egindako lege proposamenak, autonomia erkidego osorako adostutako itunaren itzalpean. Bilduko batzarkideek, aldiz, aurka bozkatu zuten, ez zelako onartu taldeak aurkeztutako zuzenketa bat bera ere. “Erreforma herrena” dela zioten. “Kapitalaren hirukoa” deitu zuten, gainera, jeltzale, sozialista eta PPkoek osatu dutena.

PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergak tasa berriak izango ditu errentarik handienentzat: 92.310, 123.070 eta 179.460 eurotik gorako errentek %46, %47 eta %49 kotizatuko dute, hurrenez hurren. Orain arte, gehienez, %45 ordaintzen zen.

Aurrezkiarentzat ere tarifa berriak onartu dira. Lehenengo 2.500 euroetatik hasita, %20ko tasa izango dute; 30.000 eurotik gorako aurrezkiek, berriz, %25ekoa. Sozietateen zergak dedukzio berriak izango ditu mikroenpresentzat, ordaindu beharko duten tasa gehienez %19 edo %20 izateko; gehienez, hamar behargin eta bi milioi euro baino gutxiagoko jarduera bolumena dute enpresa horiek. Oinordetza eta dohaintzetan %1,5eko tasa onetsi zen, ezkontide, izatezko bikote eta lerro zuzeneko aurreko eta ondorengo ahaideentzat.

Aurrekontu bat, bi akordio

Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkurak gaur onartuko du 2014rako aurrekontua. Izan ere, 22 batzarkide jeltzaleen babesa izango du. Bilduk dituen 12 ordezkariek aurka bozkatuko dute, baina, jeltzaleek PSE-EE eta PPrekin lortutako akordio banari esker, bi alderdiok abstentziora joko dute; bederatzi eta zortzi batzarkide dituzte, hurrenez hurren.

Osotara, foru aldundiko zortzi sailek 1.082 milioi euro izango dituzte, urte berrian inbertitzeko. Sozialista eta jeltzaleek duela bi aste hitzartu zituzten 4,6 milioi euroren zuzenketak. Besteak beste, hauek adostu zituzten: Barakaldoko Interfábricas izeneko errepiderako milioi bat jartzea, Gurutzetako ospitalean eguneko zentroa martxan jartzea eta Down sindromedunen elkarteari diru laguntza ematea. Joan den astean, milioi bat euro pasatxoko aldaketa egin zion PPk EAJren proiektuari: 900.000 euro, A-8 eta A-68 autobideen ohiko erabiltzaileak laguntzeko; 100.000, zeliakoen elkarterako, eta 50.000, gazteentzako garraio txartela sortzeko.

Gobernu hitzarmena sinatzeko behar barik, urtarriletik aurrera lasai asko gobernatzeko ezinbesteko bi makulu lortu ditu Jose Luis Bilbaok.